“Haien asmoa argia izan da: herri mugimendua eta okupazio mugimendua kriminalizatzea, ospakizun une jakin bat mediatizatuz eta magnifikatuz”. Gasteizko Gaztetxeko Gazte Asanbladako kideak haserre azaldu dira Udalaren eta Udaltzaingoaren jarrerarekin. Atxilotutako bost lagunetatik lau aske dira.

Gasteizko Gaztetxeko kideak, artxiboko irudian

Urtarrilaren 1eko goizaldean Gasteizko Udaltzaingoak 30 urte bete dituen Gaztetxean bost lagun atxilotu eta zaurituak eragin ostean, Gaztetxeko Gazte Asanbladak ohar bat publikatu du, dena argitze aldera.

Lehenik eta behin, euren “elkartasun guztia” helarazi nahi izan diete gertakari hauengatik asteartera eguerdira arte arte atxilotuta egon ziren bost lagunei. Bostetatil lau kalean daude jada, baina epailearen aurretik igaro beharko dira etorkizunean.

Gasteizko Udaltzaingoa “inongo aurreabisaurik gabe sartu” zela argi utzi nahi izan dute, hainbat hedabidek kontrakoa esan duten arren. Gaineratu dutenez, “oso modu oldarkorrean” sartu ziren muinoko etxera. “Oraindik ere ez dakigu zergatik sartu diren hamarnaka munipa jarrera mehatxatzailearekin, inolako azalpenik eman gabe eta elkarrizketarako inongo abagunerik eman gabe. Orain arte zabaldutako informazioaren arabera, gehiegizko zaratarengatik agertu omen dira; ez dugu sinisten. Ez dira zarata kontuengatik etorri, baizik eta ez dituztelako gustuko haien kontroletik kanpo dauden espazioak“.

Oraindik ere, gaztetxeroek euren buruei galdetzen diote zein izan den Udalaren helburua. “Herri mugimenduaren espazioen aurkako salbuespenezko jarreran kokatzen dugu poliziaren jokabidea: bistan da ez direla horrela oldartzen bestelako lokaletan. Ez dugu inoiz ezagutu “zarata” kontu batengatik gaurkoa bezalako erantzun errepresiboa ekarri duen beste kasurik: 15 polizia auto eta furgoneta baino gehiago, istiluen kontrakoak…”. Hori dela eta, “haserre eta harrituta” daude.

“Jarrera guztiz probokatzailea”

Udaltzaingoaren jarrera “guztiz probokatzailea” izan dela salatu dute, eta helburu bakarra honakoa izan dela gaitzetsi dute: “Gatazkatsua ez den espaizio honen irudi okerra eskaintzea, Gaztetxea erabiltzen eta ezagutzen duen pertsona orok badakienean ez dela horrela. Haien asmoa argia izan da: herri mugimendua eta okupazio mugimendua kriminalizatzea, ospakizun une jakin bat mediatizatuz eta magnifikatuz”.

Udalak Gaztetxea “mespretxatzen” jarraitzen duela uste dute muniko etxeko kideek. “Alde Zaharreko auzokideekiko bizikidetza izan da eta izango da Gazte Asanbladaren lehentasuna eta oinarria. Egin beharrekoa egingo dugu Alde Zaharreko bizikidetza bermatuko duen edozein neurri birplanteatzeko. Esan bezala, bizikidetza ez da soilik gure lehentasuna, baizik eta gure oinarrietako bat; Gaztetxeak zentzua dauka, betiere auzoarentzat zentzua baldin badu“.

Amaitzeko, argi utzi nahi izan dute Gaztetxeak baduela egitura bat, asanblada, eta uneoro “pertsona arduradunak” daudela barran. “Edozein eraso egotekotan haiekin jarri behar da harremanetan. Hau da, baditugu tresnak eta gaitasuna egoera arrotzak kudeatzeko. Horren harira, argi utzi nahi dugu Gasteizko Gaztetxeak eguneroko lanean sustatzen duela bizikidetza, ateak auzokideei irekiz, egunerokotasun horrek hedabideetan espaziorik ez daukan arren”.

 

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies