AHT-ri alternatibak daudela berretsi eta manifestazioa deitu dute maiatzerako
Espainiar Gobernuko Sustapen Ministroa Gasteizen zela aprobetxatuta, AHT-rik Ez Araba Plataformak trenaren lurperatzea eta Abiadura Handiko Trena gai ezberdinak direla aldarrikatu du, tren sozialaren aldeko apustuan berretsiz. Maiatzaren 18rako manifestazioa deitu dute Gasteizen.
Espainiar Gobernuko Sustapen Ministroa José Luis Ábalos Gasteizen egon da urtarrilaren 17an, ostegunean, Gorka Urtaran Gasteizko alkatearekin eta Eusko Jaurlaritzako arduradunekin bilduta. Mahaiaren gainean, gai konkretu bat: Gasteizko trenaren lurperatzea (gutxienez 680 milioi euroko gastua izango duena) eta Abiadura Handiko Trena bere osotasunean.
AHT-rik Ez Araba Plataformak, bitartean, protesta egin du Olagibel Kaleko Gobernu Ordezkaritzan. Bertan argi utzi nahi izan dute trenaren lurperatzea eta Abiadura Handiko Trena gai ezberdinak direla: “Ez dugu nahi lurraldearen suntsiketa milionarioa egitea aitzaki horrekin”. Elkarretaratzean ohartarazi dutenez, “inpaktu sozial, kultural eta ekonomikoa oso handia izango litzateke”. Eta ohar guzti hauek Abalos berari pertsonalki aurkezteko aukera izan dute AHT-rik Ez Araba Plataformako kideek.
Eta, berriz ere, alternatiba bat proposatu nahi izan dute dozenaka lagunek: ez daude trenaren aurka, proiektu konkretu honen kontra baizik. Beraz, tren sozialaren aldeko apostua beharrezkoa ikusten dute. “Tren publiko eta soziala behar dugu, lurraldea bateratzen duena, hiriburuez gain, herriak, eskualdeak eta industrialdeak lotuko dituena.
Horren alde borrokan jarraitzeko determinazioarekin, datozen aste eta hilabeteetarako ekimen ezberdinak antolatu dituzte. Guztien artean, bat nabarmendu dute: maiatzaren 18an manifestazio “erraldoia” Gasteizen.
Datozen asteetan ekimen ezberdinak burutuko dituzte:
- Otsailaren 27an Aulas de la tercera edad hitzaldia.
- Martxoaren 23an mendi martxa Zaldiaran mendira.
- Martxoaren 28an Desobedientzia tailerra Errekaleorren. Julio Villanuevak emango du.
- Apirilaren 10ean politikarien inguruko mahaingurua Gasteizko Kanpusean (EHU).
- Maiatzaren 8an hitzaldia Aldabe Gizarte-etxean.
- Maiatzaren 18an manifestazioa Gasteizen.
Hala ere, urtarrilaren 17ko kontzentrazioa ez da lehenengo mobilizazioa izan. Orain dela urtebete, 2018ko otsailaren 27an, antzeko protesta bat egin zuten leku berdinean. Orduan, Espainiako Gobernu Ordezkaritzan 7.000 sinadura baino gehiago aurkeztu zituzten Lautadatik AHT pasatzea nahi duen proiektuaren aurka.
Izan ere, Nafarroako korridorearen eta ‘Euskal Y’-ren arteko lotura Lautadan zehar egiteko aukera zabaldu da, eta Lautadako herritarrak horren aurka antolatzen hasi ziren orain dela urtebete. Kalte ekologiko eta gizarte aldetikoak eragingo lituzke AHT-ren lerro berriak, eta tren soziala aldarrikatzen dute, alternatiba gisa.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!