“There is not alternative”, halan zioen Margaret Thatcher anderea, “Ez dago alternatibarik” zioten eta diote, “neoliberalismoa da bide bakarra” aldarrikatuz hezi gaituzte, “ez dago alternatibarik”, “Komunismoak porrot egin zuen”, aipatzen digute behin eta berriz.

Kapitalismoa gizakiontzako eremu naturala dela entzun izan dugu behin baino gehiagotan, lehia eta elkar borroka direla gizakiok naturalki egiten dugun zerbait, besteengandik gailendu nahi dugu, norbait izan, zerbait izan, destakatu.

Kapitalismoa naturala den bezala, komunismoa, anarkismoa, komunitarismoa asmakizun irrazionalak dira, eta horregatik porrotera kondenatuta daude. Ez dago alternatibarik.

Miseriara kondenatu nahi gaituzte, gosez hiltzera, prekarietatera, zubi-azpian bizitzera, ez baitago alternatibarik. Euskal Herriko haurren laurden bat pobrezian bizitzea naturala omen da haientzat. Adineko pertsonak desjabetzea naturala omen da haientzat. Gazteak lan batetik bestera, praktika kontratuetan, miseriako soldatekin bizitzea, naturala omen da haientzat. Emakumeak lan berberagatik gutxiago kobratzea naturala omen da haientzat.

Bitartean, munduko %1ak aberastasunaren gehiengoa pilatzea naturala omen da haientzat. Multinazionalek mundua gidatzea naturala omen da haientzat. Bankuek milaka etxe huts pilatzea naturala omen da haientzat. Ama-lurra suntzitzea naturala omen da haientzat. Iruzurra, lapurreta eta korrupzioa naturala omen dira haientzat.

Baina guk argi dugu, herritarrok miseria gorrira kondenatzea ez da naturala eta ez dugu onartuko. Guk, langileok, gehiengoa garen heinean, guretzako, langileontzako, gehiengoarentzako sistema berri bat eraikitze lanetan ari gara. Proletalgoa oinarri eta helburu izango duen sistema berri baten alde lerrokatu eta hori eraikitzeko lanetan ari gara.

Baina sistema ez dugu egunetik egunera aldatuko, ez da danbatekoa izango, sistema honen oinarrietan, arrakalak sortzen ari gara, egunetik egunera, sistema osoak, zulotxo horien ondorioz, lurra jo dezan.

Asko dira, asko gara, gure herrian alternatibak eraikitzen dihargun militanteak. Asko, fabrika atzean utzi eta gure kooperatiba txikiak monatu ditugunak. Asko, produkzio eredu basatiari uko egin eta produktu ekologikoak ekoizten ditugunak. Asko, gure kontsumo ereduak aldatzeko hautua egin dugunak, kotxea etxean utzi, gutxiago kontsumitu, ingurua eta ingurukoak zaindu…

Kapitalismoa suntsitzen dugun bitartean kontsumoaren bitartez kapitalismoa indartzea ez delako eta ezin delako izan aukera bat. Indarrak biltzen ditugun bitartean, bitartekoak behar ditugulako, mundu berri bat eraikitzen lagunduko digutenak.

Horretarako aukera ederra dugu bihar Iruñean, hamaika alternatiba mahai gainean jarri, elkarrekin arnasa hartu, eta konspiratzen jarraitu ahal izateko. Etorkizun berri hori, mundu berri hori, eraikitzen jarraitu behar dugulako eta bidean eta helmugan gu geu gaudelako.

Oier Azkarraga

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies