Albiste positibo batekin hasi genuen astea eta gure hiriko kultura bzi bizirik dagoela ikusirik bukatuko dugu. Hilabeteko lan isilaren ostean, kafetegi eta tabernetan kontzertuak egiteko muga eten dute Gasteizen. Zentzuak irabazi du bataila txiki hau eta, horregatik, Errota auzoko Orbain Kultur elkarteak eginiko lana nabarmendu nahi dut.

Aste batzuk igaro dira Udalak kontzertuak egiteko legedia berritu eta zaildu nahi zuela jakin genuenetik. Legedi murritzaile horrek bi kontzertuetara mugatzen zituen taberna batek hilean gehienez antolatu zitzakeen kontzertuak eta 10 eguneko aurrerapenarekin notifikatzeko agindua ezartzen zuen gainera. Zorionez, eta albistea oraindik publiko ez zenean, Orbain Kultur elkarteko kideak lanean hasi ziren, eragile zein alderdiekin elkarlanean egoera iraultzeko. Artistekin elkartu eta lanean hasi ziren artista, sortzaile eta kultur zaleekin. Horri esker, herri mugimenduak, artistok eta Orbain kultur elkarteak eginiko lanari esker, udalak egindakoaz hausnartu eta Eusko Jaurlaritzarengana jo du neurriaren inguruko lege zalantzak argi ditzan. Emaitza eskura izan arte, ez dute hilabetean bi emanaldi baino gehiago antolatzeko debekua gauzatuko. Gasteizko Udalak eten egin du hortaz hiriko taberna eta kafetegietan hilean bi kontzertu baino gehiago antolatzeko debekua.

Ez da batere ohikoa horrelako erabakiak ikustea eta horregatik badela zer ospatu nabarmendu nahoi dut. Neurria ez dut gustuko baina proposatzen zutena eta lortu den horren artean erdibideko akordioa dela uste dut. Positiboa hortaz. Horrela, taberna eta kafetegietan antolatutako kontzertuak gaueko hamarrak baino lehen bukatu beharko dira, ordutegi hori udal araudiak ezartzen baitu, ikuskizunen euskal legeak barik, baina lokaletako jabeek ez dute izango mugarik hilabetean bi kontzertu baino gehiago antolatzeko.

Aurrerantzean lan ederra egongo da ere egiteko, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak legedi murritzailea konfirmatuz gero zailagoa izango delako, zailagoa gutxienez, egoerari buelta ematea. Atzerapausoa izango litzateke hiriko kulturarako, herri kulturarako, kalean sortu eta garatzen diren ekimen artistikoentzako.

Bada lana baina gaur, Orbain elkarlanaren bidetik lortutakoa nabarmendu nahi dut. Eta baita ospatu ere Udalak  oraingo honetan izandako jarrera. Gasteizen agendak kulturaz betetzen jarraitzeko abagunea izango dugu!

Irantzu Lekue

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies