“Maita nazazu gutxiago, erabil nazazu gehiago” esan zuen izena gogoan ez dudan itzal handiko euskaltzale batek.

Esaldi biribila. Argi dago zergatia, ezta? Izan ere, euskararekiko afektibotasuna handia da Arabako giro askotan. Gero eta hedatuago dago hizkuntza horrekiko atxikimendua edo, gutxienez, onarpena. Gazteen artean, batez ere, nabarmenak dira sentimendu positiboak.

Urrats handia egin da bide horretan, kontuan izanda euskararekiko indiferentzia eta, kasu batzuetan, aurkakotasuna iragan hurbileko kontuak direla oraindik. Harrigarria da nola lurrundu den zenbait aurreiritzi, hala nola diskriminazioarena edota inposizioarena. Baita Araban ongi errotuta zeuden uste ustel batzuk; adibidez, “aquí nunca se ha hablado euskera” moduko sententzia zentzugabeak.

Afektibotasunaren erronka atzean gelditu omen da. Oso bestelakoa da euskararekiko efektibotasunarena, jakina baita erabilerak gurean oso-oso motel egiten duela gorantz. Hortaz, afektibotasuna beharrezkoa den arren, ez da nahikoa erabilera bultzatzeko. Eta biziberritu nahi den hizkuntza baten efektibotasuna erabileran datza, argi eta garbi.

Soziolinguistika kritikoak dioen bezala, gizartean gertatzen diren tentsioak, gatazkak zein borrokak islatzen dira hizkuntzan. Hortaz, ezinbestekoa da, ere bai, euskara sentimendu positiboetatik harago eramatea. Hizkuntza, borroka ere bada. Borroka ere izan behar du efektibotasuna lortuko badugu. Euskara biziberritzeak jarrera aktiboa eta konpromisoa eskatzen ditu nonahi, eta Araban bereziki. Izan ere, efektibotasunik gabeko afektibotasuna antzua izango da beti.

Iñaki Martinez de Luna

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies