Almendralejoko herriarekin senidetzeko azken pausua eman berri du Gasteizko Udalak eta gaur onartuko du erabakia bozketa bidez udalbatzak. Udaleko iturriek jakinarazi dutenez jai giroan ospatzea da asmoa, eta horretarako, Blusa eta nesken egunean egitarau berezia antolatu nahi dute. Horrela, lehendik ere luzea zen zerrendara gehituko da (Kutaisi, Anguleme, La Güera, Kogo, Victoria-Brazil, Victoria-EEBB eta Anaheim) Badajozeko (Espainia) hiribildua.

“La Almendra de Oro” kanpaina turistikoaren aurkezpen ekitaldian eman du berria Gasteizko alkate Gorka Urtaranek: “Kitto baratxuri usaina; munduari irekia dagoen hiria da gurea”. Blusa eta nesken komisioarekin eta Federazioarekin negoziazio betean murgilduta daudela ere azaldu dute auzapezaren komunikazio taldetik; “Uztailaren 25eko jaieguna errotik irauli eta mundu osoko begiradak erakarri nahi ditugu gure hiriburu artifizialera”.

Bide horretan, iraganean egindako akatsetatik ikasteko prest azaldu da alkatea. ” Sekulako eskrache-a jasan nuen Santiago egunerko iazko pilota partidan eta nolabait aldatu beharra zegoen hori. Frontoiaren atzekaldean zegoen errekaleorreko hippierradikal koadrilak ez zidan arnasik eman partida osoan eta ezin dugu irudi hori proiektatu nazioartean!”. Eraberean, pasa den urteko geratera tamalgarrien harira alkateari bere babes osoa azaldu nahi izan dio Endika Saez de Adana, komisioko eledunak eta kazeta honi egindako adierazpenetan gaineratu du jaiak ez direla politizatu behar.

Urte osoan egosten joandako lana da gaurkoan jendarteratu nahi izan dutena; egitarau osoa antolatu dute, baina ekimen guztietan nagusiena “Basque Ore Day” bezala bataiatu dute. Gorka Urtaranek “Coaching” ikastaro batetik atera berritan El Correo Español y El Pueblo Vascori adierazi dionez, defentsarik onena atake on bat da. Hori dela eta; Urtaran Karapan leloari buelta eman nahian ekimen berria jarri nahi du abian. Horretarako, Guiness errekorren liburuko tortillaren arrakastari segiz talo herrikoi erraldoia egitea da asmoa; ore amarekin egina eta Gorka Urtaran beraren aurpegia marraztua duena!

Gutxieneko partaidetza bermatzeko, Otazuko garia erabiliz egindako Ore Amarekin eta Gordoako zerrikiekin egindako txoripanak banatuko dizkiete bertaraturiko herritarrei eta Okinako garagarrarekin ondutako zerbeza mozkorkerian dabiltza blusa eta neskei eskainiko zaie prezio “popularretan”.

Gasteiz zezenketarik gabeko hiri izendatzearekin batera, zezen plazako olé eta lerele guztiak “Ore, ore, ore… Urtaran Lehendakari!” bilakatu nahi dituzte honela. Gainera, Cafes La Brasileña, La Vitoriana eta Artepan ere oso pozik agertu dira egitasmoarekin Gasteizko gozogintza industriari bultzada handia eman eta Arabako hiriburua mapan kokatuko duelakoan. “4.0 industriaren garaiotan ez dugu ahaztu behar nondik gatozen”. Eraberean, Francisco Askigoxo Hizkuntza Politikarako Sailburuorde ohiak ere ez du aukera hau galdu nahi izan eta “Orea eta oreka. Epelkeriaren artea” poesia errezitaldia eskainiko du Zurbanoko hondartzan.

Areago, muinoko lau kaleetatik haratago lautada osora zabaldu nahi dute ospakizuna. Horretarako, BBK Live eta Pasaiako Itsas Festibala eredu hartuta, Hermione fragata ekarriko dute Urrunagako pantanora, Forondako aireportua 24 orduz irikiko dute eta AHTaren sarbide berria Zabalganako Metro geltokiarekin lotuko dute. Egunari amaiera emateko “Patrulla Aguila”-ren erakustaldia aurkezteko asmoa ere badago, baina azken datu hori baieztatzeko dago oraindik, Andoni Ortuzarren baimena eta Araba Buru Batzarraren onespena behar baitu alkate jaunak erabaki garrantzitsu hori hartu ahal izateko.

Iruñeatik Javier Esparzak ere esker oneko hitzak izan ditu antolatzaileentzat: “Ez gaude euskararen aurka, euskaldunen aurka baizik. Trebiñun nunca se ha hablado vascuence eta trebiñu trebiñuarrek nahi dutena izango da; petilla de aragon bezalaxe”.

Amaitzeko zenbait ohar luzatu nahi izan dituzte antolakuntzatik:
-Egitarau guztia ingles hutsean izango da eta “The pillars of the Earth” liburuaren aleak banatuko dira egunean zehar.
-Partaidetza dohakoa izango da, baina bertaratzen diren guztiei DNIa (EHNA ez da onartuko) aurkeztea eta ADN lagin bana eskatuko zaie. Guztion hobebeharrez.
-Zelai Nicolas eta Angel Oiarbide izango dira “speaker”-ak egun osoan zehar.
-Egunean zehar “vasco” jantzia soinean eramateko deia luzatu zaie “vitorian@s de pro” guztiei.

*Hau umorea da. Umore serioa. Pikati hutsa bazara, hau ez da zure lekua

 

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies