“Komunean”  -Mikel  Ayllon-

“Komunean” -Mikel Ayllon-

Ez dakit noiz gertatu zen. Memoria ahulekoa naiz, eta, gainera, gero eta gutxiago sinesten dut hasieretan. Izan ere, ia ezer ez baita hasten une zehatz batean. Nahi baduzue, energiarekin edo aberastasun kapitalistarekin bezala gertatzen da beste guztiarekin ere, ez dela sortzen, ez dela hasten, ez dela ahitzen, aldatu besterik ez dela egiten, eraldatu, handitu, txikitu, pilatu, eta ia inoiz ez banatu. Gauza gutxi hasiko dira noizbait, eta hasten den diren gauza urri horiek berehala desagertzen dira, gauza jakina baita, hasten den guztiak bukaera duela.

Esate baterako, dagoeneko ez dut akorduan noiz hasi ginen etxe honetan bizitzen Labrit, Telmo eta hirurok. Ez dakit inoiz hasierarik ere egon zen, ala beti egon garen, nola edo hala, elkarrekin bizitzen.

Bai, badakit, akaso, hausnarketa sakonegia irudituko zaizuela goizeko ordu hauetarako, are pixka bat mistikoa ere bai. Baina, aizue, komuneko tronuan eserita nagoenean, hausnarketa pisuek inbaditzen naute. Harik eta norbaitek komuneko atean kask-kask jotzen duen arte. Gaur Labrit izan da, baina ohi ez bezala, ez zen barrura sartzeko txanda eskatzen ari.

-Irakurri al duzu hau? Jauntxoek kupoaren inguruko akordio surrealista bat sinatu dute, munduko gauzarik liluragarriena dela esan dute eta guk kaka dena irentsi dugu! Nola da posible esaten duten guztia guk hain erraz sinestea?

Serio, nik ez dakit noiz hasi ginen gauza hauekin harritzen, noiz hasi ginen geure buruari halako galdera ergelak egiten. Agian, ez da gauza berria. Akaso, aspalditik geratzen gara ahoa bete hortz halako kontuekin. Igual, oraindik ez gara ohartu beti leku berera begiratzen badugu, beti gauza bera ikusiko dugula. Edo, komuneko tronuan eserita egoteak ematen duen argitasunari esker, garbiago nahi baduzue: ez dakit noiz demontre konturatuko garen, behingoz, arazoa ez dela PNV, arazoa sistema dela.

Jakina, konturatzen ez garen bitartean, hortzez beteko zaigu ahoa gauzak irensteko daukagun gaitasun eta erraztasunaren aurrean. Are gehiago: guk ere gure loria eskuratu nahirik, sistema izatera jolastuko gara, eskolan orri zuriaren gaineko arraina koloreztatzera bezala, beste kolore batez, bale, baina behin ere mugatik atera gabe, irakaslearen onespena eta klasekide guztien irribarrea eskuratzeko.  

Egia esan, nahiko nuke jakin noiz hasi zen gure despistea. Eta jakin nahiko nuke, batez ere, gure despisteak hasiera bat izan zuela ziurtatzeko, horrela, seguru izango duelako amaiera bat.

Ez naiz gauza izan Labriti ezer erantzuteko. Bonba sakatu dut eta, kaka komunzulotik behera desagertzen den bitartean, hantxe geratu da Labrit, komuneko atearen atalasean, harridura aurpegiarekin oraindik, komuneko tronu berriz hutsari begira.

 

Entzun
[Iritzia]  “Hau  ez  da  poema  bat”  -Mikel  Ayllon-

[Iritzia] “Hau ez da poema bat” -Mikel Ayllon-

Batzuetan, ez dakit, dei nazazue zoro nahi baduzue, baina irudipena dut idazten dugun guztiak zerikusi handia duela bizi dugun egoeraren larrian eta munduaren hondamendian. Eta guztia esaten dudanean, guztia esan nahi dut, baita hitz txatxu hauek ere.

Batzuetan, begiak oraindik itxita ditudala esnatzen naiz, eta Telmo eta Labrit pisukideez hizketan hasten natzaizue, pixka bat gogogabe, Telmo eta Labrit, gainera, benetazkoak balira bezala. Kontatzen dizuet zer gosaltzen dugun zoroetxe honetan. Kontatzen dizuet zein haserretzen den zeinekin, edo nola egiten diogun errieta elkarri.

Batzuetan, benetan diotsuet, gerra kazetaria naizela sentitzen dut, bi bandoen arteko tiro artean ernai. Edo kultur kazetaria, edo kiroletakoa ere ez gutxitan. Batzuetan iruditzen zait ikusi uste dudana kontatu besterik ez dudala egiten, zapatillak erantzi edo pijama janzten duenaren asmo antzekoarekin.

Ursula K. Le Guin idazleak esana da: “bizi behar dugun garai beltz honetan, biziki behar duguna kazetaritza gutxiago eta poesia eta fikzio esanguratsu gehiago da”. Eta ni larrituta bizi naiz, ez dakidalako kabituko ote zaidan hain esaldi luze eta pisua kamiseta batean, eta irudipena dudalako, poesia eta fikzioa idazten dugunean ere, kazetaritza gehiegi egiten dugula, eta poesia eta fikzio esanguratsu gutxiegi. Eta gero, hori gutxi ez eta kexu agertzen gara, literaturak prestigioa galdu duelako, ia inork ez duelako libururik erosten, eta irakurri, despistaturen batek soilik, eta noizbehinka. Ez galde niri horren arrazoirik. Auskalo. Baina irudipena dut, aukeran, jendeak nahiago duela periodiko originala irakurri eta ez liburu batean argitaratutakoa.

Batzuetan, zaku bete irudipen esantzen naiz, eta begiak irekita. Eta orduan ohartzen naiz non nagoen. Eta gure zoroetxean ez dago sukalderik, ez egongelarik, ez gosaririk, ez Telmorik, ez Labritik. Orduan pizten zait kazetaritza egiteari utzi eta poesia idazteko gogoa. Baina, lasai, laster joaten da, erizaina gelan sartu eta pilulak irentsarazten dizkidan bezain pronto. Orduantxe zoratzen bainaiz, hemen egoteko, zoratuta egon beharra dagoelako.

Batzuetan, pilulek eztarria laztantzen didaten bitartean, poetaren esanek betetzen didate burua trumilka. Hark esana da: “poesiak, begien bistakoa da, ez du mundua aldatuko, baina mundua aldatuko duten pertsonak aldatuko ditu”.

Eta gero, gelatik ateratzen naiz, egunero bezala, Telmo eta Labritekin gosaltzera.

Entzun
[Iritzia]  “Normaltasuna”  -Mikel  Ayllon-

[Iritzia] “Normaltasuna” -Mikel Ayllon-

Ez nuke jakingo zehatz esaten noiz gertatu zen, ez zenbat denbora igaro den bera ez dagoenetik. Ez nuke, ordea, dramarik egin nahi. Aitortuko dizuet, nahi baduzue, bera gabe orduren bat pixka bat luzeagoa egin zaigula, edo isiluneren bat pixka bat pisuagoa. Baina zeinen hutsunea ez da sikiera apur bat nabaritzen, orain beste norbaiten ondoan barre egiten duen aspaldiko maitale hark utzitakoa baino txikiagoa bada ere?

Nolanahi ere, eta beharbada ez didazue sinetsiko, baina nago bera ez dagoenetik zoriontsuagoak izan garela. Labrit pisukideak behin baino gehiagotan esan izan du bera gabe altuagoak eta ederragoak izan garela. Akaso, auskalo, izango da gu aski baxuak eta itsusiak garelako.

Baina Telmok ezin izan du kulpa sentimendua gehiago eraman. Berak atera zuen gure etxetik, baimenik ere eskatu gabe, bere performance horietako batean erabiltzeko. Bizirik zegoen oraindik eraman zuenean, kolore argi distiratsutan zoriontsu. Bueltan ekarri zuenetik, baina, ez zuen barrerik erakutsi berriro. Ilun egoten zen, itzalita, barrurantz bilduta balego bezala. Inork ez zuen hitz erdirik esan, baina denok genekien, baita Telmok berak ere, hark izorratu zuela.

Atzo, azkenean, teknikariari deitu zion, eta harengana joan beharrean, etxera etortzeko esan zion, aurreko mendean biziko bagina bezala. Bi ordu igaro aurretik, etxean geneukan teknikaria, gure egongelan, belauniko, bere bihurkin-ezpatarekin kable eta txip artean borrokan, eta gu hirurok ikusle.

-Telmo, nola zuen izena egin zenuen performance hark? –bota zion Labritek, ustekabean.

-Akabo telebista –erantzun zion Telmok.

-Ya… -atera zitzaigun Labriti eta bioi.

Berriro geratu ginen isilik eta zain, begiak zabal-zabalik, teknikariaren deabruzko magiari begira. Harik eta bat-batean, aurretik seinalerik edo abisurik eman gabe, lurretik altxatu eta irribarre zabal bat loratu zitzaion arte gure buzodun mago inprobisatuari. “Kito, orain funtzionatu beharko luke” esan zuen, eta eskuan zeukan urrutiko agintea luzatu zion Telmori, zeremonialki, hark izan zezan telebista konpondu berria pizteko ohorea.

-Beno, itzuli gara normaltasunera –ausartu nintzen esaten, konbentzimendu doiz.

Nigana jiratu zen Telmo, eta zalantza egin barik esan zidan:

-Van Goghek esaten zuen normaltasuna bide asfaltatu bat dela; oso erosoa da ibiltzeko, baina ez da lore bakar bat ere jaiotzen bertan.

Teknikariaren eskuetatik urrutiko agintea hartu zuen behingoz Telmok, eta, dardara txikienik egin gabe, telebistaren kontra bota zuen. Mila zati txikitan hautsi zen pantaila. Denok geratu ginen isilik, baina teknikaria izan zen eskuak burura eraman zituen bakarra.

Entzun
[Iritzia]  “Oreka”  -Mikel  Ayllon-

[Iritzia] “Oreka” -Mikel Ayllon-

Urte berriak aldatu egin gaitu denak. Pixka bat, ia oharkabean, gure etxean ez baikara urte berrirako promesak egin zaleak. Hau da, ez dugu izena eman gimnasioan eta ez gara inongo sektatan sartu, meditatzeko edo yoga egiteko.

Urte berriak pixka bat aldatu gaitu, nahi gabe bezala, eta orain, ez dakit nola esan, orekatuagoak gara etxeko denak.

Labritek lan berria aurkitu du. Orain bulego batean egiten du lan, bulegoko ordutegian, ordenagailuaren pantailaren aurrean, ondo ulertu ez dizkiogun gauza itxuraz nahiko aspergarriak egiten. Eta pozik dago. Pozik dagoela esaten du. Behin eta berriro esaten du.

Telmo maitemindu egin da. Ez dakigu norekin, oraindik ez baitu etxera ekarri. “Etxean izugarri aspertuko litzateke zuekin. Hona ekarri aurretik, arte-galeria batera eramango nuke, nire erakusketa bat ikustera, eta gehiago dibertituko litzateke”. Hala esan digu, ahotsa goratu gabe, eta lotsagorritu gabe ere bai.

Orain, elkarrekin gosaltzen dugu egunero. Kafea, ogi xigortua eta marmelada. Etxe orekatuetan bezala. Arrapaladan, hori bai, presa baitugu gure egitekoetara joateko, eta isilik, logura gupidagabea baita hitzekin. Baina hirurak elkarrekin, etxeko sukaldean.

Urte berriak aldatu gaituenetik, dena da oreka perfektu. Bakoitzak badaki, non ikasi dugun ez dakigun arren, zer, nola eta noiz egin behar duen, pentagramatik kanpoko notarik entzun ez dadin.

Eta, bai, asmatu duzue, ez dago munduan ezer oreka baino aspergarriagorik eta arriskutsuagorik. Orekak behar gaituelako geldi, behar gaituelako isil, behar gaituelako zurrun. Orekak ez du mugimendurik, hitzik, sentimendurik sortzen.

Zoriontsuagoak ginen lehen, gauzek min egiten zigutenean, erortzen ginenean. Eta ez gauzek min egiten zigutelako, edo erortzen ginelako, baizik eta irribarreek min denak sendatzen zizkigutelako eta altxatzeko modua aurkitzen genuelako beti.

Desoreka da mugimenduaren ama. Eta mugimendua, bizitzarena.

Entzun
Mikel  Ayllonen  iritzi  tartea  ARABA  HIZPIDEn

Mikel Ayllonen iritzi tartea ARABA HIZPIDEn

mikelayllonIkasturtean estreinatu da Mikel Ayllon gaur ARABA HIZPIDEko iritzi tartean. Uda amaitu da eta udazkenari ongi etorria eman dio Mikelek, aldaketa berriekin hilabeteen ostean, Telmo eta Labrit etxean ez dituela. Aurreko ikasturtean hasitako segidarekin jarraitu du Mikelek.

Entzun
Mikel  Ayllon:  Gure  (zoro)etxea  –  2.  atala

Mikel Ayllon: Gure (zoro)etxea – 2. atala

mikelayllonMikel Ayllon idazlearen Gure (zoro)etxea iritzi-zutabe fikzionatuaren hirugarren atala entzun genuen atzo, baina tentsioari eutsi nahi diogunez, momentuz, bigarren atala jarriko dugu webgunean (gaiztoak izan gaitezke, muahaha…).

Labrit eta Telmo pisukideak protagonista dituen iritzi-zutabea idatziz aurki dezakezue Aiaraldea.eus webgunean, honako helbidean. Lehen atala ere idatziz zein audio-formatuan irakurri/entzuteko aukera daukazue.

(Argazkia: Aiaraldea.eus)

Entzun
Mikel  Ayllon:  Gure  (zoro)etxea  –  1.  atala

Mikel Ayllon: Gure (zoro)etxea – 1. atala

mikelayllonAraba hizpide saiorako iritzi-zutabea eskatu genion Mikel Aylloni, eta gustu handiz hartu zuen berak proposamena. Iritzi-tartea baino, iritzian oinarritutako fikzioa edo fizkioan oinarritutako iritzia egiten du Mikel Ayllon idazleak hiru astean behineko kolaborazioan. Orain, Aiaraldea.eus webgunean testu horiek idatziz jartzeari ekin dio, eta guk jatorrizko euskarria jarri nahi izan dugu euren esku. Hemendik, eskerrak eman nahi dizkiegu Aiaraldeko lagunei eta Mikeli, euskarazko komunikazioa erraztu eta edertzeagatik. Bejondeizuela!

(Argazkia: aiaraldea.eus)

Entzun
1 orrietatik 1 orria1

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies