Ernai Gazte Antolakundeak urriaren 11n, 12an eta 13an burutuko duen Gazte Bira aurkeztu du. Prekarietatea salatzea helburua duen bira hau Gasteiztik abiatuko da; hori dela eta, Boulevard merkatal-gunean egin dute aurkezpena.

“Enpleguari lotutako baldintza kaxkarrez haratago, ziurgabetasuna, heldulekurik eza, ezegonkortasuna eta segurtasun falta nagusitu dira gure bizitzako eremu guztietan”, azaldu dute Gazte Antolakundeko bozeramaileek. “Lana, hezkuntza, etxebizitza, harreman sozialak, harreman afektibo-sexualak, denbora gabezia, osasuna, zaintza, parte hartze politikoa, etorkizunerako zerumugarik eza… prekarietateak gure bizitzak zeharkatu ditu”. Ondorioz, “emantzipatu eta bizi proiektu duin bat proiektatu eta eraikitzea ezinezkoa” bihurtu dela salatu dute.

Esperantza gutxi dute gazteek. Izan ere, “Espainiar erregimena bere ohiko jarrera autoritarioan gogor mantentzen da. Eta datozen urteetako eskaintza inboluzionista, antidemokratiko, antisozial, autoritario eta errepresiboa izango dela ondoriozta dezakegu panorama politiko-instituzionalaren argitan”.

Eskema argia dela uste dute: “Elite ekonomiko eta enpresarialak agindu, Bruselak diktatu, estatu espainol eta frantsesak inposatu eta dependentziaren aitzakiapean hemengo agintariek aplikatu. Erregimenaren piramidea”.

Ernai, berriz, ez dago horretarako prest eta “era duinean lan, ikasi eta bizitzeko hautua egin dute”. Zentzu honetan, “auzolana, burujabetza, lan autonomo eta sortzailea, kooperatibismoa, parekidetasuna, jasangarritasuna, demokratizazioa, Herria, bizipoza, euskara… ardatz, denon bizitzak erdigunean jarriko dituen eredua orain eta hemen eraikiko dugu”.

Gasteiztik hasi eta hainbat ildo lantzeko asmoa

Horretarako, “sistema kapitalista patriarkalak inposatutako koordenadak hautsiz”, urriaren 11, 12 eta 13an kaleak hartzeko deia egin du Gazte Antolakundeak. Gazte Birak Hego Euskal Herriko hiriburuak zeharkatuko ditu, Gasteiztik hasi eta Iruñean bukatuz Bilbo eta Donostiatik pasa ondoren.

Hiriburu bakoitzak ildo jakin bat landuko du, formakuntzarako eta aisialdirako aukerak eskainiz. Hezkuntza, etxebizitza, enplegua eta feminismoa izango dira hiriburu bakoitzean landuko diren gaiak, “gazteok pairatzen dugun prekarietatea oinarri hartu eta sortutako dinamika edo alternatibak plazaratuz”. Biran mahainguru, tailer eta borroka tresna desberdinak praktikan jarriz, ekimen ezberdinekin aldarri jakinak plazaratuko ditu Ernaik. 

Hainbat eragileren parte hartzea

Hainbat eragilek ere hartuko dute parte Gazte Biran. Lekuan lekukoez gain, Mugimendu Feminista, Hezkuntza komunitateko kideak, Eragin, Hotel+ Ez plataforma, EHUko ikerlariak, LAB, Abaraxka, GES, LuGaTiBe kolektiboa, Okupazio bulegoa, M8 plataforma…

Agerraldia amaitzeko, “euskal gazteriari sistemari hortzak ateraz, Euskal Herria eraikitzeko borrokara batzeko” deia luzatu diote. Horretarako, Gazte Biran parte hartzeko deia egin dute. Arabako hiriburuaren kasuan, eguneko egitarau bat emango du jakitera aurrerantzean Ernaik.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies