Datorren martxoaren 29an Tel Aviveko Maccabi saski baloi taldea izango dugu Gasteizen, Baskoniarekiko norgehiagokan. Etxeko korridorean elefante bat bezala, Israelgo kirol enbaxadorea anormalegia da ez ikusiarena egiteko. Handiegia eta kirastuegia da pakidermoa bere presentziaz ez jabetzeko, talde hebrearra Israelgo politika genozidekin lotzen duten zantzuak bezain nabarmena.

Apartheid erregimenaren aurkako Nazioarteko BDZ (Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak) mugimenduak aspaldi jarri du Maccabi bere boikot kanpainaren jomugan, izan ere, Tel Aviveko klubak esku hartze zuzena dauka estatu sionistaren armadak burututako gerra-krimen zehatzetan. 2009ko urtarrilaren 9an, Israelgo armada Gazako Zerrendako populazio zibilaren gainean “Berun urtua” izeneko operazio militarra buruzen ari zen zorigaiztoko aste haietan, maccabitarrek propaganda-erreportaia argitaratu zuten euren webgunean[1], operazio militarrari sostengua eta zilegitasun itxura emateko. Albiste horren arabera taldeko izarretako hiruk; Lior Eliyahu, Omri Casspi eta Marcus Fizer-ek; bisita egin zieten Gazan ari ziren Israelgo armadako soldaduei; opariak banatu, autografoak sinatu, eta haiekin lagun giroan solasean ibili ziren. Bien bitartean, handik 300 metro eskasetara, ejerzito horixe bera fosforo zuri zaparrada jaurtitzen ari zitzaien Gazako herritar babesgabeei. Sarraski hartan 1500 pertsona inguru erail eta zerrendako azpiegitura oinarrizkoenak suntsitu egin zituzten. NBEak Palestinan duen Giza Eskubieetarako Kontalariak, Richar Goldstone legelari Hegoafrikarrak, triskantza hura gerra krimena izan zela ebatzi zuen.

2014ko uztailaren 8tik abuztuaren 26ra bitartean Israelgo erregimenak “Babes hesia” izeneko operazio militarra burutu zuen Gazan, gaur egun arteko historian kostaldeko zerrendan burutu duten odoltsu eta suntsitzaileena. Erasoaldi haren bigarren urteurrenean B´tselem izeneko giza eskubideen aldeko erakunde israeldarrak kalkulatu zuen 2.202 palestinar erail zituztela. Egun batzuk geroago, 2014ko irailean, David Blattek, AEBetako Cleveland Cavaliers taldeko egungo entrenatzaile eta Maccabiko entrenatzaile izandakoak, lagunarteko partida antolatu zuen bi taldeen artean, Gazako sarraskian parte hartu zuten soldadu israeldarrak omentzeko, eta Israelgo Defentsa Indarren Lagunen Elkarteari diruz laguntzeko.

Israelgo armadaren gerra ekintza horiei zilegitasuna eman ondoren Tel Aviveko taldeak behin baino gehiagotan bisitatu du gure hiria; hala ere; gerra-krimen horiekiko eskuartzea ez da inongo eragozpenik izan Baskonia taldeak zein Arabako erakundeek adeitasun osoz harrera egin ziezaioten; areago, delegaritza diplomatikoei zor zaien harrera ere egin izan diote.

Delegaritza sionistak Gasteiz bisitatu duen azken hamar urteotan Palestinarekiko elkartasun mugimenduak, Indar Baskoniako zaletuekin elkarlanean, gizarte zibilak eskura diruen tresna guztiak baliatu ditu ebidentzia kriminal horiek ikustarazteko eta salatzeko; erakundeekiko harremanetatik hasita ekintza zuzen ez-bortitzetara; informazio kanpainetatik, manifestazioetara… eta larrutik ordaindu du, gainera, jarduera solidario hori; izan ere; BDZ mugimenduko ekintzaile zein Indar Baskonia taldeko kide askok epaiketak, salaketak eta milaka eurotako isunak jasan behar izan dituzte, kirol arloko legearen arabera, Palestinarekiko elkartasuna Zurbanoko pabilioira eramateagatik.

Tel Aviveko Maccabi Israelgo armadaren gerra-krimenekin lotzen duten ebidentziak ezagunegiak eta publikoegiak dira ezaxolarena egiteko. Ezagunegiak eta publikoegiak dira, halaber, maccabeoek Gasteiz bisitatu duten bakoitzean hirian ezarri den salbuespenezko egoera. Nabarmenegiak dira erakundeetan aurkeztutako mozioak; antolatutako elkarretaratzeak, manifestazioak eta mintegiak; pabilioian bertan egin diren protestaldi ikusgarriak eta ekintza zuzenak… eta hala eta guztiz ere, oraindik badago etxeko korridorean elefante bat ikusi duela ukatzera ausartzen denik.

Koldo Alzola

[1]    http://www.maccabi.co.il/News.asp?id=1768&language=english

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies