Eusko Jaurlaritzaren txosten juridiko baten arabera, Gasteizen Euroligako Final Fourra antolatzeko hitzarmena ez da legezkoa hainbat puntutan. Aurretik, Gasteizko Udaleko zerbitzu juridikoek ere antzeko zerbait adierazi zuten.

Argia.eus bidez

Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Belgradeko alkatea, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Bingen Zupiria Jaurlaritzako sailburua Final Fourra Gasteizen egingo dela iragartzen (argazkia: Irekia)

Ser irrati kateak argitaratu duenez, bi txosten juridiko zeuzkan Jaurlaritzak Euroligarekin hitzartutakoaren lege-hausteak aipatuz, baita hirugarren dokumentu bat ere, aurreko bien osagarri.

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak Euroligarekin sinatutako hitzarmenaren punturik polemikoena marko legalarekin lotuta dago, Suitzakoa ezartzen baitu erreferentzia gisa Espainiako Estatukoa beharrean. Eta hori, Jaurlaritzako teknikarien arabera, legearen kontrakoa da.

Horrek eragin zuzena du hitzarmena sinatu dutenen artean gatazkaren bat sortuko balitz eragingo lukeen egoeran: euskal erakundeek Luganon dagoen nazioarteko epaitegi batera jo beharko lukete.

Prisa taldeko irratiaren arabera, iazko azaroan ezagutu zen Gasteizko Udalaren txosten juridikoan aipatzen diren problemen antzekoak aurkitu dituzte Jaurlaritzako legelariek ere.

Marko legala ez da Jaurlaritzaren txostenetan agertzen den lege-hauste bakarra. Erakunde publikoek finalaren antolaketarako lau milioi euro gastatuko dituztela dio hitzarmenak, baina ekitaldiaren aurrekontu osoa zenbatekoa den ez da zehazten, legeak hori egitera behartzen duen arren.

Horrez gain, Euroligak eta erakundeek adostutakoa beteko ez balute izango liratekeen ondorioak ere ez daude argi hitzarmenean: ez dira zehazten alde bakoitzaren ardura-kuotak, ezta ordainketak berandu eginez gero aplikatuko liratekeen gain-ordainketak –Euroligak %3 gehiago kobratuko luke instituzioen atzerapen baten kasuan–.

Eta badira beste hutsune batzuk ere, hala nola, hitzarmena betetzen den zaintzeko jarraipen-batzorderik ez aurreikustea edo ekitaldiaren segurtasuna noren ardura den argi ez zehaztea.


Albiste hau aiaraldea.eus-ek argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu Hala Bedirara. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies