Etxebizitza oinarrizko eskubide bat da, herritar orok bermatuta izan behar duguna. Guztiok ikasi dugun eta noizbait errepikatu ere egin izan dugun ideia da aurrekoa, baina jakin badakigu praktikan ez dela horrela. Etxebizitza luxua da gaur egun, diru kantitate itzelak ordaindu behar izaten baititugu duintasunez bizitzeko beharrezkoa zaigun zerbaitetaz gozatu ahal izateko.

Etxebizitzaren negozioa handia da, inmobiliariek, banketxeek, enpresari handiek… kontrolatzen dutena, guztiok behar dugun zerbaitekin negozio eginez dirutzak pilatzen dituzte. Bestetik, oso normalizatua daukagu gure artean bigarren etxebizitza daukaten pertsonek alokairuen bidez dirua irabaztea, honek maila txikiagoan aurreko logika berari jarraituta. Beraz, egun etxebizitza izatea bermatzen digun bakarra diru sarrera handiak eta konstanteak izatea da, eta gero eta gutxiago dira baldintza horiek betetzen dituzten herritarrak.

Gazteok merkatu honen hartzaile eta kontsumitzaile nagusienetakoak gara, adin tarte honetan gurasoen etxea atzean utzita gurea eskuratu behar izaten baitugu, edo behintzat ahal badugu. Badira etxe bat erosi eta bizi artean hipotekatzen diren gazteak, badira ere alokairua ordaindu ahal izateko aldi berean kontraturik gabeko hiru lanpostu dituztenak, eta badira etxebizitza ordaindu ezin dutelako oraindik gurasoen etxean bizi direnak.

Instituzio publikoek negozio pribatu hau sustengatzen dute. Horren adibide argia da duela hilabete Eusko Jaurlaritzak gazteontzako aurkeztu zuen ustezko diru laguntza berria, Gaztelagun izenekoa. Egunkarietako titularrek gazteok alokairuen menpekotasunetik salbatuko gaituen aukera bezala aurkeztu digute, baina guk badakigu horretatik oso urrun dagoela.

Diru publikoarekin negozio pribatua bultzatzen dute, eta gainera helburu elektoralista hutsekin gazteon lagun bezala aurkezten digute euren burua

Laguntza hau eskuratu ahal izateko Euskal Herriko oso gazte gutxik betetzen dituzten baldintza zehatz batzuk bete behar ditugu gazteok, hala nola, diru iturri erregularra izatea, sei hilabete baino iraupen luzeagoko kontratuak eta adin tarte zehatzak. Gainera, hiriburuen kasuetan 750 eurotik beherako alokairuei laguntzak eskainiko dizkietela diote, eta honek zuzenean jabe partikularrek  prezioak 750 eurora arte igotzea ekar dezake. Esan bezala, laguntza hau salatzen dugun negozioa deuseztatzetik oso urrun dago, alokairuen bidez ematen den espekulazioa zuzenean bultzatzen baitu. Diru publikoarekin negozio pribatua bultzatzen dute, eta gainera helburu elektoralista hutsekin gazteon lagun bezala aurkezten digute euren burua. Baina guk ez ditugu zuen ogi apurrak nahi.

Hau ez da gasteiztarrok ezagutu dugun instituzioen lehenengo opari faltsua. Ensanche 21 etxebizitzak kudeatzen dituen udaletxearen enpresa sasi publikoak, Alde Zaharreko hiru bloke eskaini zizkigun gazteoi ustezko alokairu sozial baten truke. Sozialetik gutxi zeukan honek, alokairuen prezioak ohiko merkatuan aurkitu ahal ditugunen oso antzekoak baitziren, eta hau ere orduko Udalaren aurpegia garbitzeko propaganda hutsa izan zen, proiektua blokeatuta egon baita aurkeztu zutenetik, eta bi gaztek besterik ez dute parte hartu. Egoera honen aurrean duela urte bete jada, gazteontzat izan behar zena berreskuratzea lortu zuten hainbat gaztek etxe hauen ateak irekitzearekin batera. Eta orain Pinto 20 blokea desalojo arriskuan aurkitzen da, Ensanche 21 erakundeak salgai jarri nahi baitu diru publikoarekin berritu eta helburu sozialak zituen etxea.

Orain, orduan bezala, gazteok badakigu gaur egun ez dela etxebizitza bermatuko digun instituziorik existitzen, eta merkatuaren bidetik ez dugula sekula baldintza duinetan eskuratutako etxebizitza duinik izango.

Duela urte bete jada, GESek argi esan zuen okupazioa dela gazteok etxebizitza eskuratzeko daukagun tresnarik eraginkorrena. Prezio altuen menpe bizi gabe gure kabuz etxebizitza eskuratzeko daukagun bidea. Asko baitira gurean hutsik eta erabili gabe daudenak, eta asko ere etxebizitzarik ez daukagun gazteak. Gainera, beraiek ez digutenez ezer oparituko, euren aurpegiak zuritzeko eta gu engainatzeko ogi apurren bat kenduta, gazteon ardura izango da negozio handi hau salatzea eta publiko egitea, ez baita kasualitatea zu gazte, oraindik gurasoen etxean bizitzea, arduradunak egon badaude, eta oso lasai bizi dira poltsikoak diruz beteta dituztela.

Horregatik, gazteok etxebizitza borrokatzera goaz!

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies