Otxandioko sarreran dagoen eraikin bateko horma oso bat hartzen du udalak egindako mural berri batek. ‘Ongi etorri’ goiburuaren azpian irudi bi ageri dira. Zuri beltzekoak gerra zibilaren eta bonbardaketaren ondorioz Otxandio ebakuatu zuten unea jasotzen du. Koloretako irudia gaur egungoa da eta Europako herri batean Siriako errefuxiatuak besarkada bategaz hartzen ikusi daitezke bertakoak.

Anboto.org bidez

Gerretako biktima zibilak gogoratzea eta “Otxandion ongietorriak” direla adieraztea da mural berriaren helburua, Urtzi Armendariz alkatearen esanetan. “Gerrak ezin ditugu eragotzi, baina gerrako biktimei ongietorria ematea eta bizitza duin bat izan dezaten laguntzea, hori bada gure esku dagoen zerbait. Bere momentuan otxandiarrak beste toki batzuetan ongietorriak izan ziren moduan, orain errefuxiatuak gure  herrian ongietorriak izango direla adierazi gura dugu”, azaldu du Armendarizek.

Otxandiok bonbardaketa bat jasan zuen 1936an, eta herritar askok ihes egin beharra izan zuten. Uztailaren 22an, jaien barruan, urtero gogoratzen dituzte bonbardaketan hildakoak eta biktima izandako guztiak. Ildo horretatik,  mural berria “Andikonako ekitaldiagaz lotuta egin dezakegun omenaldirik onena da”, Armendariz alkatearen ustez.

Andikonako aurtengo ekitaldia gaur izango da, 13:00etan, bonbardaketa gertatu zen egunean. Sarraski hartako hildakoei lore eskaintza bat egingo diete. Ondoren, koruak eta Otxandioko Bandak abesti batzuk kantatuko dituzte, eta Andikonako Foroko kideek testu bat irakurriko dute.

Eskolan lantzeko materiala

Gerra zibilak eta bonbardaketak Otxandion izan zuten eraginaren inguruko material didaktikoa prestatzen ari da udala. Material hori irailean hasten den ikasturterako prest izatea da asmoa, eta ordutik aurrera Otxandioko eskolako gaztetxoek lantzea. Unitate didaktiko hori lantzen ibili den arduradunetako bat presente egongo da domekako ekitaldian.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies