“Nik ere egin izan dut” -Oier Azkarraga-

“Nik ere egin izan dut” -Oier Azkarraga-

Azaroaren 25erako astebete falta da, egun horretan dago finkatuta emakumeenganako bortizkeriaren aurkako eguna.

Data hau hurbiltzen ari delarik, egunero entzun dezakegu emakume bat, neskatila bat, umetxoren bat… bortizki hil egin dutela. Bortxaketa bat hemen, eta han, irain bat, baita bortxatzaileren batenbaten absoluzioren bat ere: nik sinisten dizut. Egun hauetan ere “La Manada” delakoaren aurkako epaiketa martxan dago, Iruñean, San Ferminen erdian 5 gizonek emakume bat bortxatu eta abandonatu zutenekoa.

Epaiketa honetan, epaileek zer esanen zain, argi eta garbi gelditu dena da bortxaketaren kultura oso bat egon badagoela, emakumeak objektu lez erabiltzen dituen sistema oso bat, Gizonezkoon superioritate bat, mundua guretzat egina balego bezala.

Zintzoak izan gaitezen, gure buruekin bada ere, gutako zenbatek jaso dugu whatsapp bidez emakumeekiko iraingarria zen mezuren bat eta isildu egin gara? Zenbatetan egin izan diogu aurre gure kuadrilako batek egin duen txiste edo komentario matxistari? Zenbatetan jarri dugu zalantzan norbaitek kontatutako eraso baten istorioa?

Gehiago da, sakondu dezagun, zenbatetan izan gara gu txiste matxista, komentario iraingarria egin dugunak? Zenbatetan izan gara erasotzaile? Zenbatetan baboso? Astun? Zenbatetan juergan ezezkoa eman eta jarraitu dugu tinko gure saiakeran?

Nik ere egin izan dut: nik ere begiratu zaitut luzaroan, behin eta berriz, disimulorik gabe, zu deseroso sentitu zaren arte. Nik ere haragi puxka bat izango bazina bezala tratatu zaitut nire lagunen artean. Nik ere kasu gutxiago egin dizut asanblada batetan, edo zuk esandakoa errepikatu egin izan dut, altuago, merituak nireganatuz. Nik ere dudatan jarri izan dut zure kontakizuna. Nik ere zalantzan jarri izan ditut eremu ez-mistoak. Nik ere, pentsatu izan dut erradikalegia zarela, edo zure borroka ez dela lehentasun bat. Zure beldurrei muzin egin diet, zure sentimenduak baztertu, baita nireak ere, eta aurrera jarraitu dut, bioi, zuri eta niri, mina eraginez.

Nik ere, normatibizantea den heziketa eta eredu baten baitan bizi naiz, nik ere jokamolde guzti horiek nireak egin izan ditut, eta oraindik ere, askotan, nireak egiten jarraitzen ditut.

Bortizkeria ez da soilik, kolpe bat. Bortizkeria ez da ubeldura nabarmena uzten duen hori. Bortizkeria sistema oso bat da, keinu txiki guzti horiek dira bortizkeria, eta guk guztiok, horren parte gara. Aurre egiteko hamaika era daude, manifetan parte hartzea, zaintza lanen ardura guk hartzea zuek manifetan parte hartu dezazuen, oihu bat, manifestu bat, irratian tarte bat, baina guzti horiek gure bortizkeri propioaren konsziente izatetik pasatzen dira eta hori aldatzen saiatzeaz, agian Azaroaren 25aren harira hartutako minutu hauek ere sobran daudela ulertzetik. Nik, gizon batek, berriro ere protagonismoa hartu izan baitut, zurea den egun honetan.

OIER AZKARRAGA GRAJALES

Entzun
“Kontsumoa euskaraz” -Rober Gutierrez-

“Kontsumoa euskaraz” -Rober Gutierrez-

Kontsumoa euskaraz

 Rober Gutiérrez – Bai Euskarari Elkarteko zuzendaria

 Bai Euskarari Elkarteak kontsumoa euskaraz sustatzeko kanpaina bat jarri du abian Gasteizen. Horren helburua izango da kontsumitzaileei eta establezimenduei bide berriak irekitzen laguntzea, euskara baliatu beharreko aldagai gisa harturik.

Euskara kontsumitzaile irizpidedunaren ezaugarria da. Bertakoa, hurbila, ekologikoa, kalitatekoa kontsumitu nahi izaten dugu. Horregatik, euskararen aldagaiari garrantzia ematen dioten kontsumitzaile irizpidedun aktiboak giltzarri izango dira kanpaina honetan, erronka baita euskaraz dakiten edo-eta ikasten ari diren pertsonak euskaraz kontsumitzera animatzea, lehen hitza euskaraz eginez, Bai Euskarari ziurtagiria duten establezimenduetara bezero berriak erakartzea eta bertan kontsumitzea, eta gainerako establezimenduak euskarak eskaintzen duen balioaz ohartaraztea eta urratsak ematera eragitea.

Gasteizko euskararen mapa” da proiektu honen muina. Bai Euskarari Ziurtagiridunek osaturiko merkataritza planoa gizartearen eskura jarriko dugu, euskarazko kontsumoa errazagoa izan dadin. Era berean, merkataritza eta ostalaritzako establezimenduak mapan gehitzera animatu nahi ditugu, euskara negozioan txertatzeak dituen onurak ikustaraziz.

Beraz, alde batetik, kontsumitzaileen artean kontsumoa euskaraz sustatuko dugu eta, bestetik, euskarazko eskaintza areagotzea bilatuko du pixkanaka handitzen joango den Gasteizko euskararen mapak. Une honetan ehun establezimendu inguruk osatzen dute Gasteizko euskararen mapa eta gainontzeko merkatariak eta ostalariak gehitzera animatu nahi ditugu. Parte-hartzaileak Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez identifikatuko dira, bakoitza dagokion mailarekin: “Zerbitzua eta lana euskaraz”, “Zerbitzua euskaraz” eta “Bidean”. Establezimenduek dagokien mailaren adierazgarri bat jasoko dute, kontsumitzaileei Gasteizko euskararen maparen parte direla erakusteko.

Bestalde, bezeroei euskararen erabilera erraztu nahi diegu Gasteizko establezimenduetan eta, horregatik, horietan lanean ari diren pertsonei bereizgarri bat erabiltzea proposatuko zaie. Horren bitartez, kontsumitzaileak euskaraz egitera gonbidatuko dira.

Bi eredu egongo dira: euskaraz lan egiteko gaitasuna dutenek soinean “Euskaraz?” bereizgarria eramango dute, bezeroak jakin dezan euskaraz aritu daitekeela berarekin. Bigarren eredua, “Euskaraz? Poliki, mesedez” izango da, ikasten ari diren saltzaileentzat edo euskaraz aritzeko erabateko segurtasuna ez duten langileentzat. Bi kasuetan, helburua izango da kontsumo harremanetan euskara erabiltzeko aukerak areagotzea.

Kontsumitzailea bazara, euskara baliatu beharreko aldagaia da, zure harreman-hizkuntza delako, konfiantza eskaintzen dizulako, kalitateko ikur delako, jasangarria delako, gertutasuna eskaintzen duelako… Euskaraz erosi, euskaraz lan egin eta euskaraz bizi nahi duzulako. Bai Euskarari Elkarteak euskara erabiltzearen onurak erakutsi nahi dizkio kontsumitzaileari eta horretarako laguntza eta baliabideak eskaini, esate baterako, Gasteizko euskararen mapa, baduzu.eus eta akuilari aplikazioak.

Merkataria bazara, euskara baliatu beharreko aldagaia da, markaren posizionamendua hobetzeko, bezeroarekiko gertutasuna eta konfiantza sortzeko eta sendotzeko, bezero kopurua handitzeko eta fidelizazioa indartzeko, merkatu berrietan sartzeko edo-eta etekinak areagotzeko, talde kohesioa eta motibazioa bizkortzeko, produktu /zerbitzu lehiakorrak eta kalitatekoak izateko, euskaraz bizi eta euskaraz erosi edo euskaraz lan egin nahi duten pertsonei aukera errazteko, Lurraldearen eta pertsonen ongizatea euskararekin ere lotzeko.

 Gasteizko euskararen mapa osatzeko eta merkatariei gehitzeko gonbita zabaldu nahi dugu, euskara txertatzeak onura anitz dituela frogatuz eta kontsumoa euskaraz errazteko baliabideak eskainiz: euskaraz lan egiteko jarraibideak, hizkuntzaren egoeraren autodiagnostikoa egiteko aplikazioa, hizkuntza egoera hobetzeko informazio, aholku eta materialak eta abar.

“Mezularia hil” -Alaitz Andreu-

“Mezularia hil” -Alaitz Andreu-

2010eko abenduaren 31 zen, eguerdiko 13:00a. Gasteiztik Bilborako bidean nindoan, autoz, bakarrik. Eguzki-izpiak gogoratzen ditut, bolanteari helduta zegoen ezkerreko eskuaren gainean. Eskuineko eskua, kopetan. Eta hankak, dardarka, saltoka. Estutasuna bularrean. Zorabiatu egin nintzen. Zorionez, ez nuen istripurik izan.

Tentsio-beherakada eduki nuela pentsatu nuen, baina antzekoa sentitzen hasi nintzen handik bi egunera Bilbotik Gasteizera itzuli nintzenean. Eta zoratzen hasita nengoela pentsatu nuen hurrengo egunetan. Antsietatea zen.

Berez, ez neukan horrelakorik edukitzeko ageriko arrazoirik. Ez nekien zer ezkutatzen zidan barruak, edo zer ezkutatzen nion nik neure buruari. Dena dela, banekien etenaldia egiteko eskatzen ari zitzaidala gorputza. Neure buruari begiratu behar nion, tripetan arakatu, eta kontu batzuk aldatzen hasi. Halaxe egin nuen.

Antsietateak, minak bezalaxe, abisatu egiten gaitu: aizu, hemen zerbait ez dabil ondo! Abisu horrek, berez, geldiarazi egin beharko gintuzke, eta arreta bideratu. Askotan, ordea, mezulariari kasu egin ordez, nahiago izaten dugu begiak itxita jarraitu. Diozepamana edo ibuprofenoa hartu, eta berdin jarraitu.

Hala ere, antsietateak edo minak hor jarraitzen dute, isilik, botiken efektua igarotzeko zain-zain. Eta, gero, antsietate edo min hori egiten dugu gure zorigaiztoen errudun. Gaitzaren jatorria antsietatea edo mina bera balitz bezala. Mezularia hiltzen dugu, ustezko erosotasunetik mugitu nahi izaten ez dugulako.

Izan ere, oso gogaikarria da norbere buruari begiratu behar izatea; are gehiago, bizitzan edo bizi-ikuskeran aldaketak egitea eskatuko badigu horrek. Eta, zer esanik ez, pribilegioak galaraziko badizkigu. Beldurra ematen du, eta horrek gogaitu egiten gaitu.

Judith Butler EEBBko filosofoa da, eta irakasle katedraduna Suitzako unibertsitate batean. Batez ere, genero-identitatea performatiboa delako teoria babesteagatik egin zen ezagun; hau da, genero-identitatearen izaera esentzialista deseraikitzeagatik. Bada, duela gutxi hitzaldia eman behar zuen Brasilgo unibertsitate batean, eta sekulako iskanbila piztu dute hango talde eskuindar batzuek. Beren mezuen artean, besteak beste, Butlerrek pedofilia eta zoofilia aldarrikatzen dituela daude. Jakin ez dakit, baina lepoa jokatuko nuke esatean ez dutela bere lanik irakurri, lan horiek irakurtzeko interesik ere ez dutela, eta beraiek eragindako ezjakintasun horren ondoriozko beldurrak eragin dituela inkisizio-oihu horiek. Beldurrak, baina baita gizarte feminista batean pribilegioak galduko dituztela jakiteak ere.

Hori Brasilen gertatu da, baina gure herriko jende askoren ahotan entzun ditzakegu feminismoaren aurkako mezuak. Bai, feminismoak gogaitu egiten du, gure bizitza eta bizi-ikuskera heteropatriarkal osoa iraultzen duelako. Molestatu egiten du, antsietateak bezainbeste molestatu ere, egiturazko aldaketak egitea eskatzen duelako; bai norberaren baitan, bai gizartean oro har. Eta, askotan, pribilegioei uko egitea ekartzen duelako horrek.

Feminismoaren ideologia politiko-kultural-ekonomikora sartzen hasten garenean, feminismoa ez baita mezulari hutsa, hankaz gora jartzen zaigu bizitza, eta bizitza aldatzen zaigu. Etenaldia egin behar da, norbere buruari begiratu, eta gizartean dugun tokia zein den aztertu. Non eta nola azpiratzen gaituzten ikusi, eta non eta nola azpiratzen dugun ikusi.

Feminismoak ez digu eraso egiten, ezta antsietateak ere. Gaitzaren jatorria beste bat da, eta pribilegiodun ez garenok badakigu Diozepama ez dela irtenbidea.

Alaitz Andreu Eizagirre

Entzun
“Figuranteen matxinada” -Koldo Alzola-

“Figuranteen matxinada” -Koldo Alzola-

Iragan astean 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko sarraskia pantaila handira eramango duen pelikularen filmaketan parte hartu nuen figurante lanetan. Zorigaiztoko egun hartan Zaramaga auzoko karriketan gertatutako protestaldiak eta polizia armatuarekiko talkak irudikatzeko ehunka antzezle bolondresen kolaborazioa behar zuten, eta neuk ere bertan egon nahi izan nuen; ez aktore bokazio ezkuturik daukadalako, baizik eta filmarena ekimen polita iruditu zitzaidalako geure herriko langileriaren oroimen historiko kolektiboari eusteko. Berrogeitabi urte geroago nekez espero dezakegu espainiar epaitegietatik triskantza haren inguruan justizia ezartzeko borondaterik; eta gauzak horrela, testigantza zinematografiko hau tributo xume bat izan daiteke, justizia poetiko apur bat eskaintzeko egun kolokan ikusten ditugun eskubide zibil eta politiko asko konkistatzearren borrokatu zirenei. Estatuaren justiziarik ezean, herriak izan beharko du zor historiko hori kitatzen duena, tributo hori pelikula itxurakoa bada ere.

Grabaketaren eguna hunkigarria izan zen. Ehunka aktore boluntariok erantzun zioten Martxoak 3 Elkartearen deiari, 70. hamakadako gisara goitik behera jantzirik denak, eta euren jardunak berebiziko errealtasuna eman zion pasarte historiko haren antzezpenari. Antzezle inprobisatu horietako asko 76ko gertaerak bizi izan zituzten berberak ziren, beste zenbait ordukoen ondorengoak, eta gehienak zinemagintzatik haragoko konpromezu politikoak bultzatuta. Hainbestekoa izan zen egoeraren errealtasuna non, filmaketa bukatutakoan, bildutakook, teknikari taldekoen harridurarako, grabaketa esparrua utzi nahi ez eta aho batez jarraitu genuen ohiuka «martxoak 3, ez dugu ahaztuko!!», garai hartako izpiritu iraultzaileak bahituta bezala. Une batez, neuk ere sinestu nuen handik abiatu eta, beroaldiaren eraginez, bankuak erretzen has gintezkeela; fikziotik errealitaterako jauzi egin eta matxinada egungo Gasteizko karriketara eraman genezakeela. Baina errealitatearekin talka egin nuen produkzioko arduradunek gaileta kutxa batzuk zabaldutakoan behin-behineko erreboltariak sakabanatzen hasi zirenean. Orduantxe ohartu nintzen egungo borrokalariok figuranteak baino ez ginela, itxura hutsezkoak.

Entzun
“Kultura zergekin ordainduta dago” -Jaione Agirre-

“Kultura zergekin ordainduta dago” -Jaione Agirre-

 

Oraintsu artikulu interesgarri bat irakurri dut EHUk ateratzen duen Campusa aldizkarian (2017ko urriaren 13koa), ikuspuntu adierazgarria daukana: Kultura guztion zergekin ordaintzen dela eta, horrexegatik, kontuan izan behar dela norentzat egin behar den eta norengana iristen den kultura hori.

Artikulua EHUko bi ikerlari eta irakasleei egindako elkarrizketa da, argitaratu duten lan baten harira egindakoa. Ikerlariak Victoria Ateca eta Beatriz Plaza dira, Ekonomia eta Empresa Fakultatekoak.

Elkarrizketaren izenburuan oso ondo laburtzen da niri interesgarria egin zitzaidan ideia (gehiago jorratzen dituzte, digitalizazioaren eragina, adibidez): kultura eta antolatzen diren kultur ekintzak denok ordaintzen ditugunez (gure zergen bidez), denontzat antolatuta eta denonagana iristeko modukoak izan behar dira, zeren bestela, elite txiki batengana iristen den jarduera multzoa izango da, nahiz denok ordaindu, eta hori ez da justua ez eta ekonomikoa.

Jarduera kulturaletara hurbiltzen den pertsona kopurua antzekoa da Europa osoan eta kanpoan geratzen da talde handi bat: ez bakarrik eskualde edo sarrera maila baztertuetako jendea, baizik eta hezkuntza maila desberdintasunak ere nabari direla esaten digute.

Kultur jarduerak, batez ere, hiritarrak direla gaur egun ere esaten dute, eta haietan parte hartzeko interesa ere bai. Eskaintzak, prezioak eta denbora mugak ere eragiten omen du eta hori konpontzeko modu bakarra hezkuntza da.

Beraz, inklusiboa izan behar du kulturak eta gizartearen eremu guztietara iritsi behar da, zeren bestela, elkarrizketatuek dioten moduan “aberatsenen kontsumo kulturala denon zergekin finantzatzen da”.

Entzun
“Herri eta ingurumena zaintzea” -Maider Martinez-

“Herri eta ingurumena zaintzea” -Maider Martinez-

HERRI ETA INGURUMENA ZAINTZEA

Baserritarrok  herrien eta ingurumenaren ardura daukagu, erreka eta ur iturri ororen mantentzea, lurra zaintzeaz arduratuz, ur eta lur osasuntsu bat guretzat ezinbestekoa  delako gure eguneroko jardueran.

Azken urteetan gure inguruan babestutako lur eta ur eremuak zabaldu dira, parke naturalak, natura 2000 sarea eta abar horren adierazleak dira.

Guzti honek, gure jardueran eragin nabaria izan du, betidanik mendietan izan diren ahuntzak, adibidez, orain ezin dute mendietan aske egon, edo beharrezkoak diren sastraken garbiketarako zailtasunak daude, honek suteen arriskua areagotuz.

Basapiztien ugaritzea ere, arazoa bihurtu da. Oreinak, orkatzak eta basurdeak dira honen adierazle nagusiak. Solo, artosai eta baratzetan kalte handiak eragiten dituzte, bai uzta janez edo hori baino gehiago alperrik galduz zapalduta edo lur sailak muzturrarekin altxatuz. Arazo hauek errepidetan ere sortzen dira trafiko istripuak eraginez, basurdeen kasuan hirietaraino heldu direlarik.

Baita ere, gaixotasunen trasmisoreak dira, tuberkulosiaren kasuak eman dira basurdeetan.

Badago baita ere beste eragin bat, gero eta gende gehiago etortzen dela ingurune hauetara, honek eragiten dituen arazo guztiekin, errespetu faltagatik nahiz gendearen ezezagutzaren ondorioz.

Buelta bat ematera datorren jendea, nahiz gero eta ugariagoak diren perretxiko zaleak kotxeak edonon aparkatzeko oitura daukate, gure lanean zailtasunak eraginez. Mendietan hezidurak zabalik utzi edo kaltetzen dituzte, kotxeekin gehiegizko abiadurarekin joaten dira, aske daramatzaten txakurrak animaliengana urbildu eta hauek izutzen dituztenean, mendietan hamaiketakoaren ondarrak bertan uzten dituzte…

Azkenean, edonor hiri batera doanean badaki kotxea aparkatzeko leku egokiak daudela eta askotan ordaindu behar dela, ezin dela kotxearekin edonola ibili, abiadura egokiarekin eta norabidea egokiarekin beti; badaki baita ere zikinkeria zaborrontzietara bota behar dela, txakurrak beti lotuta joan behar dutela eta kakak lurretik jaso behar direla. Badakigu baita ere ezin garela edonoren etxean sartu baimena eskatu gabe. Badaigu errespetuz jokatu behar dugula lanean daudenekin.

Guzti hau badakigu eta arduraz jokatzen dugu hirian bertako arau eta oiturak errespetatuz, eta orain ohartu behar gara herrixka eta mendietara goazenean herri eta mendietako arau eta oiturak ikasi eta errespetatu behar ditugula.

Guzti honi irtenbide bat aurkitu beharra dago gizakia eta naturaren arteko oreka mantendu dadin. Baina ez hori bakarrik, baita ere hirietako eta herrietako gendearen arteko elkarbizitza hobetu dadin.

Entzun
“Urtebete geroago” -Mikel Ayllon-

“Urtebete geroago” -Mikel Ayllon-

Labrit etxetik joan zenetik, minutuak luzeagoak dira eta bazkalorduak ezin laburragoak. Telmok ere etxetik alde egin nahi zuen, edo alde egin nahi zuela ematen zuen, edo alde egingo zuela esan zuen baina Labritek irekita utzi zuen atearen aurrean geldi geratu zen, ez atzera ez aurrera. Gauza jakina da erabakirik batere ez hartzea, funtsean, erabakiak hartzeko beste modu bat besterik ez dela. Hortaz, Telmoren erabakia errespetatu besterik ez nuen egin nik: etxeko atea itxi nion, eta bere logelara bidali nuen derrepentean, lasaitu eta bera bakarrik ohar zedin munduan ez dagoela gure etxea baino leku hoberik.

Ohartu, egia esan, ez dakit ezertaz ohartu den, ez baitu berriro ahorik ireki nire aurrean, ez bada hozkailutik hartutako madari bati haginka egiteko eta, ia mastekatu gabe osorik irentsita, bere kuartora itzultzeko ondoren. Esango nuke, hala ere, une labur horietan eskaintzen dizkidan begiradengatik, gorrotoa baino ez duela sentitzen gizajoak, eta nik lagundu besterik ez nion egin nahi. Non hobeto etxean baino? oihukatzen diot sukaldetik, bere logelako atea ixten duenean.

Labrit joan zenetik, gure etxea handiagoa da eta gure bihotza, zergatik uka, pixka bat txikiagoa. Horregatik, gaur goizean postontzian haren gutuna ikusi dudanean, amorrua sentitu nahi izan dut, hitz erdirik esan gabe abandonatu gintuelako, baina poza gailendu zait gogoan. Ez nion Telmori erakutsi nahi eskutitza, baina etxera sartu eta berehala gainean neukan, bere logelako ate itxiaren bestaldetik Labriten arrastoa usaindu izan balu bezala.

Sofan eseri gara eta aldi berean irakurri dugu biok gutuna:

“Kaixo, lagun maiteok:

Egia da, munduan ez dago norbere etxea baino leku hoberik. Baina munduko edozein txoko izan daiteke norbere etxea.

Katalunian bizi naiz orain, eta ez da gure etxea zena baino leku hobea. Baina ez da hura baino okerragoa. Kaletik zoriontsu paseatzen da jendea lantokitik atera eta etxera doanean, eta tristurak aldatzen die aurpegia etxetik lantokira doazenean. Horretan ere beste edozein bezalakoak dira. Baina joan doazenean eta itzuli datozenean, bada zerbait berezia haien aurpegieran, joateko eta itzultzeko bidea norberak aukeratzen duenean sentitzen den lasaitasun moduko horren isla bat. Gogoan izango duzue, noski, zein gogorra izan zen honaino iristeko egin behar izan zuten bidea. Mehatxuak, borra-kolpeak, buru irekiak, hamaika atxilotu… Gezurra dirudi, baina gaur bete da urtebete independentzia deklaratu zutenetik, eta ehunka urtetako bidaia egin dutela dirudi. Lehen zeuden leku berean daude orain, baina beste denbora batean.

Niri ere kosta egiten zait sinestea dagoeneko urtebete igaro dela gure etxetik alde egin nuenetik. Duela aste batzuk izan zela esango nuke. Baina hemen, orain, urtebete geroago da. Lehenbailehen alde egin beharko zenukete iaztik.

Musu bana biontzat.”

Elkarri begiratu diogu Telmok eta biok, harrituta. Eta hormako erlojuan pausatu ditugu begiak ondoren. Ez dago zalantzarik: orratzak motelago mugitzen dira. Hala ere, sofan eserita geratu gara.

Entzun
“Harriduraz bezala” -Alaitz Andreu Eizagirre-

“Harriduraz bezala” -Alaitz Andreu Eizagirre-

Altsasuko gazteek 326 egun egingo dituzte kartzelan gaur, eta jakin ezazu zenbagarrena beteko duten estatu espainiarrean eta frantziarrean sakabanatuta dauden gainerako 309 euskal preso politikoek. Arnaldo Otegi eta Rafa Diez duela oso gutxitik esna daitezke beren etxeko ohean. Ez dakit zenbat auto-istripu eduki dituzten dagoeneko presoen senideek eta lagunek aurten.

Duela gutxi arte, Auzitegi Nazionalaren hobby gustukoenen artean zegoen manifestazioak debekatzea. Zenbat pilotakada igaro ote zaizkigun orkatiletik bost zentimetrora, eta zenbatek zulatu diguten bizkarra. Burua izan ez bada. Cabacas.

Noelia Noemi ile-apaintzaileari zintzurra moztu zion senarrak pasa den astean, Sestaon. Herenegun, aizkorakada batek hil zuen Ana Belen hezitzaile gasteiztarra. Senarrak hil zuen. Larunbatean, txerrikeria bat esan-jaurti-bota zion tipo ezezagun batek lagun emakume bati taberna batean, ahoa bete-bete. Bakean uzteko esan, eta bera jotzera etorri zen, oldarkor. Geratu egin genuen. Estatu espainiarrean, 80 erailketa matxista izan dira jada 2017an.

Transbollomarika Sareak Gasteizen gertatutako lau eraso lesbofobo edo transfoboren berri eduki zuen udan. Armairuek kaleak betetzen dizkigute, ikusten ez ditugun arren.

Komentario arrazisten eta xenofoboen ondorioz, Twitterreko txoriak botaka egin zuen atzo. Alemanian, bi ordu eta erditik behin egoten da eraso xenofobo bat. Los Pichis ijito-familiak sekulakoak jasan zituen Abetxukun, duela urtebete eskas.

2017an, oraingoz, 20 langile hil dituzte lan-baldintza eskasek Hego Euskal Herrian. Soldata are eskasagoen ondoriozko pobreziak zenbat berogailu itzaliko ote dituen aurtengo neguan.

Pentsa ezazu zenbat indarkeria, gehiegikeria, diskriminazio eta zapalketa bizi izan ditugun azken hamazazpi urteotan; seguru aipatu ez ditudan pila bat bururatuko zaizkizula. Milaka.

Igandean, erreferenduma egin zuten Katalunian. Estatu espainiarrak poliziez, pilotakadez, zartakoz eta bandera espainiarrez bete zituen hango kale eta eskola ugari. Bideo beldurgarri asko ikusi ditugu. Izugarria izan zen.

Gertakari horien harira, frankismoari, XXI. mendeari eta 2017. urteari egindako aipamen pila entzun ditut, bai sare sozialetan, bai hedabideetan, bai jendearen ahotan. Frankismoaren garaitik hona bizi izan ditugun gertakari larrienak izan direla diote batzuek, Euskal Herrian gertatutakoak lurpean gordeta-ahaztuta egongo balira bezala. 309 preso politiko horiek beren etxean lokartuko balira bezala.

XXI. mendean Kataluniakoak gerta eta onar ezin daitezkeela diote, XXI. mendea garai txit agurgarri prestu baketsua balitz bezala. Harrituta hitz egiten dute, gainera. 2017an gaudela! Azalduko al dit norbaitek zer duten XXI. mendeak eta 2017ak magikotik? Bataren ordez bia jartzeak bidegabekeriak amaiarazi zituen akaso? Nik ezetz uste dut.

Denbora antolatzeko tresna dira mendeak, eta, batez ere, historiaz hitz egiteko balio dute. 100 urte igarotakoan, mendea amaitzen da, eta beste bat hasten. Ez da besterik gertatzen. Ez, gizartea ez da egun batetik bestera aldatzen. Espainiar estatua ez zen 1999ko gabonzaharretan aldatu, eta boteredunek ez zioten beren armak erabiltzeari utzi. Heteropatriarkatu kapitalistak bere horretan jarraitzen du. Berdin-berdin.

XXI. medea, berez, ez da ezer. Ez pentsa aurreko mendeetakoak baino hobeak garenik. Gainera, gertakarien ondoriozko harridura-aurpegiz oihukatzen dugunean XXI. mendean gaudela, nongo XXI. mendeaz ari gara?

Alaitz Andreu Eizagirre

Entzun
“Amorrua lege” -Blanca Urgell-

“Amorrua lege” -Blanca Urgell-

Amorrua lege

Atzo, eguerdi beranduan Arkaiateko hiribide nagusitik gindoazela, zebra-bide batera heltzean autoa gelditu nuen, familia bat ari baitzen beste norabidekoa igarotzen, gure aurrekora heltzear. Azeleratuz gero, pasa nintekeen, baina presarik ez orduan, eta gelditu egin nintzen. Aita zetorren lehenik, ume-kotxea bultzatuz; ama eta alaba txikia atzerago. Gelditzekotan nengoela, 4×4 handi horietako batek ezkerretik aurreratu ninduan abiada bizian, nire aurrean jarri eta zebra-bidea igaro zuen ume-kotxearen metro batera edo. Gurasoak atzamarra atera zion, baita kotxekoak ere lehiatilatik berdin erantzun ere. Honaino dena normala, ezta? Kaleko eszena tipikoa. Halere, 4x4ak 50-80 metro gehiago egingo zituen zerabilen martxan, eta gero aparkatu egin zuen. Autotik atera eta gidariak atzerantz egin zuen oinez, familiaren atzetik. Semea eta biok ezin harrituago, Gasteizko paraje lasai hartan eratzen ari zen filmarekin.

Gaur goizeko 7:30etan, auto pila sartzen den errotonda horietako batean pixkatxo bat estu sartu naiz, semea busera garaiz eramatearren. Nire atzetik gelditu den autoak ezkerretik aurreratu nau abiada bizian, nire aurrean jarri eta eskuinetara egin du, hain ustekabean non ia-ia jo egin dudan. Semea eta biok ezin harrituago, goizeko ordu horietan pertsonak barruan eraman dezakeen amorru biziarekin.

Ez dut esango egunero gertatzen zaigunik, baina hortxe-hortxe bai. Eta ez naiz bide-heziketaz bakarrik ari. Atzo lagun batek kontatu zuen Twitterren maleta eta mapa eskuetan zituela oharkabean norbaiten bidean gurutzatu bide zela eta nolakoak entzun behar izan zituen, barkamenak eskatu zituen arren. Zu ere Twitterren ibiltzekoa bazara, entzule, jakingo duzu han kaleetan bezainbeste edo amorru gehiago dabilela, goizeko orduetatik gabeko orduetara, etengabe-etengabe. Catalunyaren kontra, adibidez, eta katalanen kontra, zenbat astakeria ez ote diren idatzi! Eta erreferendumaren kontra?

Neure artean aita zenarekin hitz egiten dut egunotan sarri. Aita katalana zen, Tarragonakoa. 36an jaio zenez, bizitzen gerra bizian, Ebroko bataila delakoaren erdian hasi behar izan zuen, herria batzuek eta besteek aldizka hartzen zutela, herritarrak hil edo ihesi bidali, eta hola. Horrek ondorio batzuk izan zituen beregan, noski: jaietako suziriek ere alditxartu egiten zuten, denen adiskide izatea lortzen zuen, eta politika biziki gorrotatzen zuen. Zenbat ez ote zuen sufritu ni “politikan sartu” nintzelako! Aita bizirik balego, sufritzen legoke bere jaioterriagatik. Kontserbazale izateko joera zuenez, pentsatzen dut erreferendumari mesfidantzaz begiratuko ziola, baina Catalunyako familiak honezkero kontatuko zion hango padezimentuen berri. Gauza pare batean ginateke ados aita eta biok, ziur: gauzak doazen bezala, panorama iluna datorkio Catalunyari. Batzuen eta besteen artean hainbeste tenkatuta, aurkituko ote du berriro nolabaiteko oreka? Guri berdin zaigu nola lortzen duen, Espainia barruan ala aske, katalanek nahi duten moduan. Baina gauzak diren bezala, ziur gaude aita eta biok urtetxoak beharko dituela bere onera bueltzatzeko. Oxala oker bageunde…

Entzun
“Nolako egurra, halako ezpala” -Jaione Agirre-

“Nolako egurra, halako ezpala” -Jaione Agirre-

Ez neukan asmorik Katalunian gertatzen ari denaz hitz egiteko, ni baino adituagoak ari direlako dena esaten eta nire barruko sentimentuak baino ez ditudalako adierazteko, baina azkenean sentimentu horiek ateratzea ezinbestekoa egin zait, ezer berria ez esateko arriskuarekin.

Egunotan gertatu diren atxiloketek eta estatuaren erreakzioak ez naute harritu.

Batetik, bere garaian, erreferendum asmoa agertzeagatik epaitegietara eraman zituztelako Euskal Autonomia Erkidegoko Ibarretxe lehendakaria eta beste kargu politiko batzuk (ez bereziki erradikalak gainera). Bestetik, derrigorrez sartuta gaituzten estatu honetan, agintean daukagun jende asko aurretik egondako erregimen frankistaren oinordeko ez ezik, jende berdinak direlako.

Dena den, ez dezagun ahaztu, bozkatuak izan direla eta horrela daudela nagusi agintean. Nola ote den hori posible galdetzen diogu elkarri askotan, baina 40 urtean egindako errepresioak sortutako bidea baino ez da: hilketak, atxiloketak, zapalketak, eskoletan egindako adoktrinamendu gogorrak… (eta parentesi bat eginez: edo zergatik uste duzue dietela/zietela euskal eskolei hainbeste beldur? Edo akusatu izan dietela terroristak sortzeaz? Beraiek burugarbitze sistematikoa aplikatu zutelako beraien garaian).

Industen ari diren edozein fosaren irudiak ikusi besterik ez dago. Azken aldian zirraragarrienetako bat Valladoliden indusi dena dozenaka gorpuekin.

Zer espero daiteke iritzia ematea demokraziaren kontrakoa dela diotenengandik? Beldur handia diote jendeak bere iritzia emateari, beste hizkuntza batzuk hitz egiteari eta aldarrikatzeari eta aniztasunari. Pentsatzeari orokorrean.

Zorte ona opa diot Kataluniari (ea eskoziarrek baino argiago jokatzen duten, gainera!). Eta guk ez dezagun ahaztu pentsatzea, gure hizkuntza erabiltzea eta gure izaera aldarrikatzea.

Entzun

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies