Astebete igaro da Durangoko 54. euskal liburu eta disko azoka bukatu zela, egun batzuk izan ditut beraz bertan ikusi eta bizitakoa liseritzeko. Lehenengo aldia izan da egunero-egunero han izan naizela, Erraia disketxe sortu berriaren albo ordain edo kalteetako bat. Bost egun iraun zuen saraoak, eta lehenengotik hasiko naiz, “ikasleen egun” deiturikotik. Nerabe saldoak autobusetan Euskal kulturaren Meca bisitatzera, disko eta liburu gosez baino, sinadura eskainiko dien aurpegi famatu baten bila zioazela esango nuke. Edo are okerrago, irakasleek bidali dizkieten inkesta modukoak ahalik eta azkarren bete nahian postuz-postu galdera zentzugabeak erantzuten lagunduko dienaren ehizan. Orokortzen ari naiz, eta subjektiboa izaten, bai. Hala jarraituko dut, abisatuta zaudete.

Hurrengo hiru egunek Bill Murray-ek Groundhog Day filmean bizitakoa gogorarazi zidaten pixka bat. Errepikatzen baitzen egoera: jende andana gure postutxo aurretik pasatzen eta haietako batzuk (uste baino gehiago) baita diskoren bat erosten ere. Ezezagunei irribarre, ezagunei irribarre, lagunei irribarre; itxurakeriaren kontrako bataila galdua da Azoka. Baina lanerako gaude, ez gehiegi pentsatzeko: elkarrizketaren bat egin eta disko eta zigilu berrien berri eman.

Horietako elkarrizketa batean egin genuen hausnarketa txiki bat azokaren inguruan, eta Oasiaren metafora agertu zen bertan: hori omen Durangoko urteroko hitzordua, euskal kulturarentzako oasi. Eta gehitu ere egin genion, hobe oasi-egun gehiago baleude egutegian.

Bosgarren eguna ere iritsi zen, azkena, igandeak berarekin dakarren aje-giroz gainezka. Jende gutxixeago pasabideetan, gogo eta indar gutxiago postu barruetan. Landako barruko haize-korronteek ere euren lana ondo burutua zuten egunez egun, gaixo aurpegiak eta kleenex festa.

Baina keba, hotzeria eta marrantek ere ez ziguten ozpindu bizitakoa, bost egunez zilbortxo sentitu baikinen sortzaileok. Gure denbora eta ahalegina zerbait garrantzitsuari eskaintzen dizkiogula berresteko balio dezakeen atentzioa jaso baikenuen. Arestian aipatutako elkarrizketa hartako metafora burutik ezin kendu nabil ordea, izan ere, zerk egiten du Durangoko oasia oasi, ezpada urte osoko basamortuak?

Jon Basaguren

 

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies