Idazki hau izenpetzen dugunok Ikasle Abertzaleak antolakundeko militanteak izan gara, 1988an ospatutako asanblada sortzailean, aurretiko urratsetan eta gerora egon diren kongresu eta ibilbide oparoan. Gutako askori IAk eman zigun lehen esperientzia militantea. Gure gaztaroaren zati bat, gure energien eta gogoen zati bat IAri emandakoak gara. Beste edozein militantzia-eremu kolektiboetan gertatzen den bezala, eman bai baina trukean ere asko jaso genuen. Ez da exajeratua esatea IAk arrastoa utzi zuela gugan, egin egin gintuela pertsona eta militante bezala. Hezi egin ginen ikasle mugimenduan, hezi eta hazi adiera zabal eta sakonean.

Ikasle eta abertzale ginen. Euskal Eskola Nazionala eta Euskal Unibertsitatea amesten genuen. Euskal Herriaren askapen prozesuari berebiziko ekarpena egiten ari ginela sinisten genuen; non eta hezkuntzaren alorrean, pertsona kritiko, aske eta emantzipatuak sortzeko estrategikoa den eremu batean. Helburuari soilik ez, bideari ere erreparatu genion eta Hezkuntza Sistema Propioaren aldeko aliantzak bilatu genituen.

Denboran nahiko hurbil dauden erreferentzia batzuk aipatzearren, Euskal Curriculumaren sortze prozesuan edota Oinarrizko Hezkuntza Akordioan IAren sinadura ageri da. Hezkuntza mugimenduko eragile asko eta ezberdinen artean jositako egitasmoetan ikasle ahotsa mahaigaineratu genuen. Kaleak eta instituzioak bete genituen ikasle ahotsez, ahots abertzalez ezkertiarrez. 30 urte beteko dira aurten Ikasle Abertzaleak sortu zela. Urteurren borobila, gustura ospatuko genukeena, ehundaka lagun berriz elkartzeko aitzakia polita litzateke. Belaunaldi berriekin batera IAren iraganari eta etorkizunari gorazarre egiteko momentu polita litzateke. Zaila gertatuko zaigu, ordea, gaurko IAren diskurtsoan eta praktika politikoan ez baitugu guk ezagutu genuen antolakundearen arrastorik aurkitzen. Beste zerbait bihurtu da, hamarkadetako ibilbide historikotik deslotu dena.

Erakunde honen izaera, diskurtsoa eta lan ildoak 1991ean ospaturiko lehen Kongresuan definitutakotik nabarmen urrundu dira. Hastapen horretan marraztu ziren helburuak, oinarri ideologikoak eta estrategiak; funtsean, Euskal Irakaskuntza Nazionala eraikitzera begira ikasle gehiengoaren erreferentziazko tresna izateko asmoz sortu zen IA. “Ikasleek arazoak planteatzeko gugan erreferentzia puntu bat aurki dezatela” jarri genuen xede bezala hastapeneko ponentziatan. Horretarako, “erakunde abertzale eta aurrerakoi” eta “masa erakunde” bezala definitu zen IA, eta bere praktika ikasleon problematikan lehentasunez zentratzea erabaki zen. Euskal Ikasle Mugimenduaren ikuspegi zabal, ez apropiatibo eta adierazpen ugarikoa zuen eta errespetuzko interlokuzioaplanteatzen zuen adierazpen ideologiko guztiekin.

“Metatzeaz ari garenean ez ditugu soilik gure oinarriekin %70-80-90ean ados dauden militante berriak lortu nahi, gure artean nahi genituzke baita ere, ideia ezberdinak izanik ere beraien erreibindikapen ezberdinak defendatzeko eta gurekin lan egiteko loturak sortu eta mantentzeko prest dauden ikasleak”, “apaltasunez sentsibilitate ezberdineko sektoreetara zabaldu behar dugu, eskematismoak eta egia santuak baztertuz” gisako esaldiek argi adierazten dute zein zen filosofia. Lehen kongresutik bosgarren kongresura mantendu eta berretsi den filosofia, hain zuzen.

Lehen kongresuko ponentziei begiratzea nahikoa da konturatzeko zer nolako umiltasun eta autokritikaz kokatzen zen estrategiaren erdian indar ezberdinen biltzea. Nola ghetto edo koadrila itxietan bihurtzeko arriskua ekiditeko planteamendu irekiak eta anitzak lehenesten ziren. Nola ikasleen arazoen tratamenduari ematen zitzaion garrantzia: “ikasle sektore zabalen erreferentziapuntu izatearen papera berreskuratu nahi badugu, ikasleei bereziki dagozkien gaiei lehentasuna eman behar diegu”.

Nola desitxurapen partidistak eta hiperpolitizatuak alboratzen ziren eraginkorrak ez zirelako. Nola aktibismo hutsaren eta grebaren erabilera okerraren kritika egiten zen, eta masa borrokak, mobilizazioetatik harago, ikasleek bere problematikarekiko kontzientzia hartzean pibotatu behar zuen. Nola ikasle asanbladak zaindu, kalitatez hobetu eta benetan parte hartzaileak bilakatu nahi ziren. Nola ikasgelan eta ez kanpoan zentratu behar zen lana ikasleen arazoekin kontaktu zuzena izateko. Nola ez zen “a priori jarrera anti-instituzionaletan erori behar” eta lan instituzionala bultzatu behar zen. Nola diskurtsoak ikaslegoaren gehiengo batekin kontaktatzeko modukoa eta erakargarria izan behar zuen. Aspaldian idatzitakoaren arabera, “azalduko dugun estiloa eta diskurtsoa oso garrantzizkoa da. Argumentatu behar dugu eten gabe, egia absolutuak eta erabateko afirmazioak bota gabe…gure berezko diskurtso bat lortu behar dugu, bai terminoen eta bai ideien aldetik ere”. Nola IAren analisiaren arabera nazio askapen prozesuari egin ziezaiokeen ekarpen handiena ahalik eta indar anitz gehien euskal eskola nazionalaren alde jartzea zen.

Tristuraz diogu gaur egungo Ikasle Abertzaleak erakundearen izaera, praktika, diskurtsoa eta estrategia ez datozela bat bere jaiotzan eta hamarkadetan izan duenarekin. Eta zilegi da belaunaldi berriek beste norabide bat ematea guk ezagutu genuen antolakunde hari. Zilegi da noski beste izaera, estrategia, diskurtso eta praktika bat definitzea, baina zintzoki galdetzen dugu: Ez al da beharrezkoa IAk historikoki izan duen ezaugarritzeari jarraipena emango liokeen adierazpen antolatua gaur egun ere? Ez al da behar indar anitzak biltzea? Hori lortu ahal daiteke Ikasle Abertzaleak erakunde marxista iraultzaile sozialista (edo komunista, batzuen arabera) bezala karakterizatuz? Ezker Abertzalearen traiektoriatik erabat aldentzen den diskurtsoa, “mintzaira eta mezu sasi-marxista” (horixe leporatzen genion bere garaian Sindicato de Estudiantes erakundeari), erabiltzea ikaslegoaren gehiengoaren erreferente bilakatzeko bide eraginkorra al da? Ala, uko egin zaio oinarri abertzale eta aurrerakoien inguruan gehiengoak artikulatzeari? Hezkuntzak zutoin ezinbestekoa izaten jarraituko du Euskal Herriaren eraikuntzan, ezbairik gabe; inoiz baino gehiago, esango genuke. Batetik, hezkuntza Estatuen inboluzio autoritarioaren jopuntuan egongo delako; eta bestetik, herri gisa jauzi bat emateko premia inoiz baino larriagoa delako, eta herri ikuspegia duen hezkuntza mugimendu ahaldundu, anitz eta kohesionatua behar dugula deritzogulako.

Ziur gaude bidea egingo dela, belaunaldi berriak batuko direla hezkuntzaren eremutik Euskal Herriaren eraikuntzara. Gutako bakoitza, gaur gauden lekutik, bidelagun izango gara, gorputzez eta bihotzez.

Ikasle Abertzaleak antolakundeko kide ohiak: Andrea Aiape, Eñaut Aiartzaguena, Urko Aierbe, Ioritz Alberdi, Aitor Anda, Julen Antsotegi, Gaizka Aranguren, Martin Arrasate, Ikoitz Arrese, Peru Azpillaga, Gorka Elejabarrieta, Oihana Etxebarrieta, Idoia Fernandez, Joseba Garmendia, Kizkitza Gil de San Vicente, Galder Gonzalez, Izaskun Guarrotxena, Ane Izquierdo, Andoni Lariz, Oibar Legarra, Beñat Leunda, Aritz Lili, Oihana Llorente, Ane Lopez de Letona, Alex Marañon, Ainhoa Mendibil, Ane Morales, Haizea Moreno, Amaia Muguruza, Arkaitz Otazu, Pello Otxandiano, Asier Otxoa, Olatz Perez de Viñaspre, Ibai Redondo, Nerea Redondo, Ibai Ripodas, JC Tapia, “Papi”, Miren Zabaleta, Zaloa Zenarruzabeitia, Igor Zulaika, Itziar Zunzunegi, Ane Zurutuza eta beste hainbat kide.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies