Igandean gertatutako tiroketaren aurrean, Amurrioko udal alderdiek modu eredugarrian erantzun dute batera, baina herrigunetik aldenduz gero, geroz eta agerikoagoa da isiltasun politikoa erasoari dagokionez. Estatu Espainiarreko EAEko ordezkariek ez dute ezer aipatu, are gutxiago arduradun politikoek. Ziurrenik, Godot itxoiten zuenaren esperientzia bera izango du agintari espainiarren salaketaren zain dagoenak.

Aitor Aspuru aiaraldea.eus-en

Oihartzun handia izan du eskualdean igandean Lezaman gertatutako erasoak. Jakina denez, urtarrilaren 6an familia baten etxeak tiroa jaso zuen goizean. Hasieratik, sendiak baztertu zuen auzokideekin izandako liskar baten ondorioz gertatzea. Izan ere, Ezker Abertzaleari lotutako familia da erasotua, eta baserriko fatxadan aldarrikapen politikoak islatzen dituzten hiru ikur dituzte.

Berez, gaur zabaldu da Polizia Nazional ohia atxilotu duela Ertzaintzak, eta ia hasieratik horren susmoaren itzala egon da Lezaman. Bere aurkako akusazioak argitu ez badira ere, ez da zaila gorroto delitua sumatzea, biktimak hautatuak izan baitziren euren ideia politikoen ondorioz, ustezko erasotzailearen aldetik.

Bizitzen gauden fenomenoa aintzat hartuta -eskuin muturreko alderdien eta mezuen gorakada, hain zuzen- une ezin egokiagoa zen, Estatu Espainiarreko ordezkari politikoei dagokienez, horrelako erasoak arbuiatzeko. Edonola ere, Amurrioko Udalean aritzen diren alderdietako ordezkariak kenduta -EAJ, EH Bildu, PP, PSE-EE, Orain Amurrio eta Amurrio Guk Bai- eta EH Bilduren eta EAJren salaketak salbu, isiltasuna handia izan da gertakariaren inguruan.

Batek baino gehiagok argudiatu dezake inor zigortu arte ez dela aproposa adierazpen politikorik egitea. Baina, alderaketak gorrotagarriak badira ere, egin dezagun fikzio ariketa protagonistak aldatuta. Zer gertatuko litzateke Polizia Nazional baten etxea tirokatua izango balitz Lezaman, eta susmo guztiak Ezker Abertzaleko familia baten gainean eroriko balira?

Ziurrenik Altsasun gertatutakoa, baina biderkatua. Hau da, ministro zein ordezkari politikoen etengabeko desfilea egongo litzateke Amurrion eta, dudarik gabe, EAEko Espainiako Gobernuko Ordezkariaren adierazpenak izango genituzke berehala.

Ohiko eta iraganeko prozedurak jarraiki, gertakari horrek albistegi guztiak irekiko lituzke eta denbora gutxian Lezamako auzokideei buruzko erreportaje hori zein luzea ikusteko parada izango genuke telebistetan. Jakina, Entzutegi Nazionalak eta hainbat elkartek esku hartuko lukete gorrotozko delitua aipatuta.

Ordea, gertakarian aldagaiak kontrakoak izan direnez, eta Ezker Abertzaleko familia bat izan denez erasoa jaso izan duena, Estatu Espainiarrean piztuko litzatekeen haserre uholdearen berririk ez dugu izan. Egia esanda, ez dut uste jende gehienak faltan bota duenik Fernando Grande-Marlaska Barne Ministroaren edota Albert Riveraren bisita -nik pertsonalki ez-. Baina bai bota izan dela faltan Ezker Abertzaleari lotutako familia baten kontrako gorrotozko erasoa behar den moduan salatzea Estatuko botereen aldetik. Izan ere, askok pentsa dezakete ekintza batekiko isiltasuna eta adostasuna oso hurbil egon ohi direla.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies