LAB sindikatuak salatu du Michelinek eszedentziatik itzuli nahi duten langileak kalera bultzatzen dituela
Enplegua suntsitzeko politika berri bat aplikatzen ari dela ohartarazi du sindikatuak, langileei lanpostua gordetzeko eskubidea ukatuz eta esperientziadun langileak lekuz aldatuz azken momentuan.
LAB sindikatuak gogor salatu du Michelinek, enplegua suntsitzeko politika berri bat aplikatuz, eszedentzia egoeran eta lanpostua gordeta duten langileen itzulera sistematikoki ukatzen ari dela. Sindikatuak azaldu duenez, langileek aurreabisua hiru hilabete lehenago ematen badute ere, enpresak azken unera arte isilik jarraitzen du, langileak ziurgabetasun egoeran utziz eta segurtasun falta larria sortuz.
Sindikatuak kasu adierazgarri bat ere mahaigaineratu du, zeinetan 40 urteko esperientzia duen langile batek, ama alarguna zaintzeko eszedentzia hartu ondoren, Aranda de Duerora, etxetik 200 kilometrotara, lekualdatua izateko erabakia jaso duen lau eguneko epean. “Zer errespetu mota da hau langileen eskubideekin?”, galdegin du LABek, Michelinek gizabanakoak “zenbaki huts gisa” tratatzen dituela gaineratuz.
Langileen itzulerari uko egiteaz gain, LABek Michelinek azkenaldian aplikatzen ari den zigortze politika basatia ere salatu du. Sindikatuak azaldu duenez, azken sei hilabeteetan aurreko urteetako baino zigorrak eta kaleratze gehiago izan dira, zenbait langilek auzitara jo beharrean aurkitu dutelarik. “Multinazionalak, irudi eredugarria erakutsi nahi duen arren, aberastasuna sortzen duten pertsonak erabiltzeko eta botatzeko objektu gisa tratatzen ditu”, ondorioztatu du LABek.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!