Maiatzaren 15ean eta 16an, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako irakasleak grebara deitu dituzte sindikatuek. Gehienak, Kristau Eskolaren menpe dauden ikastetxeak dira hauek, aurreko martxoaren 20an ere kalera atera zirenak. Maiatzaren 15ean, manifestazio nazionala egin zuten Bilbon; asteazkenean, berriz, giza-katea gasteizen, San Viator ikastetxetik abiatuta. Sindikatuen arabera, %65eko jarraipena izan dute bi greba egunek: “Argi erakusten du honek benetako negoziazioren beharra, sektoreko profesionalen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen berri baten beharra, hain zuzen ere”, adierazi dute.

STEILAS, CCOO, LAB, ELA eta UGT sindikatuek ikastetxe hauetako 1.800 langileak deitu dituzte grebara Araban. Izan ere, hiru urteren ostean, sindikatuek eta patronalek ez dute hitzarmenaren gaineko akordiorik lortu. “Borondate eza” leporatu zieten sindikatuek Kristau Eskolari eta Irakaskuntza Zentroen Elkarte Autonomoari martxoko greban.

Hitzarmen berriaren aldarrikapenen artean soldatak daude. Hauek izoztuta egoteari uztea eskatzen dute irakasleek, azken hamar urteetan bere horretan mantendu baitira. Horrez gain, lan karga murriztea eskatzen dute. 

Hezkuntza Publikoan, aurreakordioa

Aurreko asteetan jarrerak hurbilduak izan dituzten arren, astelehenean iritsi da akordiorako oinarria: EAEko hezkuntza publikoko lan gatazka konpontzeko hitzarmenaren oinarriak adostu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta sindikatu gehienek. Bost sindikatu daude mahaian, eta ELAk ez beste laurek sinatu dute: LABek, Steilasek, CCOOk eta UGTk.

Akordioak dakartzan oinarri nagusiak aurreko bileran zehaztutakoak dira: ordezkapenak lehen egunetik egitea irakastaldi guztietan, behar bereziak dituzten ikastetxeetan “baliabide gehigarriak” jartzea, hiru urtekoen geletan lantaldea handitzea, baimenak hobetzea… Lan eskaintza publikoan 5.000 lanpostu baino gehiago eskaintzekoak ditu gobernuak agintaldi honetan.

 

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies