Argazkia: naiz.eus

Lagun batek askotan aipatzen zigun EAJ katuak bezalakoa dela, zutik erortzen dela, berdin dio nondik eta nola, beti onik ateratzen dela. Baliteke horrela izatea, ez dakit. Batez ere, hori pentsa daiteke aurreko astean ikusitakoaren arabera.

Jaun eta jabe ibili dira jeltzaleak, ez Euskal Herriko politikan, Espainiakoan baizik. Haiek eman diete OK-a Espainiako aurrekontuei eta haiek baimendu dute, egun gutxiren buruan, presidentearen aldaketa. Kasu batean PPri mesedea eginez, beste kasuan PPren Rajoy presidentearen aurka joz.

Bidean hainbat kalte ere eragin dute. Emandako hitza jan eta Kataluniako jendeari mesprezu galanta egin diote 155 artikulua indarrean jarraitzen duen  bitartean PPren aurrekontuak onartzen. Kataluniako indar soberanistekiko elkartasunari ostiko ederra eman diote.

Biblian kontatzen da Esauk anaiari bere eskubideak saldu zizkiola dilista platerkada baten truke. Esau oinordekoa zen, premua, baina ehiza lanetik bueltan, gose eta neke-neke eginda, dilistak onartu zizkion Jakob anaiari oinordekotzagatik zegozkien eskubideekin trukatuz. EAJ ehizatik jota datorren esaterik ez daukat, baina bai dilistazalea dela: horrela ibili da azken hamarkadetan, sos, transferentzia, inbertsio … batzuen truke printzipioak eta eskubideak salduz.

Kontua da orain PPk mehatxua egin duela: Senatuan duen gehiengo absolutua baliatuz, eta aurrekontuei emendakinak eginez, EAJrekin adostutakoari buelta eman diezaioke. Orduan jeltzaleak lotsagorrituta eta dilistarik gabe geratuko lirateke. Ikusiko da, baina baliteke beti zutik erortzen zen katua hemendik gutxira ez hain dotore erortzen ikustea. Epe motzeko politikak honelakorik ekar lezake; denetarik ikusi dugu, adibidez, aurreko astean.

Batzuek oso printzipio malguak dituzte. Hain malguak dira ezen edozertara moldatzeko gauza diruditen. Eta ez doakie, momentuz, gaizki. Besteoi, aldiz, gaizki samar doakigu. Galdetu katalanei.

Josean Bueno Saez de Albeniz

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies