Dirudienez gaur, atzo bezala, autobusak errealitatearen mikrokosmosak izaten jarraitzen dute. 1955ean, arraza-segregazioak autobusetan zurientzako eta beltzentzako espazioak marra batez ezberdintzen zituen garaiko Alabaman, gizon zuri bati bere eserlekua lagatzeari uko egin zion Rosa Parks-ek.

Argia.eus bidez | Amaia Lekunberri

Argazkia: Stan Wayman

Gasteizko autobus batean, astegun buruzurian eta egun argiz, eraso arrazista bat. Tolestu gabeko patinete baten aitzakian, autobus gidaria jatorri atzerritarreko emakume bati oldartu zitzaion. Txoferrak ez ezik, hainbat bidaiarik ere hitzez eraso egin zioten: “Hona zatozte eta dena kentzen diguzue” edo “emakumea zarelako, bestela egurtuko zintuzkedan” bezalako esaldietatik hasi, eta “militarra naiz, hogei urte daramatzat zu bezalako jendea akabatzen” gisakoetaraino. Azken esaldiak, emakumearen alaba ukitu bitartean esanak, emakumea negarrez aterarazi zuen autobusetik, ez heriotza mehatxurik jaso gabe.

Ez da denboran atzera gehiegi egin behar antzerako gertakari gehiagorekin topo egiteko: hilabete hasieran, Mostolesen (Gaztela), Ekuatore Gineako emakume bat eta semea autobusetik kanporatu zituzten “autobusa beteta zioalako”, poliziaren esku-hartze eta guzti. Bidai txartel berberak lehen eta bigarren mailako hiritarrak nola ezberdintzen dituen, atera kontuak. Urrian, Bartzelonatik (Katalunia) abiatzekoa zen Ryanair-en hegazkin batean emakume bat tokiz aldarazi zuen konpainiak, ondoko eserlekuan bidaiatzea zegokion gizonak uko egin baitzion haren alboan esertzeari, “beltza zelako”. Gizasemea sotora lekualdatzea ez ei zitzaion inori otu.

Dirudienez gaur, atzo bezala, autobusak errealitatearen mikrokosmosak izaten jarraitzen dute. 1955ean, arraza-segregazioak autobusetan zurientzako eta beltzentzako espazioak marra batez ezberdintzen zituen garaiko Alabaman, gizon zuri bati bere eserlekua lagatzeari uko egin zion Rosa Parks-ek. Ekintza hark giza-eskubideen aldeko borrokaren ikono bilakatu zuen. Alabaina, oraindik orain hainbatek mendeko deritzon arrazako jendearekin bidaiatzeko dituen erresistentziak ikusita, esan daiteke uste duguna baino gutxiago aurreratu dugula. Are gehiago: ez ote gabiltza atzerapausoak ematen.

Indartuz doan faxismoari eskutik helduta, migrazio politika gogorrak eta hauek sostengatzen dituen diskurtso xenofoboa ere gorantz ari dira. Mikel Garciak orain bi asteko analisian azpimarratu zuen eran, harresi mentalak sortzen ari gara, fisiko bilakatzen direnak. Han eta hemen, baditugu aipatu Alabamako autobusak erakusten zuen marraren tankerakoak: izan mugetako harresi mardulak edo eguneroko ogi diren jarrera diskriminatzaileak. Alabaina, dirudienaren kontrara, hain sendo ageri zaizkigun marrek, harresiek, badute bista-bistako ahulgunerik: “Horma bat horma bat besterik ez da, apurtu daiteke”, zioen Pantera Beltzetako Assata Shakur-ek. Konplizetik baino kamikazetik gehiago duten bidaiariak gehiengoa diren egunean, akaso, autobusak horma jo eta errealitatea irauliko du.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies