Gasteizko  Jaiak  2017,  kontutan  izateko  bost  puntu

Gasteizko Jaiak 2017, kontutan izateko bost puntu

Abuztuaren 4tik 9ra luzatuko diren jaietan Herri Mugimenduak izango du protagonismoa Txosnagunean. Gazte Mugimenduak, Mugimendu Feministak eta preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko ekimenek ere indarra izango dute. Eraso sexistarik gabeko jaiak izateko mekanismoak egongo dira orduro.

Gasteizko Txosnetako kontzertu bat aurreko urtean

Gasteiztar askok abuztuaren 4an hasiko dituzte jaiak. Hala ere, badira hauek prestatzen asteak eta hilabeteak daramatzaten eragileak. Kontzertuak lotu dituzte Gasteizko txosnetan, txosnagunearen muntaketan egon dira beste batzuk, Mugimendu Feministak eraso sexisten aurkako protokoloa aurkeztu du, Gazte Mugimenduak Gazte Karparen apostua egingo du beste urte batez eta euskal presoen eta iheslarien etxeratzea eskatzeko egun nagusia abuztuaren 5a izango da.

Hurrengo egunetan kontutan hartzeko bost puntu bildu ditugu gurean, ezer ez galtzeko eta jaiak askatasunez bizi ahal izateko.

Txosnagunea, Herri Mugimenduaren isla

Aurten, txosnek, eraso sexisten aurkako lanketan sakonduko dute eta Goienerrekin egingo dute lan, Iberdrola albo batera utziz. Bi eragile berri egongo dira Gasteizko Kanpusean: Berriztu Araba eta Errekaleor Bizirik. Gainera, Gazte Karpa, Hala Bedi, Kalera Kalera, Askapena, Sukalde Gerrilla, Arabako Bertsozale Elkartea, Iraultza 1921 eta Gasteizko Mugimendu Feminista. Guztira, hiru karpa egongo dira – Kalera Kalera, Gazte Karpa eta Txosna Batzordaren karpa amankomuna – eta gainontzeko eragileek txosna jarriko dute – zortzi txosna guztira -.

 20. Korrika ospatu den ikasturte honetan, AEK-k jasoko du aurtengo Txosnisaria abuztuaren 4ko txosnetako inaugurazioan. Hala Bedik ere, txosna jarriko du: eszenatoki alboan egongo gara eta gure materiala salgai egongo da bertan.

 

Eraso sexistarik gabeko jaiak

Mugimendu Feministak bereak eta bi egingo ditu denok jaiak askatasunean bizi ahal izateko. Eraso sexisten aurkako protokoloa sei urratsetan laburbildu dute, eraso bat gertatuz gero, honen aurrean zer egin definituz. Gainera, salaketetarako telefono zenbakia 688 718 701 izango da eta 24 orduz egongo da aktibatuta.

Gainera, abuztuaren 9an, Egun Feminista antolatu dute eta egun guztian zehar ekitaldi ezberdinak egongo dira Gasteizko erdialdean eta Txosnagunean. Gasteizko Kanpusean ere txosna jarriko du aurten Mugimendu Feministak eta informazio gehiago eskainiko dute bertan.

 

Hogei kontzertu baino gehiago Gasteizko Kanpusean

Aurten, eskaintza zabala eskaini dute Gasteizko Txosnek kontzertuei dagokienez: Amparanoia, Siroka, Skakeitan, Sorkun, SkarraMucci, Tremenda Jauria … egongo dira txosnetan -kontzertu guztiak ikusteko, hemen-. Gainera, aurtengo nobedadeetako bat abuztuaren 7ko kartela izango da: eszenatoki gainean soilik emakumeak egongo dira eta haiek izango dira oholtza gaineko eta publikoko protagonistak.

 

Ez daudenak, presente

Urtero legez, Gasteizko preso eta iheslariak gogoratuko dituzte jai guztietan zehar. Aldarrikapenak leku eta modu ezberdinetan presente egongo diren arren, egun nagusia abuztuaren 5a izango da. Ohikoa den moduan, Alde Zaharreko Landatxon bazkaria egingo dute eta egun horretarako txartelak salgai jarri dituzte jada. Arratsaldean, aldiz, kalejira eta ekitaldia: 21:00etan abiatuko da Andra Maria Zuriaren enparantzatik.

Lehenengo aldiz, Kalera Kalerak bere txokoa izango du Gasteizko Txosnetan. Kalera Karpa antolatu dute,  eta eskaintza anitza izateaz gain, kontzertuak egongo dira egunero, eszenatoki nagusiko ordutegia errespetatuz. Aiaraldea Sound System, Fermin Valencia, Radio Revolución, Doctor Sax eta Jaio Kantaktriz egongo dira.

 

Horretaz gain, abuztuaren 6an Altsasuko gazteak askatzea eskatuko duen elkarretaratzea egingo dute: 19:30etan Andra Maria Zuriaren plazan.

 

Gazte Mugimendua ere protagonista

Gazte Mugimenduak egitarau oparoa antolatu du Txosnagunean egongo den Gazte Karpan. Gasteizko Txosnen egitaraua errespetatuz, kontzertuak eta bestelako ekimenak egingo dituzte “Hauspoaren indarraz, piztu sugarra” lemapean.

Gainera, abuztuaren 7an, astelehenean, Gazte Eguna antolatu du Ernai Gazte Antolakundeak. Egunean zehar Gazte bazkaria egingo dute eta arratsaldean, “manifestakzioa” antolatu dute: 19:00etan abiatuko da Gasteizko Kanpusetik. Behin manifestakzioa amaituta, ekitaldia egingo dute Gazte Karpan, ohitura bihurtu den Gazte Akelarrean suaren inguruan dantzatu aurretik. Egitarau guztiaren berri izateko, hemen

Baina guztia ez dago unibertsitate eremuko txosnetan. Urte guztian zehar egitarau oparoa antolatzen duen Gasteizko Gaztetxeak ere bere egitaraua izango du jaietan. Muinoko etxeari hilabete gutxi falta zaizkio 30 urte betetzeko eta hori baino apur bat lehenago egitarau zabal batekin agurtuko dute 2017-2018 ikasturtea.

 

 

Gasteizko  Mugimendu  Feministaren  eraso  sexisten  aurkako  protokoloa  6  urratsetan

Gasteizko Mugimendu Feministaren eraso sexisten aurkako protokoloa 6 urratsetan

Eraso sexistak definitu eta hauei nola aurre egin zehaztu du Mugimendu Feministak. Salaketetarako telefono zenbakia 688 718 701 izango da. Abuztuaren 9ko Egun Feministan parte hartzeko deia egin dute.

Gasteizko Jaietako atarian, Mugimendu Feministak eraso sexistei aurre egiteko protokoloa aurkeztu du. Erasoa bera definitzeaz gain, kasu ezberdinei aurre nola egin azaldu dute, besteak beste, telefono zenbaki bat jarriz eskuragai.

Mugimendu Feministaren protokoloa puntuz-puntu laburtu dugu Hala Bedin:

1. Protokoloaren zergatia.

Sexismoa lehen lerroko oztopoko moduan ulertzen du Mugimendu Feministak eta jaietan gozatu ahal izateko, hau erditik kentzea beharrezkotzat jotzen dute. Jaietan erabiltzen diren aitzaki askoren aurrean (drogak, jaiak, gaueko ordu txikiak…), eraso bat ez duela ezerk justifikatzen gogoratu dute feministek. 

2. Eraso sexistaren definizioa.

Mugimendu Feministak horrela definitu du eraso sexista: “Eraso sexista bat fisikoa (edo ez) den eraso bat da, genero, sexu orientazioa edota itxura fisikoari dagozkion estandar sozialak ez betetzearen ondorioz ematen dena. Heteropatriarkatuaren zapalketa forma bat da, gure egunerokoan eta guneetan etengabe agertzen dena”

3. Eraso sexisten kontra aritzeko protokoloa zertarako. 

“Modu seguru, horizontal eta askean harremantzeko espazioak” bilatu nahi ditu Mugimendu Feministak protokolo honekin; generoa, sexu orientazioa, itxura fisikoa, estetika… edozein izanda ere, pertsona guztiek jaiak modu askean bizitzea nahi dute.

4. Eraso sexistei aurre egiteko erremintak.

Autodefentsa Feminista. Hori da jaietan ere baliatuko dutena. Honek, Mugimendu Feministaren esanetan, “indarkeriaren errora jo eta indarkeria sexistarekin amaitzeko tresna, jarrera eta erreakzio guztiak barnebiltzen ditu”. Gainera, ahalduntze pertsonal zein kolektiborako estrategia bezala definitu dute hau: “indarkeria matxista deuseztatzeko eta honi aurre egiteko ez ezik, espazioaren jabetze praktika ere da”.

Autodefentsa Feminista hiru puntutan desglosatuta:

– AUTO: “Gu geu garelako gai eta ez dugulako salbatuko gaituen inor behar”.

– DEFENTSA: “Legitimitate guztia dugulako eraso guztien aurrean erantzuteko”.

– FEMINISTA: “Indarkeria matxistari errotik aurre egiteko modua”.

5. Eraso baten aurrean zer egin

Eraso baten aurrean, honi aurre egiteko lau pauso egin behar dira. Jai eremu batean hauek lirateke urratsak:

1. Erasotua izan den norbait hurbiltzen bada, lehentasun osoa honek dauka. Zerbitzatzen, musika jartzen … Dena bertan behera utzi behar da: erasotuak esaten duena entzun, lagundu eta babestu behar da.

2. Norbait erasotua edo molestatua izaten ari dela ikusiz gero, erasotuari laguntza behar duen galdetu eta laguntza hau eskainiko zaio. Laguntzarik behar ez duela esanez gero, ez da tematu behar. Baietz esanez gero, ordea, jai gunearen arduradunari, zein mugimendu feministaren arduradunari, erasoaren berri eman behar zaio.

3. Erasotzailea gunetik kanporatua izango da. Hasiera batean, hala egin dezala eskatuko zaio; ez badu egiten, jai gunetik kanporatuko du Mugimendu Feministak. Horretarako, aipatutako Autodefentsa Feministaz baliatuko dira, giza kate bat eginez horretarako. Erasoen kontrako kuña ere jarriko da jai gunean.

4. Erasotuari, une guztietan zehar segurtasun gune bat eskaintzea garrantzitsua da. Mugimendu Feministako kideak beti egongo dira laguntzeko prest, arreta medikua izateko, salaketa bat jartzeko edota beste edozein gauzetan laguntzeko.

6. Erasoaren erantzuna, jendarteratzea eta salaketa

Mugimendu Feministak elkarretaratzea deituko du erasoa gertatu eta hurrengo egunean: Andra Maria Zuriaren enparantzan izango da hau. Horretaz gain, erasoa salatzeko musika kuña eta sirena hotsak jarriko dituzte jai guneetan 00:00etan. 

Erasoak salatzeko -ikusi edo jasandako erasoak- telefono zenbakia 688 718 701 izango da eta 24 orduak egongo da aktibatuta telefono hau.

Abuztuak 9, Egun Feminista

Gasteizko Txosnetan, egun bakoitzak aldarrikapen bat izango du. Azkenengo urteetan bezala, Mugimendu feministak abuztuaren 9an ospatuko du Egun feminista. “Transzeledontzia Eguna” izena jarri diote egunari eta ekimen ezberdinak egogno dira jaietako azken egunean:

  • 13:30 Poteo musikatua Alde Zaharretik
  • 15:00 Bazkari feminista -Txartelak Txapelarri tabernan salgai-
  • 17:00 Performancea
  • 19:00 Sormen tailerra
  • 21:00 Ekitaldia 

AEK-k  jasoko  du  2017ko  Gasteizko  Jaietako  Txosnisaria

AEK-k jasoko du 2017ko Gasteizko Jaietako Txosnisaria

Bi kolektibo berri egongo dira abuztuaren 4tik 9ra txosnagunean: Berriztu eta Errekaleor Bizirik. Eraso sexisten aurkako lanketan sakonduko dute txosnek eta Goienerrekin egingo dute lan, Iberdrola albo batera utziz.

Egun gutxi falta dira Gasteizko Jaiak hasteko eta are gutxiago txosnetako muntaiarekin hasteko. Egitaraua orain dela aste batzuk jakin bagenuen ere, detaile txiki batzuk falta ziren Gasteizko Txosnetan. Txosnagunea irekitzeko bi aste falta direnean jakin ditugu detaile horiek.

Urtero legez, Txosnisaria banatuko du Txosna Batzordeak jaietako lehenengo egunean. Aurten, AEK-ri emango diote sari hau; AEK-k ez du txosnarik jarriko aurten, baina “euskalduntzeko ikasle eta irakasle ezberdinek egindako lana” saritu nahi dute Txosnisariarekin. Gainera, “lan garrantzitsua egin dute Gasteizko txosna giroa euskalduntzeko”.

Bi kolektibo berri egongo dira aurten: Berriztu Araba eta Errekaleor Bizirik. Hauekin batera, Gazte Karpa, Hala Bedi, Kalera Kalera, Askapena, Sukalde Gerrilla, Arabako Bertsozale Elkartea, Iraultza 1921 eta Gasteizko Mugimendu Feminista. Guztira, hiru karpa egongo dira – Kalera Kalera, Gazte Karpa eta Txosna Batzordaren karpa amankomuna – eta gainontzeko eragileek txosna jarriko dute – zortzi txosna guztira -.

Eraso sexisten aurkako protokoloa eramango da aurrera Gasteizko Txosnetan: “Eraso sexisten gaitzespena eta berdintasunezko harremanen aldeko apustua egin nahi dugu”. Zentzu honetan, Mugimendu Feministak aurkeztuko duen protokoloarekin bat egingo dute txosnagunean, erasoen aurrean autodefentsarako deia eginez emakume guztiei. “Erasotzaileei mezu bat helarazi nahi diegu: ez dira ongietorriak txosnagunean eta edozein erasoren aurrean txosna batzorde osoa izango dute aurrez aurre, gunetik kanporatzeko”, ohartarazi dute. Gainera, erasoak salatzeko telefonoa ere eskuragarri egongo da: 688 71 87 01. 24 orduak egongo da aktibatuta telefono hau.

Goiener kooperatiba, hori da aurtengo beste nobedadeetako bat. Agerraldian azaldu dutenez,  “kooperatibismoan oinarritua dagoelako, eta bestetik, Iberdrolak gure Errekaleorrekin edo GESek gazteentzat errekuperatutako eraikinetan azken asteotan hartu duen jarreragatik”. Maiatzean, Iberdrolak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Ertzaintzarekin argindarra kendu zion Errekaleorri.

Gasteizko Udalari “atsekabea”

Uztailaren 24an, Santiago Eguneko bezperan, jaialdi bat antolatu nahi zuten Gasteizko Txosnek hiriburuaren erdialdean. Azkenean ezin izan dute antolatu. Gainera, jaialdi berezi bat izatea nahi zuten:emakumeen taldeekin osatu nahi zuten jaialdi hau.

Txosna Batzordeak, barra jarri eta turnoak egiteko prestutasuna azaldu zuen. Bertan ateratzen zen diruarekin, kontzertua finantzatzeko asmoa zuten horrela. Udalak, ordea, barra jartzeko baimena ukatu zuen. “Badirudi, emakumeak oholtzara igotzeko arautegiaren arazoa gaindiezina dela. Ardo Araba edo bestelako asmo pribatuak antolatzeko, ordea, ez”, salatu dute.

Gazte Karpa eta Kalera Karpa

Eszenatoki nagusiko egitaraua errespetatuz, Gazte Karpak eta Kalera Karpak egitarau propioa izango dute. Abuztuaren 5ean izango da Preso eta Iheslarien etxeratzearen eguna eta abuztuaren 7an, aldiz, Gazte Eguna.

 

Egitarau osoa

Ekaina hasieran aurkeztu zuten 2017ko jaietako egitaraua, herri mugimenduaren aldarrikapenak bilduz. Kontzertu ezberdinen zerrenda publiko egiteaz gain, egun bakoitzean nabarmenduko den aldarrikapenaren berri eman zuten.

Jai  eredu  alternatiboaren  asanblada:  “Gasteizko  jaietan  hutsune  bat  ikusi  dugu  eta  gu  alternatibak  eraikitzera  goaz”

Jai eredu alternatiboaren asanblada: “Gasteizko jaietan hutsune bat ikusi dugu eta gu alternatibak eraikitzera goaz”

Gasteizko jai eredu alternatiboa eraikitzen hasi diren asanbladako hiru gazte izan dira gaurkoan Kantoian; Itziar, Jon eta Unai. Duela hilabete batzuk hasi ziren biltzen, Gazte Eraiki topaketen harira, jai eredu alternatibo bat eraikitzerako bidean hainbat hausnarketa emanez. Auzo ezberdinetako gazteak biltzen dira asanbladetan, elkarren arteko harremana landu zein jai ereduaren baitan identifikatu dituzten hainbat hutsuneren inguruan bide berriak zabaltzeko asmoz.

Hau da zabaldu duten testua:

“Jai ereduaren inguruan eztabaidatzen hasi garen hainbat eragile eta auzotako gazteak gara. Gasteizko jai eredua lantzeko zein eraldatzeko taldea sortu dugu, alde batetik, Gasteizko gazteon arteko harreman falta sumatu dugulako eta, bestetik, jai ereduan hutsune eta kontraesanak nabaritzen ditugulako: musika eredu komertziala eta sexista agerikoa da gure jaietan; edalontzi berrerabilgarriak erabili arren, ez dugu ekoizten den zaborra murrizteko bestelako planteamendurik martxan jartzen; ez dugu jai eremuan euskara nahi genukeen bezainbeste entzuten ezta indartzen ere; zaila egiten zaigu zaintza erdigunean jartzea ; orokorrean multinazionalei erosten diegu, bertako produktuak zaindu gabe; kontsumo burugabe batean oinarritzen dira jaiak…

Hori guztia aldatzeko eta eztabaidatzeko, pixkanaka urratsak emateko apustua egiten dugu Gasteizko gazteon arteko koordinazioaren bidez. Gure jaiek dituzten hutsune eta kontraesanen aurrean, gazteon parte hartze aktiboa eta konpromisoa beharrezkoa dela uste dugu. Gaur egungo jai eredua errotik apurtu eta gazteok gure jai eredu propioa eraikitzera goaz, autogestioan eta parte hartze zuzenean oinarrituta.

Edonola ere, ez genuke nahi sortuko dugun alternatiba auzoetako eta Gasteizko jaietara soilik mugatzerik, bestelako egun eta guneetan ere eragitea baita gure asmoa.

Hainbat dira orain arteko eztabaidetan ateratako ideiak. Adibidez, Euskal Herriko gainerako herri eta hirietan bezala, Gasteizen ere hiriko gazteak batzeko koadrila, talde, konpartsa edo dena delakoa sortzea eta gaur egun Gasteizko jaietan eta gainontzeko egun berezietan (San Prudentzio, Santiago, inauteriak) egiten diguten eskaintzari alternatibak ezartzea.

Jakin badakigu proiektu honen atzean ikaragarrizko lana dagoela, baina jasoko dugun uztak merezi du: auzo, eragile eta gazteon arteko harreman berriak sortuko dira eta gazte mugimenduak indarra hartuko du; gainera, zentzua emango diogu Gasteizko jai ereduari, ikuspegi alternatibo eta eraikitzaile bat praktikan jarriz.

Bukatzeko, deia luzatzen diogu proiektu honekin identifikatuta sentitzen den gazte orori, guztion indarrak batuz soilik izango baita posible Gasteizko jai eredua eraldatzea.”

 

GASTEIZKO JAI EREDUA ERALDATZERA GOAZ!

Entzun
Gasteizko  Txosnetako  kontzertuak  aurkeztu  dituzte

Gasteizko Txosnetako kontzertuak aurkeztu dituzte

Gasteizko Jaietan, herri mugimenduaren kokaleku bihurtzen da Kanpusean antolatzen duten txosnagunea. Aurten ere, abuztuaren 4tik 9ra eragile ezberdinek osatuko dute txosnagunea. Gutxinaka-gutxinaka, egitaraua aurkezten hasi dira; izan ere, bi hilabete baino ez dira falta Gasteizko jaiei hasiera emateko.

 

Momentuz, egitarau definitiboaren faltan, kontzertuak iragarri dituzte. Hala ere, ostegunean aurkeztuko dute egitarau ofiziala. Hauek dira konfirmatuta ditugunak:

Hala Bedik ere, urtero bezala, txosna jarriko du abuztuaren 4tik 9ra, herri mugimenduarekin entxosnatzeko deiarekin bat eginez. 

 

1

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies