Genero indarkeriaren inguruan hausnarketa egiteko gonbita luzatu dute Mugarik Gabe-k eta Hortzmuga antzerki taldeak, Gasteizen paratuko duten ‘Memoria Eraikiz’ erakusketa eta ikuskizunaren bitartez.

Alea.eus bidez

Andre Maria Zuriaren plazan izango da asteburuan ‘Memoria Eraikiz’ erakusketa. /Aiaraldea

Indarkeria matxistaren inguruko hausnarketa plazara aterako du hurrengo egunetan Memoria Eraikiz ekimenak, Mugarik Gabe elkartea eta Hortzmuga antzerki taldearen eskutik. Hainbat emakumeren kontakizunen bidez, indarkeriak euren bizitzan izandako eragina ezagutzera eman eta horri nola aurre egin dioten azalduko dute. Amurrion aurkeztu ostean, asteburu honetan Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan entzun ahal izango dira lekukotasun horiek. 

“Emakumeen ahotsak berreskuratzeko apustu bat da, ez dugulako nahi ahots horiek historiako bazterrean utzita jarraitzea, gure memorian gorde nahi ditugu, memoria kolektibo bat berreraiki eta berriz gerta ez dadila oihu egin”, azaldu dute ekinaldiaren aurkezpenean. 

Hortzmuga taldeak prestatutako ikuskizunaren bitartez, “zentzumenen esperientzia berezi bat” bizitza egiteko gonbita egiten dute. Jakintza alor anitzetako instalazio artistiko baten laguntzarekin, hainbat errealitate ezagutzeko proposamena egiten dute. “Gure helburua jendarteak ahots hauek entzutea, eurenganako elkartasuna adieraztea eta indarkeria matxisten aurrean duen erantzukizuna ulertzea da”.

Esperientzia ugari 

Memoria Eraikiz egitasmoak Asfalto arteko loreak izeneko ikerketan jasotako bizitza-istorioak batzen ditu. “Indarkeria matxisten kausak eta eragina biziraun duten biktimen bizitzetan”, du goiburu, eta, besteak beste, Euskal Herria, El Salvador, Kolonbia, Guatemala eta Espainiako 28 emakumeren lekukotasunak ikus daitezke. “Testingantzak entzuteak indarkeria matxisten laztasunera gerturatzea dakar, eta euren bizitzan izandako inpaktua ikustera; emakumeen gorputzen kontra talka egiten duten askotariko indarkeriak” .

Erakusketarekin, gainera, emakume horiek jarri dituzten estrategiak ezagutu daitezke. “Emakume aktibo nola bihurtzen diren ezagutuko dugu; bai beraien historia gainditzeko, bai eta sorreratik indarkeriazkoa den sistema heteropatriarkalean arrakalak sortzeko emakume aktibo nola bihurtzen diren”.


Albiste hau aiaraldea.eus-ek argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu Hala Bedirara. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies