“Datuek errealitate hori baieztatzen dute. Egun, gure hiriko eskoletan gertatzen den segregazioa Europako hirien artean nabarmenetakoa da”. Matrikulazioa zentroetan egin beharrean Gizarte-Etxeen bitartez gauzatzeko aukera aztertzea proposatu du sindikatuak.

Gasteizen zenbait hamarkadetan zehar gauzatutako eskola-segregazioa okerrera doa urtez-urte. Hala adierazi du STEILAS sindikatuak Arabako hiriburuan bertan eskainitako agerraldian. “Datuek errealitate hori baieztatzen dute. Egun, gure hiriko eskoletan gertatzen den segregazioa Europako hirien artean nabarmenetakoa da“.

Sindikatuak gogoratu duenez, “segregazioaz hitz egiten dugunean, giza-eskubideen urraketaz mintzatzen gara. Ildo horretatik, kezkagarria iruditzen zaigu erakunde publikoek eta beste zenbait agentek gaia jorratzerakoan agertzen duten arinkeria“. Era berean, Udal Gobernuak eta oposizioak gaiari heltzeko erakutsitako “pasibotasuna” salatu dute. EAJri eta PSEri “autokonplazentziazko jarrera atzean uzteko” eskatu diete eta oposizioari haien agendetan auziak “lehentasun osoa” izan dezala.

Gasteizko hezkuntza komunitateari, berriz, zentroz-zentro egoerari aurre egin diezaiotela aldarrikatu dute eta, horretarako,  STEILAS-ek proposamen zehatzak egin dizkio Udal Eskola Kontseiluari eta hezkuntzako zinegotzia den Estibaliz Cantori. Alde batetik, hezkuntza zentroetako ikasleen onarpenerako irizpideak eztabaidatzea proposatzen du sindikatuak, baremazioan Eskola Kontseiluek erabakitzen duten puntua. Horretarako, Gobernu Taldeari eta gainerako alderdiei idatzizko proposamena helarazi zien sindikatuak. “Gure ustetan, parekidetasuna eta aukera berdintasuna bermatzeko aukerarik eraginkorrena Eskola Kontseiluak edo Eskolako Ordezkaritza Organo Gorenak nahierara zehaztutako puntua ez erabiltzea da”.

Matrikulazio eredu berria: Gizarte-Etxeetan, zentroen ordez

Bestalde, matrikulazioa zentroetan egin beharrean Gizarte-Etxeen bitartez gauzatzeko aukera aztertzea proposatu du sindikatuak. “Zentroetan gertatzen da iruzurra eta bertan ukatzen zaie zenbait kolektiboetako gurasoei beraien seme-alabak aukeratutako ikastetxean matrikulatzeko eskubidea. Administrazioak berak kontrolatu behar ditu matrikulazio prozesuak”.

Egun, diskurtso triunfalista zabaltzen duen alkatea dagoela gaitzetsi dute, Gorka Urtaran, “lehen mailako saskibaloi partidak eta triatloiak ditugulako. Gizarte kohesioa eta gasteiztar askoren ongizatea berriz, okerrera egiten du egunez egun“.

Azkenik, mobilizazioa STEILAS-en ekintza guztien ardatz nagusia izango dela berretsi dute.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies