Erakusketa bihurtu dute Eraldaketa: SortzaileON afera egitasmoa. Udaberrian abiatu zuten proiektuak sorkuntza-prozesuari erreparatu nahi dio, emakume sortzaileen sorkuntza-jarduera oinarri. Hilabete hauetan, Arabatik zehar solasaldi ezberdinak antolatu dituzte Araban eta Gasteizen artearen eta kulturaren inguruan euskarazko mugimendua sortzeko, klabe garaikidean. 

Hilabeteetako lanaren ostean,pantaila anitzeko erakusketa osatu dute Oihaneder Euskararen Etxean. “Ikusleak bideoarte artelana aurkituko du, ikus-entzunezko beste lan bat eta bederatiz elkarrizketa horietatik ateratako zatiak”. Horrekin guztiarekin Montehermoso Jauregiraino gerturatzen diren guztiek “ibilbide propioa egin ahalko dute, ibilbide ez lineala sortu nahi izan dugulako”.

“Sortzaileen prozesuari erreparatzen dio, bai, baina gazte eta emakumezkoen ikuspegitik. Kultura garaikideaz aritzen da, garaiko belaunaldiekin. Hala, oinarri teoriko zabala lortzea izan zen lehen helburua, hausnarketa publikotik abiatzea gero, sormen prozesuaren ostean, erakusketa publikoa egin eta Gasteizera zein Arabako herrietara iristeko”, azaldu du Olatz Alonso kazetariak.

Egitasmoan Zuriñe Hidalgo abeslariak, Izaskun Urkijo arte zuzendariak, Ane Rodriguez Armendaritz Tabakalerako zuzendariak, Blanka Gomez de Segura Euskal Keramika Museoaren arduradunak, Garazi Lopez de Armentia koreografa eta Baratza aretoko sortzaileak, Izar Mendiguren eta Paula Amilburu bertsolariak, Huntza taldeko Josune Arakistainek, Haizea Barcenilla arte kritikariak, Irati Jimenez idazleak eta Yanela Murua dantzariak hartu dute parte.

Sorkuntza-prozesuei erreparatzeko, artisten lana gertutik ezagutzeko, berezitasunak edo beharrezko elementuak identifikatzeko, SortzaileON afera proiektua ahozkotasunetik abiatu zen. “Emakume guztiekin, sormenaren inguruan solastu gara, eta emakumeen lanak mahaiaren gainean jarri ditugu” azaldu du Alonsok.

“Bazen garaia kultura eta artea Gasteiztik ateratzeko eta haien gaineko hausnarketak herrialde osoan zehar egiteko. Kultura plazaratzeko ordua da, ez soilik aisialdi edo ikuskizun gisara, baizik eta hausnarketatik abiatuta ere, egungo egoeraren gogoeta egin eta etorkizuna amesteko”, gaineratu du Irantzu Lekuek.

Asmoa, sortzaileekin batera landutako saioekin egin bezala, erakusketa  Arabako herrietara eramatea da. Erakusketa irailaren 22ra bitartean egongo da ikusgai Montehermoso Jauregiko Jovellanos aretoan.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies