Izan  Media  herri  komunikazio  tailerren  inguruko  informazio  guztia

Izan Media herri komunikazio tailerren inguruko informazio guztia

Aurtengo ikasturtea indartsu hasteko, Hala Bedik Izan Media herri komunikazio tailerrak antolatu ditu beste urte batez. Irailaren 23an, egun osoan zehar burutuko dira Oihaneder Euskararen Etxean. Udako oporrak hasi baino lehen iragarri ziren tailerrak, eta irailaren 18an izena emateko epea amaituko da.

Tailer hauen helburua, komunikabide handiek jartzen dituzten gero eta traba handiagoei aurre egiteko hazia ereitea da. Herri mugimenduak zein norbanakoak komunikazioaren arloan ahalduntzea eta, bide batez, Hala Bediren proiektu komunikatiboan inplikatzea.

Edukiei dagokionez, hauek dira antolatutako bost tailer ezberdinen (irratigintza, argazkilaritza, kartelgintza, bideogintza eta prentsa / sare sozialak) nondik norakoak:

» Kartelgintza

Irakasleak: Aimar Cordero (HalaBideo) eta  Albaro (DOSporDOS).

Goizean, kartelgintza munduan lehenengo pausoak emateko aukera izango da. Hasieran, programak eskaintzen dituen erreminta ezberdinak ikasiko dira, adibide praktikoekin. Bukatzeko, kartel ezberdinak egiteko aukera izango da, guztien ideiak eta praktika elkarbanatuz

Arratsaldean, kartel landuagoak egiteko oinarria emango du tailerrak. Hasierako ataletan, kontzeptu teoriko batzuk azalduko dira: konposizioa, kolorea, testuak… ondoren praktikara eramateko, kartel bat egiteko modu bat jorratuko da diseinurako erreminta ezagun batekin. Diseinu grafikoko erreminta informatikoen oinarrizko ezagutzak izan behar dira, hau da, goizeko tailerreko formakuntza.


» Bideogintza | BETETA

Irakasleak: HalaBideo taldea.

Talde ezberdinetan banatuta, ikusentzunezko proiektu bat sortzeko oinarriak emango dira, aurrerantzean bakoitzak garatu beharrekoak.

Goizean, irudien eta soinuen grabazioaren oinarrizko teoria jaso ostean, praktikara pasako da: taldeka, rol ezberdinak banatuz eta txandakatuz, bideo baterako errekurtsoak grabatuko dira (errekurtso-plano ezberdinak eta elkarrizketa bat).

Arratsaldean, bideo-edizioaren oinarriak landuko dira: programako erremintak, irudien eta soinuen nahasketa, errotuloak. Ostean, bideoei formatua eman eta sarean zabaltzeko azalpenarekin batera, tailerrean egindako lanak proiektatu eta komentatuko dira.


» Irratigintza

Irakasleak: Imanol Miranda, Alba Fernandez, Iraide Mezo eta Gaizka Amondarain.

Ahozkotasuna irratigintzan: hausnarketa, teoria eta produkzioa. Ahozkotasunaren gakoak aurkeztu eta ahozko produkzioan barneratuko gara hitza mingainetik mikrora eramanaz.

Irrati mahaiaren erabilera: irrati mahai baten funtzionamendua ezagutu eta ahozkotasunean sortutako audioak grabatuko dira (irratian).

Audio edizioa: Grabatutako audioak editatzen ikasi, oinarrizko programa baten bitartez.


» Argazkilaritza

Irakaslea: Raul (DOSporDOS)

Argazkilaritzaren oinarrizko printzipioak ikasiz hasiko da. Ondoren kamera digital bat nola erabili ikasiko da. Behin oinarrizko printzipioak eta kameraren erabilera ikasita, argazki bat egiteko irizpideak ikasiko dira. Teoriarekin bukatzean ariketa praktiko batzuk egingo dira.


» Prentsa eta Sare Sozialak

Irakasleak: Axier Lopez (Argia), Lander Arbelaitz (Argia) eta herri mugimenduko esperientzia ezberdinak (besteak beste, Gora Gasteiz eta Errekaleor Bizirik).

Goizean, EHko eta nazioarteko ekimen eta ekintza ikusgarrien bitartez, eta kazetarien ikuspegia kontuan hartuta, ondorio, gomendio eta ikasgai batzuk lortzen saiatuko gara herri mugimenduaren praktika politiko eta komunikatiboa hobetzeko, besteak beste, sare sozialak baliatuta.

Arratsaldean, herri mugimendutik prentsarekin harremana nola kudeatu ikasiko da, hau da, deialdi eta mobilizazioen berri emateko zein estrategia komunikatibo bat aurrera eramateko irizpideak. Horretarako, herri mugimendu esanguratsu batzuen esperientzia jaso, eta ondoren, kasu zehatzetatik abiatuta, lanketa komunikatibo on bat garatzeko ariketa praktikoa egingo da.


» Parte hartzeko irizpideak

Parte hartzeko, harremanak.halabedi@gmail.com helbide elektronikora email bat bidaltzea nahikoa da, izen-abizenak, kontaktua eta aukeratutako tailerra idatziz. Matrikulazioa eginda, 10€ ordaindu beharko dira egunean bertan, eta Hala Bediko USB bat emango da opari, tailerren eduki teorikoekin eta hainbat erremintekin.

Tailer guztiak aldi berean garatuko dira, bi bloketan banatuta: 10.00etatik 13.00etara goizean, eta bazkalostean, 16.00etatik 19.00etara. Izena eman duten pertsonak 9.45etan azaldu beharko dira Oihaneder Euskararen Etxera.

Honetaz gain, tailerretara datozenek, Hala Bedi Tabernan 8€ren truke eguneko platerra (marmitakoa) eta edaria izango dituzte aukeran, baina aldez aurretik abisatu behar da bazkariaren aukera nahi bada.

Izan  Media  tailerrak,  irailaren  23an  Oihaneder  Euskararen  Etxean

Izan Media tailerrak, irailaren 23an Oihaneder Euskararen Etxean

Bost tailer ezberdin egongo dira eta egun osoko jardunaldia izango da. Zabalik dago izen ematea. 

 

Komunikabideek mugitzen dute mundua. Askotan errepikatuagatik, oharkabean ahazten dugun egia horietako bat da. Komunikatzen ez dena, azken batean, ez delako existitzen. Zerbaiten parte izan nahi duenak, beraz, komunikatzeko beharra dauka. Edo beste era batera esanda: izan nahi dugulako komunikatzen gara.

Hedabide nagusiak gutxi batzuen eskuetan dauden garaiotan, bestelako gizarte eredu baten alde lanean gabiltzanontzat, egiten duguna behar bezala komunikatzea ezinbestekoa da. Eta horretarako, eskura ditugun tresnak ahalik eta ondoen erabili behar ditugu.

Hori da, hain zuzen ere, Hala Bedik antolatutako Izan Media tailerren helburua. Aurreko urtean bezala, eskaintza zabaltzea erabaki eta ikus-entzunezko bestelako disziplina batzuen inguruko tailerrak ere eskainiko ditugu irailaren 23an. Irratsaio bat, bideo bat zein kartel bat egiten trebatzeaz gain, Hala Bedi hobeto ezagutzeko eta bertan parte hartzeko aukera aproposa duzu honako hau.

Bost tailer ezberdin egongo dira:

  • Kartelgintza | Kartel bat egiten ikasteko tailerra. Nola hasi kartel bat egiten? Zertarako? Nola erabili programa ezberdinak?
  • Bideogintza | Bideo bat egiten hasteko eta prozesu honetan trebatzeko truko ezberdinak ikasiko ditugu hemen.
  • Irratigintza | Irratian jarduteko baliabide ezberdinak behar ditugu; errazak dira hauetako batzuk, zailagoak beste batzuk. Kuña bat nola egin, mahai tekniko bat nola kontrolatu, nola lokutatu … ikasiko dugu tailer honetan.
  • Argazkilaritza | Erdi Aroko azoka aprobetxatu ahalko dugu argazki ezberdinak nola atera ikasteko: erretratuak, enkuadrea, argia … 
  • Prentsa eta Sare Sozialak | Nola egin prentsa deialdi bat? Nola sortu txio biral bat? Nola sortu kanpaina komunikatibo eraginkor bat? Galdera hauek erantzungo ditugu tailer honetan.

 

Izen ematea

Tailerrak koordinatzeko izena ematea beharrezkoa izango da. Email bat jarri dugu horretarako: harremanak.halabedi@gmail.com. Email horretan, parte nahi duzun tailerraren berri eman behar duzu eta informazio gehiago helaraziko dizute. Hala ere, irailean bertan, tailerren informazio gehiago zabalduko dugu eta hauen inguruko azken detaileak zehaztuko ditugu.

Tailerretan parte hartzeko plazak mugatuak izango dira, beraz, lehenbailehen izena ematea komeni da. Tailerrak Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean izango dira goiz eta arratsaldez.

Izen ematea 10 € izango dira eta Hala Bediren USB bat emango da opari gisa.

Hala  Bedi  irratia,  ikasturte  berrirako  prest

Hala Bedi irratia, ikasturte berrirako prest

izan media12Ikasturte berriarekin batera, martxan da Hala Bedi irratiaren programazio berritua ere. Aurtengo nobedadeen artean, bi dira aipatu nahi genituzkeenak:

  • Habelas hainas: Galiziako panorama musikalari eskainitako saioa. Rock musikaren inguruko nobedadeak eta gaur egun, hemendik hain urruti egon ez arren, Euskal Herrian ezagutzen ez ditugun bestelako talde galiziarrak ezagutzeko aukera paregabea.
  • Plaza los canasteros calle Los lunares: Flamenkoari eskainitako irratsaioa. Astean ordu betez, aurreiritziak saihestuz flamenko garaikidera hurbiltzen gaituen tartea. Urte luzetan zehar Hala Bediko uhinetan eduki eta gero, tarte bat kanpoan pasa eta berriro bueltan duguna gure uhinetan.

Gainontzekoan, aurreko urteetako apustuekin aurrera darraigu. Goizetako Suelta la olla magazinak (goizeko 10etatik 13etara Euskal Herri osorako eta 13etatik 14etara Arabarako ekoizten dena, astelehenetik ostiralera) kolaboratzaile eta tarte berriekin eman zion hasiera ikasturteari irailaren hasieran. Eta Zebrabideak, arratsalderoko gure euskarazko magazina, aste honetan bertan egin du salto hango eta hemengo uhinetara. Aurten ere, 16etatik 18etarako tartea Info7 eta Antxeta irratiekin elkarlanean egingo dugu, 17etatik 18etarako ordu betea berriz, Arabako aktualitateari eskainiko zaio. Hemen ere ez da berrikuntzarik faltako.

34 dira momentu honetan, Hala Bedin bertan ekoizten diren irratsaioak. Horietatik, 20 gazteleraz egiten dira, 13 euskaraz eta beste bat arabieraz. Gure irratsaioez gain, ordea, Arrosa sarearen bidez beste 16 irratsaio emititzen ditugu goizeko 7.30ean hasi eta goizaldeko 1a arte luzatzen den gure programazioan.

Horrez gain, Hala Bediren bigarren emisioa ere urtea bukatu baino lehen martxan jartzea aurreikusten dugu, Eusko Jaurlaritzako arduradun politikoek irrati lizentzia berrien banaketarako erakutsi duten utzikeriaren gainetik.

Proiektu berri honek, halaber, jendearen parte hartzea areagotzea eskatuko zuela genioen duela urte bat eta bide horretan ere pausoak emanez aurrera dihardugu. Horrela, aurten ere eta hirugarren urtez jarraian, Izan media izenburupean irrati tailerrak antolatu ditugu urriaren 28 eta 29rako (astelehen eta asteartea). Tailerren lehen eguna ahozkotasuna eta lokuzioa lantzeari eskainiko diogu. Bigarrena berriz, audio sorkuntzan eta edizioan trebatzen pasako dugu. Tailerrak arratsaldeko 18etatik aurrera izango dira, irratian bertan, Bueno Montreal kalea 19 behea. Izena emateko epea zabalik dago eta nahikoa da hbiprogramazioa@gmail.com helbidera email bat bidaltzearekin. Lehen eguneko tailerra euskaraz bakarrik emango dugu, bigarren egunekoa elebitan izango da. Beraz, badakizue, animatu eta parte hartu, ez daukazulako aitzakiarik, ezta erreuma edo San Vitoren dardararik.

Osasuna ta bitamina

1

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies