Iritsi da garaia. Eguberri bezperetan gaude. Gero Urteberri, beste urte berri baten hasiera. Zorionak, eta entzule zareten guztioi nire desiorik hoberenak etorkizun ditugun egunetarako. Etorkizuna ikusteko dago baina denok espero dugu zerbait ona, hobea behintzat bai. Izan ere etorkizuna ez dakigu, ez dugu ikusi, ez dugu bizi izan, oraindik ez da. Hala ere, aurrean ikusten dugu nolabait, eta desio duguna formulatzeko gai gara. Bizi izan duguna, berriz, deitoragarria izan daiteke, edo jadanik galdu den eta itzali den zerbait bezala. Eta oraina bizi dugu, iragana eta geroaren erdian dago.

Kontua da etorkizunari buruzko desio onak ez ezik atzean utzi dugun urteari errepasoa egiteko ere badela sasoi hau. Esku artetik ihes egiten ari zaigun urte hau aski badaezpadakoa izan dut. Ez dizkizuet nire penak kontatuko, baina azken aste hauetan gertatutako zenbait gauzak ematen didate hizpide 2018. urte honi agur egiterakoan.

Desioak urte berriari begira eta desioak egun hauetan. Zer jan eta zer edan ez da faltako gurean, zuenean ere ez, seguru asko. Topa egiten uzten badidazue, birtualki bada ere, zuekin batera egin nahi nuke. Horretarako, nire goiburua, izan bedi katalanez, gainera: “cava i llibertat”. “Erotu egin zaigu gizon hau” pentsatuko du norbaitek. Agian bai. Ez dut uste, hala ere. Baina bai, “cava i llibertat”. Garai honetan eta urtean zehar ere bai, gustatzen zait ardo txinpartatsu hori edatea baina ez bakardadean. Eta ahal dela, topa eginez beste batzuekin batera, zuekin. Txakolinak ere balio dezake, baina cava on bat alaiagoa iruditzen zait. Berdin dio. Nahiz, garai hauetarako cava edo txanpaina, nahiago baduzue eta poltsikoak arindu nahi baldin badituzue. Eta zeren alde egingo dugu topa? Askatasunagatik. Horixe: askatasuna. Zuekin, entzuleokin egin nahi dut topa egunotan: Cava i llibertat. Urte batzuk badira goiburu honen berri izan nuela Esquerra Republicanako buruzagi zen Carod Roviraren ahotik ETB-n egin zioten elkarrizketa batean. Politikariak azaldu zigunez, goiburu hau hartua zuen beretzat eta hala grabatua omen zeukan bere eskuko telefonoan ere. Gustatu zitzaidan. Eta neuk ere zuekin partekatu nahi dut gaurkoan: edari ori gustukoa dudalako eta askatasuna are gustukoagoa. Hortaz, gaurkoan askatasunaren aldeko aldarria egin nahi dut. Hitz potoloa da eta ez da erraza geure goiburu izan behar lukeen hitz hau behar bezala gauzatzea. Beharbada, geure askatasuna errazago onartzen dugu, eta askatasun eskasia ere erraz sentitzen dugu, geure buruaz pentsatzen dugunean. Aurrean dugunaren larruan sartzea zailago gertatzen zaigu. Ez dugu pentsatzen benetan norberaren askatasunak baduela muga bat eta muga hori gure ingurukoen askatasuna dela: nire askatasunak, nire eskubideak, bestearen askatasuna eta eskubidea ditu muga.

Eta aurtengo nire azken iruzkin honi hitzak jartzeko arrazoia izan da duela bizpaihiru aste Gasteizen, EHU-ko Letra-fakultatean kaputxadun batzuek errukirik gabe jipoitu egin zutela gazte bat. Nonbait, Espainiaren batasunaren aldeko talde bat antolatzeko asmoz bilkura bat zuzendu zuelako. Jipoitzaileek bazuten askatasunik horretarako? Aldiz, bilkura antolatu zuenak ez?

Nik urte amaierako une honetan denen askatasuna nahi dut, deitu libertad nahiz llibertat nahiz askatasuna. Eta egin topa cavarekin, nahiz kalterik egingo ez digun beste edozein edaberekin.

Eta ez dut gaurkoa amaitu nahi zenbait politikarik gertaeraz probetxu atera nahirik esandakoak arbuiatu gabe. Berria zabaldu orduko berehala egin zuten errudun gure unibertsitate publikoa, non borrokazaleek gelak eta giltzak dituzten, eta nahi duten guztia egin dezaketen unibertsitatean. Politikari hauek lehen bazuten errudun bat. Hori falta orain eta unibertsitatea bera egiten dute errudun, ezein ikerketari itxaron gabe, “bote prontoan”.  Gure herrian esaten zen bezala, “ez dago deretxorik”. Horiek bai aprobetxategiak.

Aski da. Hortaz, Eguberri eta urte berri on denoi, cavarekin nahiz gabe, baina askatasunean.

Hurrengo arte.

Patxi Goenaga

 

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies