Ez dakit migrainarik daukazuen edo zer den badakizuen.

Nik baditut eta badaezpada azalduko dut oso gainetik zer diren (ez naiz aditua eta gauzak nik nola sentitzen ditudan kontatuko dizuet).

Migrainak burukomin handiak dira, niri buruaren zati batean sortzen zaizkit, adibidez, begi baten atzean, eta zabaldu egiten zaizkit. Sarri zarata eta argia ezin jasatearekin batera, botagurearekin eta bestelako sintomekin elkartuta agertzen zait burukomin hori (burukominaz aparteko beste sintoma horiek “aura” deitzen dira).

Hilerokoari eta estresari lotuta izaten ditut nik. Analgesiko gogor bat hartuta pasatzen zait eta zortea dut gutxitan irauten didalako 24 ordu baino gehiago (15 egunez jarraian izatera heldu naizen arren eta minagatik konortea galtzera). Lanera joan ezinda geratu naiz batzuetan.

Migraina gaixotasun autoinmuneen artean dagoela entzun dut, neurologikoa ere badela…

Aurrekoan irakurri dut DNA ikerketa batek azaldu duela, gizakia Eurasiako lurralde hotzetara iritsi zenean bizitzera duela ehun mila urte baino gehiago, gene bat mutatu zela bertan bizi ahal izateko (hotz hori jasateko), eta mutazio horri lotuta sortu zela migraina, “side effect” edo alboko eragin moduan (era sinpleegian azalduta).

Ez dago oso ikertuta migraina. Agian inor ez delako migrainarekin hil. Baina tratamentuak agertzen ari dira.

Joan den egun batean, lagun batek facebooken berri bat zintzilikatu zuen migrainari buruzkoa (eskuineko egunkari batetik jasoa). Bertan esaten zen tratamentu bat sortu dela, eta egunero hori hartuta, migraina desagertu edo asko gutxitzen dela.

Ni oso eszeptiko nintzela agertu nion lagunari. Tratamentu bat jaso behar badut, egunero medikatuz, noizean behin medikatuta kentzen dudan migraina ekiditeko, non dago abantaila? Medikamentu jarrai horrek zein eragin du nire gorputzarengan bigarren mailako efektu gisa? Lanera ez joateari utziko omen diot teorian. Hori horrela izango dela onartuta ere, sintoma tratatu ordez, zergatik ez dugu tratatzen problema? Hilerokoa argi dago naturala dela, baina estresa? 15 egun jarraian izan nuenenan migraina, ez zen hilerokoagatik izan. Zergatik ez da proposatzen lan karga gutxitzea eta lanpostuak sortzea?

Beldur naiz, gaixotasun psikologiko batzuekin ere ez ote den berdin egiten: tori pilulak! Momentu batzuetan ziur behar-beharrezkoak direla, ez diot kontrakoa, baina ez da aztertzen zergatik garatu dituzun arazo horiek eta, sendatzeko, horiek tratatzen (berriro diot: nik ez diot medikamenduak orokorrean kendu behar direnik, eh?, kontuz).

Gaixo kronikoak behar dira: negozioa dira enpresa handientzat eta astoak bezala lan egiten duten pertsona txintxo-txintxoak sortu behar dira (gure gizarte honetan ahulezia da gaixorik egotea nabaritzea, baina pilulak ezkutuan hartzea ez). Eta lelotuta lagatzen bagaituzte: hobeto, gizaki kritikoak ere ez baitaude modan!

Agian esageratzen ari naiz, baina hausnartzeko moduko kontua dela uste dut.

Jaione Agirre

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies