AHT-ren aurkako plataforma ezberdinak Europako Parlamenturaino joan dira tren sozialaren aldeko apostua egiteko eta Abiadura Handiko Trenak eragiten dituen kalteak salatzeko. Espainiako Gobernuak, Nafarroakoak eta Eusko Jaurlaritzak ildo berean ezarri nahi dituzten proiektuen kalteak Europako Garraio Komisiora eramatea lortu dute. Bilkuran zehar, erantzunik gabe geratu dira behin baino gehiagotan komisioko kideak.

AHT-ren aurkako plataformak Bruselan

AHT-rik Ez Lautada, AHT-rik Ez Sakana, AHT-rik Ez Arabako Haranak eta AHT-rik Ez Gasteiz plataformako 15 kide baino gehiago Bruselara joan dira otsailaren 6an, eta bertan egongo dira beste egun batez. Modu bateratuan, AHT-k eragiten dituen kalteak azaldu eta alternatibak daudela jakinarazi nahi izan diete europarlamentari ezberdinei. Besteak beste, Asparrenako eta Donemiliagako alkate Txelo Auzmendi eta David Lopez de Arbina daude Arabatik eta Nafarroatik abiatutako ordezkaritzan.

Europako Parlamentuko GUE-NGL ezkerreko taldeekin egin dute lehen bilera Abiadura Handiko Trenaren proiektuaren aurkakoek. Euskal Herrian Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ezarri nahi dituzten proiektuak azaldu dituzte: Iruñea-Gasteiz, Gasteiz-Miranda…

Plataforma ezberdinen izenean, Iñigo Lezak hartu du hitza eta aski ezagunak diren proiektuak zeintzuk diren azaltzeaz gain, “legalizatutako ustelkeria” dagoela azaldu du bozeramaileak: “Europako Kontu Auzitegiak adierazi duenez, Europar Batasuneko 14 trenbideetatik 9 ez dira errentagarriak“. 

Horretaz gain, AHTren obretan prekarietatearen ondorioz hildako langileak izan dituzte gogoan: gutxienez 10 langile hil dira Euskal Y-koa eraikitzen. “Atzerritarrak dira asko, prekarizatutako lanpostuetan“, salatu du Lezak.

Besteak beste, tren hauek energiaz elikatuko dituzten zentral termiko ete elektrikoak ere izan ditu hizpide: “Euskal Herrian ez da Europako gainontzeko herrietan bezala gertatzen: zentral hauek mendietan egon ohi dira. Kalteek gora egingo lukete AHTa martxan jartzen bada”. 

“Zailtasun handiak ditugu datuak lortzeko”

David Hoyos, GUE-NGL taldeari egindako aurkezpenean

Harekin batera, David Hoyos Análisis Transdisciplinar del Modelo Ferroviario de Alta Velocidad txostena egin duen EHU-ko irakaslea egon da. “Ikuspegi sozial, ekologiko eta ekonomiko batetik trena justifikatuta dago?” galderari erantzun dio irakasleak. “Abiadura Handiko Trenak ez du interes orokorrik”, erantzun dio bere buruari. Hala ere, ez da lan erraza izan: “Ikertzaileok zailtasun handiak ditugu Eusko Jaurlaritzatik, Nafarroako Gobernutik edo Espainiako Gobernutik datuak lortzeko”. 

Arratsaldean berdina leporatu die irakasleak Gorka Bueno kidearekin batera: “Gardentasuna beharrezkoa da. Ezin diguzue esan ADIF-en datuak konfidentzialak direnik”. 

Salatu dutenez, “planteatzen diren alternatibei ez zaie kabidarik ematen” eta, irakaslearen esanetan, hauek kabida izan dezakete AHT-ren aurkako plataformek planteatzen duten tren sozialaren baitan.

Lehenengo aurkezpen honek, ezkerreko alderdien (En Marea, Podemos, Bildu…) ikusmina sortu du eta haiekin egon dira ere koalizio berdean dauden beste hainbat alderdi. Besteak beste, eskualdeka eta herrialdeka nola antolatzen diren jakin nahi izan dute, aldaketa klimatikoaren inguruko hausnarketa elkarbanatzearekin batera.

Europako Garraio Komisioa, hitzik gabe

Europako Garraio Komisioarekin bilera

Lehenengo egun honetako puntu nagusia arratsaldean iritsi da: Bruselaraino hurbildu diren kide guztiak Europako Garraio Komisioarekin bildu dira. Goizean alderdi politikoei azaldu dietena berriz errepikatzeaz gain, hainbat galdera helarazi dizkiete komisioko kideei.

Galdetu eta erantzun. Berriz galdetu eta berriz erantzun. Baina, askotan, erantzunik gabeko galderak izan dira EHU-ko irakasleek Garraio Batzordeari egin dizkiotenak. Kasu batzuetan, “guk ez dugu eskumenik Espainiako Gobernuaren irregulartasunak salatzeko” erantzuna jaso dute tentsio puntuak izan duten galdetegietan.

Bilera erdian, sorpresa bat eman diete plataformakoei: AHT eraikitzeko diru-laguntzak murriztuko dizkio Europak Espainiari, “obretako atzerapenak direla eta”. Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzaren bertsioa gezurtatu dute: “Teorian, Euskal Y-koan soilik bidaiariak joango dira”, esan dute Kontseiluko kideek, merkantzien garraioa baztertuz merkantzien garraioa baztertuz.

Europako Kontu Auzitegiak AHT-ren eta abiadura handiko trenen inguruan argitaratutako informeaz galdetuta (Leza bozeramaileak goizean aipatu duena), “ez dugu zuek bezala ulertu” izan da Garraio Batzordeko kideen erantzuna. Horri erantzuteko, informe honen 99.puntua jarri dute mahaiaren gainean plataformetako kideek. Bertan, gaur egungo korridoreak hobetzea lehenesten dute, trenbide berriak egin beharrean.

Erantzunik gabe gelditu den beste galdera bat Hoyosek planteatu du: “Abiadura handiak tren-sistema salbatuko du edo kontrakoa izango da?“. 

Ostegunean, gehiago

Eguna amaitzeko, argazki masiboa eta deialdi berezi bat gogoratu nahi izan dute Europako Parlamentutik: maiatzaren 18an manifestazioa egingo dute Gasteizen, hauteskunde-kanpainaren eta Final Fourraren kontestuan.  Horren aurretik, otsailaren 16an eta martxoaren 30ean Altsasun ere mobilizatuko dira.

Ostegun honetan, berriz alderdi politiko ezberdinekin bilduko dira plataformetako kideak, banan-banan. Goizean-goiz, ordea, prentsaurrekoa eskainiko dute Parlamentuan bertan.

 

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies