Inork ezin dakike grafitoak benetakoak direnetz; antzinatasuna aurkitzeko azterketak egin behar litzaizkieke, eta inork ere ez du egitea nahi. Eliseo Gil bakarrik ari da hasieratik eskatzen, salatua den arren.

   Botere politikoak, akademikoak eta mediatikoak azterketei uko egiten diete, baina benetakoak ez direla badakitela diote eta herritarren zati handi bati Iruña-Veleiako grafitoak faltsuak direla sinestarazi diote. Eta ez dute teoriak eta iritziak besterik, ez dute batere frogarik aurkezten eta. Hauxe bai, irregulartasun-piloa egiten dute:

1.- Egiarik eza. Arabako Foru Aldundiak sortu zuen zientifikoa deitutako Batzordearen ondorio-idazkiak, non oinarritu baitzen 2018-11-19an Eliseo Gil botatzeko eta aztarnategiko zuzendaritza Euskal Herriko Unibertsitateari emateko, agiri hark batzordean guztien adostasuna izan zela zioen, baina aktak berak egiaztatzen du guztien adostasunik ezta zientzi-eztabaidarik ere izan ez zela (historiawww.veleia.fontaneda.net gunean ikusgai dago, egiaztatzen duten agiriak dituelarik). Gainera hauxe ere dio, batzordekideen txostenetan oinarritzen zela, eta ez da egia, aldundian bi astebetez gero sartu zirelako. Bilera hartako mahai gainean bi txosten bakarrik zeuden, egiazkotasunaren aldeko Eliseo Gilena eta faltsutasunaren aldeko Joakin Gorrotxategirena.

2.- Babesik eza. Aldundiak 2009-03-24an Eliseo Gilen aurkako kereila aurkeztu zuen Gasteizko Epaitegian. Aurkikuntza arkeologikoek, epai-prozesu horren benetako frogak izan arren, ez dute epai-babesik izan, baizik eta hasieratik salatzailearen eskuetan egon dira, aldundiak dauzka museo batean. Areago, ikustera zihoazenei museoak zerakutsazkiela aitortu zuen kultur diputatuak 2010-11-16an Arabako Batzar Nagusian.

3.- Inpartzialtasunik eza. Unibertsitateak, aztarnategiko oraingo zuzendaritzak, 2012, 2015 eta 2018an hondeagailu bat erabili du lurra (eta barruan izan zitekeena) kentzeko. Lehengo bietan SOS IRUÑA-VELEIAK salaketa aurkeztu zuenean, epaileak txosten teknikoak eskatu zizkion, nori eta salatzaileari hain zuzen, aldundiari. Esan beharrik ez dago aldundiaren erantzunak makinaren erabili izateari egokia zeritzala. Eta arauz, epaileak ez zuen salaketa onartu.

4.- Begirunerik eza. Epaileak 2012an, bazen garaia!, IPCE edo Espainiako Kultur Ondarearen Erakundeari bidali zizkion pieza batzuk, besteak beste, “idazkunen antzinatasunaren” berri emateko. Piezak hartzera aldundiaren museora ertzaintza eta aldundi salatzailea joan ziren, baina alderdi salatua ere bertan egon behar zela ‘ahaztu’ zuten.

5.- Ganorarik eza. Epaileak IPCE erakundearen txosten hori onartu zuen, “idazkunen antzinatasunaren” berririk ere eman ez arren. Azalean gaur egungo metal batzuen aztarnak zeudela bakarrik zioen. Maneiatu dituzten gutxienez zazpi erakundeek utzitako aztarnak dira azalean dauden hondarrak. Eta areago, “beharbada hiru grafito jator” daudela dio txostenak. Eta kito, ezer esan ez bazuen bezala, inork ez du adierazpen hori ikertzen eta.

6.- FROGARIK EZA. Ez dago arrazoirik arazo arkeologiko bat epai-esparruan ebazteko. Baina kontu hau horrelaxe dagoenez gero, bederik auzitegiak froga irmoak eduki ditzala, piezak aztertzeko zientziara jo dezala. Hainbeste irregulartasun kontuan harturik, frogarik gabeko epaiketa egingo balitz, aurkikuntzak aztertu gabe, iritzietan eta teorietan oinarrituz, ‘titulitisezko’ epaiketa izango litzateke, hau da, ea titulu gehiago zeinek duen eta adituagoa zein den, horrela auzitegiak beraren ustezko nagusitasunari jaramonago egin diezaion. Hona hemen titulu batzuen balioa, epaiketaren ‘oinarria’ balira.

   Martin Almagro Doktoreak, [wikipedia] kurrikulumean 17 titulu eta 35 zientzi-argitalpen dituenak, 2008-11-01ean El Correon hauxe esan zuen: “Euskaraz ezinezko lekuan eta, gainera, Antzinaroan ezinezko hizkuntza moderno bat egiten zuen jende bat zegoela egiaztatu nahi zuten [benetakotasunaren alde daudenek].” Ezinezko lekuan eta ezinezko hizkuntza Neuk diodalako. Beharbada, III mendera bidaiatu du, eta iritzi hori ziurtatzeko, Veleia eskualdeko biztanle haiei egin zizkien grabaketei buruzko 36. argitalpena prestatzen ari da.

   Joakin Gorrotxategi Doktoreak, [wikipedia] 21 zientzi-argitalpen dituenak, zientifikoa deitutako Batzorde hartarako 2008-06-25eko txostenean hauxe zioen: “Aizunketaren aurrean egoteko ustea osoa da, inolako zalantzarik izan gabe.” Hala ere, orrialde batzuk aurrera hauxe aitortzen du: “Ez dakigu K. o. III mendeko euskara nolakoa zen.” Aizunketa da baina ez dakigu.

   Inoiz inork, Doktorerik adituenak ere, ez du III mendeko euskara entzun. Entzutea ezinezkoa omen da, baina irakurri egin liteke, Iruña Veleiako grafitoetan, garai hartakoak diren ala ez diren egiaztatu bakarrik behar da eta. Horren argia.

   Argitasuna eta beraz zuzentasuna nahi dituzuenok, grafitoak faltsuak direla esku osoaz uste baduzue ere, gonbidatuta zaudete, Iruña-Veleiako auzia argitzearen aldeko manifestua sinatuz, azterketa zientifikoen eskaera babestera. Hona hemen irakurri eta sinatzeko esteka.

Argia.eus bidez

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies