Okupatzen gaituen gaia konkretuki lantzeari ekin baino lehen,  gaiak berak izan ditzakeen konplikazio sozialak eta sakontasun erreala tarteko, berau  bere testuinguruan kokatzea komenigarri deritzogu, hau da, okupazioaren dinamika (beste apropiazio dinamika batzuetara estrapolatu daitekeen logika baten baitan),  logika kapitalistaren baitan, (edo egun bizitzera kondenatuta gauden errealitatean)  azaldu eta ulertzea.

haraba.info bidez

Sistema kapitalistak duen funtzionatzeko eraren ondorioz, askotan,  errealitatea desitxuratuta agertzen zaigu gure kontzientzian.  Lan abstraktuaren (buru, gihar eta artikulazioen gastua orokorrean ulertuta, denbora kantitate inbertsio bezala, merkantzien arteko elkartrukea balio kristalizatu kantitate berdinen arteko elkartruke izatea ahalbidetzen duena), harreman sozialaren baitan ezkutatzen diren determinazio guztiak  (hala nola, produzitzeko eta produkzio horren zirkulatzeko erak, prozesu historiko baten ondorioz, era biolento batean desjabetutako klase baten, eta aurrez aurre duen, bizitzeko beharrezkoak diren produktuak ekoizteko bitartekoen jabetza duen beste klase baten existentzia aurresuposatzen duela, eta beraz, lehena bere lan indarra bigarrenari saltzera behartuta egotea bere biziraupena bermatu ahal izateko),  desagertu egiten dira kapitalaren erreprodukzioan eta  hauen ordez, fenomeno ezberdinen  aparientzia (bere baitan gordetzen duen esentziaren errealizazioak ematen dion “bizitza propioa”)  agertzen zaigu begien aurrean.

Hau, Marxek fetitxe moduan definitu zuena,  zirkulazioaren esferaren funtzionamenduarekin berresten da. Bertan,  norbanakoak,  era aske batean aritzen dira,  haien lanaren produktu diren  (izan zuzenki –artisau batek bere tailerrean eginiko zapata parea-, zein zeharka –enpresari batek bere fabrikan egindako zapata parea)  merkantziak (eta beraz “logikoki” haien jabetza direnak),  era aske batean, bere lanaren produktu diren merkantziak merkaturatzen dituzten norbanakoekin elkar-ekintzan, bakoitzak dituen beharrak asetzeko asmoz.

Nahiz eta  funtzionamendu honen azpian, klaseen arteko talka (lanaren eta kapitalaren arteko kontraesana)  ezkutatu, horren “logikoki” gauzatzen den prozesuak,  sistema kapitalista zilegiztatu egiten du gure kontzientzietan, gure lan indarra saltzea beharrezkoa eta aukera bakarra dela pentsatzetik (nahiz eta hau kondizio konkretu batzuen ondorio izan),  produktuen apropiazioa merkatuan, eta diruaren bitartez soilik eman daitekela pentsatzera eramaten gaitu.  Txanpon beraren beste aldean, funtzionatzeko era berri baten zentzua, eta horrela aukera,  baztertu eta kondenatu egiten dira gure kontzientzian.  Okupazioak, zentzu batean, bizitzeko (produzitzeko, elkartrukatzeko, harremantzeko, pentsatzeko) era berri  horri erantzuten dio.

Heldu gara testu honek garatzea helburu zuen gaira, zentzu hertsian.  Azalpenak bi zutabenagusi izango ditu hemendik aurrera,  okupazioaren zergatia alde batetik, eredu berri baten garapenaren logikan,  eta harremanak garatzeko era berri horren inguruko zertzelada edo apunte batzuk, nahiz eta hau, denon artean garatzeko gai bat izan, egunerokotasuneko praxian oinarrituta dagoena eta beraz, gure esposizio gaitasuna oso mugatua eta pobrea izan.

Lehen aspektuari helduz, alde batetik,  langile klasearen determinazio objetiboak  eragindako miseria daukagu.  Bizitzeko beharrezkoak dituen bitartekoak produzitzeko gaitasunik ez izateak, lehenago aipatu bezala bere  lan indarra saltzera behartzen du,  besteren aberastea elikatzeko (berriz azpimarratu behar da atal honetan, egoera honek dakarren ibilbide historikoaren eta egungo egoeraren izaera biolentoa, esplizituki langile greba edo protestetan polizien kargetan adierazten dena baina berezkotasunez harremanetan aurkitzen dena). Azken hau  gainbalioaren estrakzioaren bitartez gauzatzen da. Gainbalioa,  langileari soldata bezala ordaintzen zaion (hurrengo egunean berriro ere lan egiteko prest egoteko jasotzen duen ekoizpen sozialaren zatia)  eta honek produzitzen duenaren arteko aldea izango litzateke, bestela esanda,  produzitzen duenaren zati bat bere erreprodukzioa bermatzeko produzitzen ariko den bitartean, burgesaren aberastasuna garatzen ariko da beste alde batetik. Gaur egun bi aspektu horien arteko aldea imaginaezina da eta dinamika horren ondorio da, pertsona batzuek haien zoriontasuna ospatzeko txanpaina astinduz gela bat zikintzen duten bitartean, munduko beste alde batean familia bat egarriz itotzen egotea, besteak beste, edo pertsona batzuen etxeetan haien soldatapeko esklabu domestiko guztiek lo egiteko besteko lekua dagoen bitartean, beste pertsona batzuk kutxazain batean lo egitera kondenatuta egotea.

Gainbalio horren erreapropiazioa, ez da gure miseriaren errudun direnen eskutik etorriko.  Gure gain geratzen da, egoera horri buelta eman eta gure kabuz aurrera eraman ditzakegun dinamikak logika horren baitan kokatzea, ahal den neurrian soldataren beharrezkotasunetik askatuz. Janaria supermerkatuetan geureganatzetik, etxebizitzak kalean geureganatzera. Langile klaseak behar inmediato batzuk asetu behar ditu objektiboki eta hau gure antolakuntzaz soilik lor dezakegu, aipatutako  erreapropiazio dinamika eta bestelako proposamenen (erropak garbitzeko txoko autogestionatuak, auzoan kudeatutako baratzak, haurren heziketa kolektiboki aurrera eramateko lokalak, etab.)  bitartez.

Bestetik,  behar inmediatoak asetzeko autoantolakuntzaz gain,  kapitalaren boterea aurkitzen dugu, jabetza pribatuan oinarritzen dena eta sistemaren sustantzia eta zutabe dena aldi berean. Kapitalak, izan forma publikoan (udaletxeak Ensanche 21ren bitartez kudeatzen dituen etxeak),  zein pribatuan (Iberdrolak bere jarduera aurrera eramateko behar dituen ofizinak),  ondasun ezberdinen forma hartzen du gure aurrean eta beste elementu askoren artean  horietan oinarritzen du bere langile klasea zapaltzeko gaitasuna. Garrantzia hau era oso argigarri batean ikusten da okupazio baten aurrean indar polizialen basakeria erabiltzeko izaten duten erraztasunean. Gauzak horrela, ondorio zuzena da,  jabetza pribatuari eginiko eraso oro, zentzu batean edo bestean  haren objektu antagonikoaren, langile boterearen, alde eginiko ekintza bat izango dela.

Bigarren aspektuari dagokionez, beste bi alderdi. Alde batetik,  harremantze eredu berri baten beharra. Bizi dugun errealitateak sortutako miseria ezberdinen artean aurkitzen dugu, pertsonen artean harremantzeko dugun era.  Objektuak giza gaitasun/ezaugarriz betetzen dituen bitartean, pertsonak merkantzia bihurtzen dituen logikak,  eragin zuzenak ditu gure egunerokotasunean, izan lagunekin konpartitzen ditugun tarte gehienek diruaren erabilera barnebiltzen dutela (honen adibide argia da taberna sozializatzeko eremu bezala ulertzea), lana soldatatik kanpo ez ulertzea (zure kotxea mendian trabatuta gelditzean zure seguroari edo guardia zibilari deitu behar izatea), harreman guztien oinarrian kontrola, konpetentzia, inbidia, asetze pertsonala, geurekoikeria… egotea, eta ezagun egiten zaizkigun eta abar luze bat.

Honek, eredu aske eta askatzaile baten beharra jartzen du gure aurrean. Hau  ezinbestean egungoaren gaindipenaz soilik orokortu daitekeen arren, gure egunerokotasunean, kapitalaren hatzaparretatik geureganatzen ditugun espazioetan garatzen hastea dagokigu, denoi. Pertsonen arteko  elkartasun interes gabea oinarri, aurreko parrafoan aipatutako sintoma guztiak alde batera utziko dituen ereduaren garapenak,  hala ere, zailtasun ugari aurkitzen ditu bere bidean, asko honen enbrioitasunaren ondorioz, oraindik ere gure kontzientzia zamatzen duten elementu burgesak tartean.  Berebiziko garrantzia du elementu hauek identifikatu eta hauei aurre egitea, nahiz eta askotan honetarako zailtasunak izan (gainontzeko aspektuetan bezala errealitatea desitxuratuta aurkezten baitzaigu eta konbikzioz onartzen baititugu elementu arrotz horiek) jarrera  hauek erreproduzitzeak kaltea eta gure helburuak atzeratzea besterik ez du eragiten.

Gure artean konpartitutako denbora euskarri, bizi proiektuaren garapenaren berme izango diren konfiantzazko harremanak helburu egin behar dugu lan. Jendea ezagutu, jendearekin tratatu, jende horrekin lan egin eta bizi ahal izateko.

Eta honetan dihardugu, zailtasunak zailtasun eta gure txikitasunean, eta honetan arituko gara, zailtasunak zailtasun, guztia baitugu irabazteko. Kalean ikusiko gara.

Okupazioa delitua bada, gora delinkuentzia! JoTaKe!

Ikasle okupak

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies