“Haize, uhin eta zulo beltzen gainetik” -Iñaki Martinez de Luna-

“Haize, uhin eta zulo beltzen gainetik” -Iñaki Martinez de Luna-

Ia hilabete igaro da Euskaltzaindiak XXII. Jagon Jardunaldia Gasteizen egin zuenetik.

Bertatik atera litekeen ondorioa honako hau da: “Araba uste baino euskalduna­goa da, horretaz jabetu behar dugu euskaldunok eta euskaraz bizitzeko ditugun au­kerak gehiago baliatu behar ditugu.”

Jardunaldian begi bistan gelditu ziren euskararen alde Araban egiten ari den lan handia eta, horren eskutik, sortzen ari diren dinamika zein bilgune berriak. Horiek guztiak belaunaldi gazte batek mimoz egosiak eta zerbitzatuak. Haizeak euskararen alde jotzen du, Araban. Ba al dago gehiago eskatzerik?

Bai, dudarik gabe, badago. Izan ere, aldeko haize horrek itxura handiagoa du brisa ahularekin euskara gizarte osora zabalduko lukeen haizete indartsuarekin baino. Zergatik?

Bada, esandako jardunaldian hiru hutsune eta gabezia mota nagusi aipatu ziren. Bata, orokorra eta hainbat partaidek modu batera edo bestera esanda, baliabideen eskasiarena da. Euskararen langileek edo, hobeto esanda, gudariek ez dute armada ongi ekipatu baten itxurarik, isilpeko edo ezkutuko gerrillariena baizik. Denetik egin behar dute, beraien kasa eta baliabide eskasekin. Hari fin baten gaineko ekilibrista gisa dabiltza etengabeko borrokan.

Bigarren kexa, irratientzako lizentzien esleipenaren inguruan izan zen, Hala Bedi irratiko ordezkariaren ahotik eginda. Kontua da, Araban euskarazko kate bati zuzendu behar zitzaion lizentzia bakarra, erdarazko kateetara bideratu zela. Gaztelaniaren aldeko irrati-uhinen desoreka are handiagoa egin zen, denborale bortitzeko olatuak bezain handia.

Hirugarren arazo mota Trebiño Konderritik iritsi zen. Han, euskararen alde egin diren urratsak miresgarriak dira, baina horretarako izan duten helduleku ia bakarra herritarren babesa izan da. Batetik, Castilla-Leongo erkidegoan, euskara Afrika edo Asiako hizkuntzak bezain arrotza da, ez baitu erkidego autonomikoaren ofizialtasunean zirrikitu txikienik ere. Bestetik, Trebiño Arabako erakundeen eskumenetatik kanpo gelditzen da; ez da Araba, euskarari dagokionez, gure lurraldeko bihotzean dagoen zulo beltza baizik.

Dena den, haize pattal, uhin ahul edota zulo beltzen gainetik, euskararen aldeko arabarron gogoa, lana eta lorpena gailendu ziren Euskaltzaindiaren jardunaldian. Gaitz erdi!

 

Iñaki Martinez deLuna

Entzun
Unai Viana (Arabako Gazte Euskaltzaleon Topaketa): “Gazteek gazteentzat egindako topaketak antolatu ditugu eta harro gaude egindako pausoez”

Unai Viana (Arabako Gazte Euskaltzaleon Topaketa): “Gazteek gazteentzat egindako topaketak antolatu ditugu eta harro gaude egindako pausoez”

Arabar Gazte Euskaltzaleon II. Topaketa egingo dute datorren larunbatean Gasteizen. Aurreko edizioan oinarrituta, esperientziak elkartrukatzea eta elkar ezagutzea ipini dute helburu Arabako lurralde ezberdinetako gazteek. Unai Viana antolakuntzako kidearekin hitz egin du ARABA HIZPIDEk.

Informazio gehiago, artikulu honetan.

Entzun
Araban, euskararen biziberritzean gako izan diren 16 geltoki

Araban, euskararen biziberritzean gako izan diren 16 geltoki

Araban euskararen biziberritzeak egin dituen pausoen inguruan berbaldi bat enkargatu zioten Vigoko unibertsitatekoek Txerra Rodriguez soziolinguistari, gero, Santiagoko unibertsitatean ere gauza bera errepikatzeko. Azkenean, galdera horri zuzenean erantzuna eman beharrean, 16 geltokiko bidaia proposatu du Araban barrena.

Mapa osoa eta bere 16 geltokiak ikus daitezke HEMEN

Entzun
Zabalik da Errigoraren saskiak eskatzeko epea, Nafarroa hegoaldeko produktuak eta euskara bultzatzeko, aldi berean

Zabalik da Errigoraren saskiak eskatzeko epea, Nafarroa hegoaldeko produktuak eta euskara bultzatzeko, aldi berean

Erriberako ekoizleen produktuak euskaraz etiketatuta zabaltzen ditu Errigora ekimenak. Modu horretan, helburu bikoitza lortzen dute: hurbileko produktuak ingurune hurbilean zabaltzea, Euskal Herri hegoaldeko produktuak lurralde osora hedatuz, eta Erriberako euskalgintzari laguntza ekonomikoa ematea, etekinen zati bat euskararen zabalpenera bideratzen baitute.

Gastezien ere zabalik da Errigoraren saskiak eskatzeko epea: azaroaren 14ra bitartean egin ahal izango da eskaera Gasteizko AEKren euskaltegietan eta sindikatu eta eskoletan. Ekimenaren webgunean bertan ere egin daitezke eskariak: www.errigora.eus. Bi saski izango dira: zuria eta beltza. Horietako bakoitzak produktu sorta ezberdina izango du. Jasotzeko, aldiz, Txagorritxuko Etxegorri auzo elkartearen egoitzan jarri dute hitzordua, abenduaren 2an, larunbata.

Entzun
Azaitz Unanue (GEU elkartea): “Euskaldunaren irudi monokromatikoa ez da erreala: Gasteizen asko gara eta era eta kolore ezberdinetakoak”

Azaitz Unanue (GEU elkartea): “Euskaldunaren irudi monokromatikoa ez da erreala: Gasteizen asko gara eta era eta kolore ezberdinetakoak”

“Egin dezagun kale!” lelopean, Gasteizko euskaldunen jaia ospatuko du GEU elkarteak datorren urriaren 28an. 25 urte bete berri ditu GEUk, eta begi onez ikusten dute Gasteizen euskarak egin duen ibilbidea: euskararen ezagutza eta erabileraren igoerarik handiena Gasteizen eta Araban izaten ari da, eta horrek ospakizunetarako motiboa ematen du. Horixe esan du, besteak beste, Azaitz Unanue GEUko kideak, Araba Hizpide magazinean eman duen elkarrizketan. Egitarau oparoa prestatu dute urriaren 28rako, herri-bazkaria eta kalejira tarteko.

Entzun
Tertulia | Kazetariak: okupazioa, euskaraz bizitzeko esperientziak, Hiriko kasua

Tertulia | Kazetariak: okupazioa, euskaraz bizitzeko esperientziak, Hiriko kasua

Zurine Rodriguez eta Xabier Izaga izan dira gaur Hala Bediko estudioetan tertulian, eta Dani Trujillano, telefonoz. gasteizen beste eraikin bat okupatu dutela-eta, bizi-eredu berriak izan dituzte hizpide. Aiaraldea, 6.000 lagunen aho eta belarriak aktibatu nahi dituzte, eta euskara hutsez bizitzeko esperientzien onuraz ere jardun dute. Azkenik, Hiriko kasuaren jarraipena egin dute, ustelkeria kasuen inguruan dagoen datu falta salatuta.

Entzun
“Egunonik ez: good morning” -Patxi Goenaga-

“Egunonik ez: good morning” -Patxi Goenaga-

Egunonik ez: good morning

Pertsona bat nolatan senti daiteke harro ez dakien zerbaitez, edo hobeto esan, zerbait ez jakiteaz? Jakiteak ez omen du lekurik hartzen. Hala dio gaztelaniazko esaera zaharrak: el saber no ocupa lugar. Batzuek, hala ere, beren ezjakintasuna ezkutuan gorde beharrean, harrotzeko motibotzat hartzen dute eta airera zabaltzen. Hizkuntza bat jakitea, edozein delarik ere,  harrotzeko motiboa da, aberastasun bat baita, edo nahiago baduzu, entzule, dohain bat da. Munduko hizkuntzak aberastasuna dira. Denak jakitea ezina da, nahi genuke, baina ezina da. Hala ere, zenbat eta gehiago jakin, aberatsago.

Zertara dator gaurko jardun hau ere gure iritzi tarte honetan? Labur-labur: adiskide nafar batek eman dit hizpidea. Erriberakoa da bera, euskalduna, nagusitan euskaldundua, kostata eta ahalegin handiaren ondorioz euskaldundua, beraz. Bada, adiskide honek watsapp bidez bidali zidan bideo harrigarri bat, non oraindik ere hor zehar gizaki  inozoak badirela erakusten baitzaigu. Batzuetan gorrotatu egiten dut tresna hau, abusatu egiten delako, baina ongi dator beste batzuetan.

Bideo honetan Nafarroa hegoaldeko alkate nabarrista bat agertzen da ekitaldi protokolario batean. Honela hasten du bere hitzaldia: “Señora presidenta de la comunidad foral de Navarra, Doña Uxue Barkos, resto del equipo,  directivos y demás asistentes a este acto. Bueno, yo no sé euskera, así es que, good morning, buenos días a todos”. Grazia gutxiko eta inozokeria handiko ateraldia, nahiz eta irriparrez ari den hizlaria. Barkos andrearen erantzuna, irriparra ezpainetan eta garraztasunik gabe: “Buenos días, egun on, y si me permites, Alcalde, no hace falta saber euskera para decir egun on, es incluso mas fácil de pronunciar para muchos de nosotros que good morning… Pero dicho esto, yo os animo porque son nuestras dos lenguas y ese pequeño gesto a todos nos reune,  nos reconcilia, nos encuentra y es hermoso”.

Joan den ikasturte amaieran gertatu zen hau, Marcillako institutu baten 50. urtehurrenaren ospakizunean.

Nota jarri behar balitz, alkateari, zero biribila emango nioke. Barkos andreari bikain, erantzun egokia eman baitzion nafar guztien ordezkari gisa herriko alkateari (ez herriaren alkateari, pentsatu nahi dut). Hala ere, uste dut, arazo honek ez duela gaurkotasunik galdu zoritxarrez, maiatzeko kontua izanik ere. Azken batean, hizkuntza bat mezprezatzeko libre da edozein, inozoa izateko eskubidea ere badugun bezala, beharbada. Baina gure inozokeriak ez digu eskubiderik ematen herritarrak iraintzeko eta mezprezatzeko.

Jorge Nagore kazetariak Diario de Noticias-en 2017ko irailaren 13an ongi idatzi zuen bezala. (oraingoan neuk euskaratuko dut testua): ”gaiak ez dauka benetako garrantzirik, baina begien bistakoa den gertakizun triste bat erakusten du: nafar askok eta are larriagoa dena, Nafarroako politikari asko, alderdi jakinetakoak, benetako erantzukizunak dituztenak, euskaraz ez jakiteaz aparte, harro azaltzen dira gabezia horretaz, solapan daramate erakusgai. Eta areago oraindik: iruditzen zaie publikoki nabarmentzekoa den zerbait dela.

Gazte nintzela (berrogeita hamabost bat urte baino gehiago) kalkulatzen dut, neu ere Nafarroan nenbilen, batxiler ikasketak egiten. Euskal girorik ez zen, jakina. Kontrakoa, izatekotan. Baina baziren irakasle euskaltzaleak ere. Haietako batek, Daniel Baztarrika azkoitiarrak aukera eman zigun, eskola orduetatik kanpo, halako talde koxkor bat sortzeko, dozenerdi ikaslerekin edo, euskaraz alfabetatzeko. Han egin nituen nik neure lehenengo saioak. Aukera izan genuen gure lehenbiziko izkribuak Iruñean ateratzen zen aldizkaritxo batean argitaratzeko. Gu ikasle euskaldunak uste dut zuela izena. Eta han aurkitu nuen, orrialdeetan barreiaturik, halako iragarki moduko bat inoiz ahaztuko ez dudana. Gogoratzen naizenez, honako honen antzeko mezua jasotzen zuen: “Hay vascos tan tontos que creen que el que sabe dos lenguas es más tonto que el que sólo sabe una”. Euskaraz ere agertzen zen, seguru asko, baina ez dut gogoan. Erdarazkoa geratu zitzaidan gogoan itsatsirik.

Euskaldun inozo haiek gutxi ez, eta horra non are inozoagoak direnak: hizkuntza bat jakin ez, eta hala ere, harro. Ezjakinaz harro. Inozo galantak!

Eta beste detailetxo bat oraindik. Hasieran aipatu dudan nire adiskide nafarrak kontatzen zidanez, entzuleen artean omen zegoen Miren Aranoa parlamentaria ere, eta ekitaldiaren amaieran hiru minutuz jardun zuela aipatu alkatearekin  ingelesez, baina honek aitortu zuela ez ziola ezer ulertu.

Beti esaten dudana: hizkuntza zenbat eta hobeto jakin, zeuretzat mesede eta hizkuntzari kalterik ez, alderantziz baizik. Eta zenbat eta hizkuntza gehiago eta hobeki menderatu, hainbat eta ahalbide gehiago eskuetan. Arazoak konpontzeko bidea hitza bada, saia gaitezen arazo konponketarako lanabes hori (edo horiek) prestatzen, aberasten eta indartzen. Hitzak edo hizkuntzak falta bazaizkizu, nekez ariko zara arazo konpontzaile lanetan.

Beraz, nik ere good morning, eta thank you. Euskarari bizia eman deizaiogun. Euskarari bizi luzea opa diogu eta, horrenbestez, bidea ere luzea dugu aurrean.

 

Entzun
Xabier Gojenola (Errigora): “Kezka eta irrika ezberdinak dituztenen arteko batura da Errigora”

Xabier Gojenola (Errigora): “Kezka eta irrika ezberdinak dituztenen arteko batura da Errigora”

Zubigintza lelopeko kanpaina abiatu du Errigora ekimenak: Nafarroa hegoaldeko produktuak euskaraz etiketatu eta zabaltzen dituzte Euskal Herri osoan, etekinak Erriberako euskalgintzari bideratzeko eta bertako ekoizpena bultzatzeko, aldi berean. Xabier Gojenola Errigorako kidearekin hitz egin dugu gaur Araba Hizpiden, eta Errigorak interes ezberdinak batu egin dituela nabarmendu du, zubi lana eginez. Udazkeneko kanpainari ekingo diote aurki.

Entzun
Ane Zelaia (Goian): “Alde Zaharreko aniztasuna aisialdian islatzea eta komunitatea indartzea dira gure helburuak”

Ane Zelaia (Goian): “Alde Zaharreko aniztasuna aisialdian islatzea eta komunitatea indartzea dira gure helburuak”

Urteroko programazioari ekin dio Goian Gasteizko alde zaharreko proiektu komunitario hezitzaileak. Ane Zelaia Goianeko kideak eman digu aurtengo programazioaren berri: aniztasuna, hezkidetza, euskara eta parte-hartzea ardatz hartuta, haur eta helduen aisialdiaren bitartez, komunitatea indartu nahi dute hainbat jarduera antolatu dituzte.

Entzun
Lagrango euskarazko toponimo eta hitzak bildu ditu Andoni Llosak liburu batean

Lagrango euskarazko toponimo eta hitzak bildu ditu Andoni Llosak liburu batean

Arabako Mendialdeko Lagran herrian XV. mende inguruan galdu zen euskara, baina gaur arte iraun duten euskarazko toponimo ugari daude. Areago, gaztelaniaz mintzatzen direnek ere euskarazko hitzak tartekatzen dituzte, gaztelaniaratuta, eta hori ere bada euskararen presentziaren adierazlea.

Toponimo eta hitz horiek bildu eta liburu batera ekarri ditu Andoni Llosak (‘Palabras y topónimos de origen vasco en el municipio de Lagran’). Joan den irailaren 23an aurkeztu zuten liburua Lagranen bertan eta txangoa egin zuten ondoren, toponimo horiek ikusteko. Lagrandarren arbasoen euskaltasunaz ohartaraztea izan da Llosaren asmoa.

Entzun

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies