Magazinak

Araba Hizpide

Araba eta Gasteizko aktualitatea jorratzen duen magazina gara. 2015 urtean sortu ginen, Hala Bedi Bi irratiko goizeko tartea indartzeko. Edukien aldetik, tokiko berriak, kuadrillaz kuadrillako kolaboratzaileak, hedabide ezberdinetako kazetariak eta elkarrizketak izaten ditugu astelehenetik ostiralera, goizeko 10:00etatik 11:00etara, Hizpidea magazin nazionalaren ondoren. Hizpidea magazinarekin batera, Hala Bedi Biko goizetako tartea osatzen dugu.

Azken Artikuluak

[Iritzia] “Euskal gizarteak akordioak saritzen ditu” -Álvaro Castillo-

Ez naiz sekula inkesten defendatzaile sutsua izan; halere, gizartearen iritziaren nondik-norakoaren argazkia eskaintzeko gaitasuna aitortu behar zaie. Azken aste honetan, EITB Focusi zegokion gizartearen ustearen inguruko zizelkadak emate, eta hala egin du. Bere xedea, zehazki, Eusko Legebiltzarrerako bozkak izatekotan alderdiek lortuko lituzketen emaitzen berri ematea zen; emaitzak honako hauek izan zirelarik: EAJ-PNV 29 (+1), EH Bildu 18 (=), PSE-EE 11 (+2), Elkarrekin Podemos 9 (-2), PP 8 (-1).


Gauzak horrela, asko dira atera diren ondorioak. Oraingo honetan, alta, alderdien ikuspegitik aztertu beharrean, komenigarria dirudi hiritarren erreakzioa neurtze aldera, emaitza hauek lortzeko gertatu dena aztertzea:
Lehenengo eta behin, EAJ-PNVri dagokionez, ukaezina da euskal gizartearen konfiantza izaten jarraitzen duela, bere proiektua hiritarren gehiengoarenarekin bat egiten duela dirudi eta. Jarlekuaren igoera Araban ematetik ondoriozta daitekeena Arabar gizartean gero eta errotuagoa dagoen alderdia dela da. Era berean, gehiengo absolutua ez duela gogorarazten dio gizarteak, adostasuna bilatzera behartuz, eta hala egitea sarituz.
EAJ-PNVk jarleku bat irabazten duen bitartean, PPri jarleku batek ihes egiten dio, Arabatik hain zuzen ere. Makina bat arrazoik azal dezakete hau; esate baterako, haien mezua Euskadin iraganaren preso dela, etorkizunari begiratzeko ezintasuna pairatzen baitute. Beste arrazoi bat, agian, gizartearen gehiengoaren kezkei erantzuten ez dietela izan daiteke. Aitzitik, nagusiki, eta jarlekuaren galera Araban ematen den heinean, Arabarrek bai Gasteizko udalean, bai Arabako Foru Aldundian egiten ari diren oposizioa zigotzen dutela dirudi.
EAJ-PNVz gain, badago beste irabazle argi bat: PSE-EE, bi jarleku irabazten dituena. Euskal gizarteak mezu argi bat bidaltzen ari die iraileko hauteskundeetan galtzaile atera ziren sozialistei: erabakitzeko eskubideaz, euskal presoen dispertsioarekin amaitzeaz, eta euskal agenda osatzen duten gainontzeko alorrez hitz egiteko zenbat eta prestutasun handiagoa azaldu, orduan eta hobeto konektatuko dute euskal gizartearekin. Azken batean, akordioaren aldeko eginiko apustu adoretsua saritzen zaie, eta argi uzten zaie 2009an PPrekin bat egin zutenean erratu zirela. Ea guzti hau Madrilera begira kontuan hartzen duten!
PSE-EEk lortutako bi jarlekuen igoeraren beste aldean, Elkarrekin Podemos dugu, bi jarleku horien galtzaile dena. Zalantza izpirik gabe, alderdi honek pairatzen ari dituen barne borrokak gogor zigortu ditue euskal gizarteak, baina, funtsean, nire aburuz, emaitza hauek Podemosen “euskalduntasun” edo “vasquismoa” itxurazko kontua besterik ez dela ondorioztatu duen gizarte baten erantzuna dira. Euskal herritarrak beti izan gara egiaren lagunak, eta ez dugu iruzurretan ari zaigun jendea gogoko. Argi dago emaitza hauetan eragina izan duela Podemosek azken asteetan esatea Kataluniaren inguruan erabakitzeko eskubidea espainiar guztiei dagoekiela; edota Gipuzkoako Biltzar Nagusietan EAJ-PNVk eta EH Bilduk erabakitzeko eskubidearen alde sinatzerakoan,
Elkarrekin Podemosek PPren alboan eseri izana. Euskal esaerak dioenez, urrea esan eta urria eman!
Azkenik, EH Bilduren ordezkaritza mantentzen dela ikus daiteke, bozka ehunekoan jaitsiera txikia sufritzen badu ere. EAJren emaitzarekin batera, EH Bilduren emaitzak argi berresten du Euskadi abertzalea dela eta erabakitzeko eskubidea hemen gauzatu nahi eta behar duela. Halere, EH Bilduk Gasteizen PPk pairatutako zigorraz irakurketa argia atera behar du. Gasteizen eta Araban PPren oposizio suntsitzailea zigortu bada, Gasteizen azken bolada honetan hartutako bidea abandonatu behar du, akordioaren dinamiketara bueltatuz. Hori baita gizarteak eskatzen duena, baita Gasteizek, Arabak eta Euskal Herriak behar dutena ere.
Edonola ere, hori da inkesta honek edonoren aurrean argi uzten duena: euskal gizartea anitza dela eta akordioak ezinbestekoak direla aurkezten zaizkigun erronkei aurre egiteko. Har dezagun, bada, bide hori, guztiok irabazte aldera, Euskal Herriak irabazte aldera! Batu ditzagun indarrak!

Entzun

Josu Aranbarri (Zadorra Bizirik): “Araban ibaien egoera gero eta txarragoa da”

Elorriagako depuradorak ur zikinak botatzen dabil Zalburuara. Aspaldiko arazoa da, depuradora zaharkitua geratu delako. Hala ere, arazoa ez da Elorriagakoa soilik, Zadorra Bizirik-eko Josu Aranbarriren arabera berdina pasatzen da Arabako udal txiki askotan. Bere ustez Arabako ibaien egoera gero eta txarragoa da eta konponbideak bilatzen hasteko ordua da. 

Entzun

Axier López (Argia): “Isuna atzera botatzeak, polizia grabatzea gure eskubidea eta beharrezkoa dela erakutsi du”

Axier Lopez kazetariari ‘mozal legea’ ez betetzea egotzita jarri zioten isuna kendu egin dio Espainiako Gobernuak. Martxoaren 13an epaiketa egitekoak ziren, baina ez dute egingo; Javier de Andres Espainiako Gobernuaren ordezkariak isuna kendu du. Lópezekin hitz egin dugu HIZPIDEA magazinean.

Entzun

[Iritzia] “Krask” -Alaitz Andreu-

Tipulina txikitzen ari nintzela, XXI. mendean gaudela esan zidan lagun batek, ez dagoela horretarako (berdin du zertarako) eskubiderik, hirugarren mundukoa dirudiela gertakizun horrek. Tercermundista dela.

Isilik geratu nintzen, baina tomatea txikitzeari ekin nionean galdetu nion, lasai, ea zer duen XXI. mendeak XIX.ak ez duenik; ea XXI. mendea eta hirugarren mundu deitzen dion hori bateraezinak ote diren, ea balizko hirugarren mundu horretan ez al dauden XXI. mendean; ea zergatik uste duen hemen eta orain hain onartezina den hori hirugarren mundu deitzen dion horretan normala dela, eta, beraz, onargarria edo. Komentario xenofoboa eta klasista zela esan nion. Irainduta sentitu, eta alde egin zuen etxetik.

Irratia piztu nuen orduan; martxoaren 8a zen, afalordua. Bost minututan hamar bat aldiz entzun nuen oraindik hitza, eta iruditu zitzaidan oso lotuta daudela aldarrikapen feministak eta oraindik hitza. Galdera hau da, ordea: noiz eta non ez da hori gertatu?

Badakit berdintasun faltsuaren ideiaren aurkako argudioak emateko erabiltzen dela hainbestetan oraindik terminoa. Anestesiatuta edo zapalduta edo eroso dauden horien begi-belarriak ireki nahi ditugula. Nekatu egiten nau, ordea. Oraindik hitza desagerraraziko nuke diskurtso horietatik, eta aspalditik hitza sartu. Izan ere, ez gaude aspaldiko emakume haiek baino askoz ere hobeto, gure amonak baino askoz ere hobeto. Ez gaude Mexikon, Marokon edo Indian baino askoz ere hobeto. Heteropatriarkatuaren moldeak ezberdinak dira han-hemen; batzuetan gogorragoak, besteetan ikusezinagoak. Silikonazko titiak oso ikusgarriak izan arren.

Aguakatea zuritzen hasi nintzen, eta pentsatzen hasi guztion gunea omen den kalean zer gertatzen den. Eta ez naiz bortxaketez ari.

Emakume izendatu gaituztenok badakigu, ondo jakin ere, kaletik goazela, edozein tokitan eta edozein ordutan, baita goizeko 12:00etan ere, gure paseoa moztuko duen oihu bat bota diezaguketela. Oihua edo marmarra edo arnasestua. Badakigu hori gerta daitekeela, eta gertatu ere gertatzen zaigula, baina garrantzirik gabeko erasotzat hartzen delako susmoa daukat; are, emakume batzuek ez dute erasorik identifikatzen hor. Izan ere, gizonen gustukoak izateko eta haien zakilak xurgatzeko jaio gara.

Aguakatea tenedorearekin zapaltzen hasi nintzen, indarrez, ore homogeneoa sortu zen arte. Baliteke, aguakatea beharrean, beste zerbait eduki izana buruan. Bai, antzeko forma duen eta batzuei boterea ematen dien horretaz ari naiz.

Bada, kalean gertatzen diren ahozko eraso ustez garrantzirik gabeko horiek gizarte honen matxismoa erakusten dute; baliteke erakusgarri ohiko eta, aldi berean, nabarmenenetako bat izatea. Izugarria baita, lanera, supermerkatura edo tabernara noala, edo pasieran, gizonezko batek edo batzuek pentsatzea bere gozamenerako nagoela ni hor, oinez, minigona edo prakak soinean, burua nahi dudan tokian dudala, pozik, triste edo haserre, eta gizonezko horrek edo horiek nire hausnarra moztea, nire gorpuzkera eta janzkera epaitzea, nire arreta desbideratzea, nire gorputza erabiltzea eta ni neu zapaltzea. Horrelakoak gertatzen zaizkidanean, tentsioa sentitzen dut, giharrak tenkatzen zaizkit, txinpartadun fluxu moduko bat igotzen zait sabeletik gora, haserretu egiten naiz, baita urduritu ere, eta zer edo nola erantzun pentsatzen hasten naiz. Batzuetan, erantzun egiten diet, eta oldartu ere egiten zaizkit. Gehienetan, baina, ez dut ezer esaten. Batzuetan, ez dudalako nire tentsio-egoera areagotu nahi izaten, edo ez dudalako jasaten erantzun-beharra edukitze hori, eta, beste batzuetan, gizon hori edo horiek urrun egoten direlako erantzuna prestatzen dudanerako; urrun, pozik, boteretsu, emaztearenganako bidean jainko.

Horrek horrela gertatzen jarraitzen duen bitartean, matxismo basatienaren mende egongo gara, matxismoaren bene-benetako isla baitira eraso mota horiek. Gaur eta hemen.

Bada, horren inguruan pentsatzen ari nintzela, aurretik txikitutako tipulina eta tomatea bota nizkion tenedorearekin hain sutsu zapaldu nuen aguakate-oreari, eta gatz eta olio pixka bat erantsi. Guztia nahastu, eta tostada egin berrian zabaldu nuen. Krask, krask, krask.

Entzun

[Iritzia] “Euskal grafia zer den” -Blanca Urgell-

Duela pare bat egun interneten, Zuzeu-n, bere burua euskara irakasle bezala aurkezten duen Beñi Agirre delako baten artikulu bat irakurtzen ari nintzen, “Identitate estereotipoak eta umorea” izenekoa, “Euskalduna naiz eta zu” programa polemiko ospetsuaren harira. Gaiak nazkatu eta amorratuta nengoen ordurako, baina, badakizue, morboak katibatzen gaitu batzuetan.

Irakurtzen ari nintzen, bada, eta hara non honako esaldi hauekin topo egin nuen: “Esan gabe doa ez nik, ezta euskaldun gehienok ere, ez genukeela onartuko espainiarren identitatea iraintzea familia izen edo antroponimiakoak baliatuz. Nahiz eta eurek lizentzia historikoa hartu izan duten euskal abizenak desitxuratzeko sistematikoki: Agirre beharko lukeena Aguirre inposatuz edo Zubiri frantsesez Çubiri ematen dutenean”. Ai, ene! diot nik.

Beñi estimatua: Aguirre idazkera eta Çubiri idazkera ez dizkigu inork inposatu: guk geuk erabili ditugu, nahita, gutxienez XIX. mendearen bigarren erdialderaino. Mende hartan euskaldun batzuei —kanpotar zuhur gehiagori bezala— otu zitzaien ga, go,gu era batera eta gue, gui bestera idaztea ez zela ona, eta berdin ça, ço, çu, ce, ci eta hitz bukaeran z-z idaztea ere ez zela zentzuzkoa; hortik dator, azken batean, euskarak izatea Europako grafiarik logikoenetakoa: idazteko tradizio gutxi eta zatikatua izanik, azkenean XX. mendean horrelako ideia zuhurrak garaile irtetetik eta gure grafia modernoa berri-berria eta zentzuzkoa izatetik.

Tradizio handiaren pisutik libratu ezinak desegoki bilakatu du, alderantziz, ingelesaren grafia, adibidez. Denok dakigu ingelesez idaztea eta ahoskatzea ez datozela bat, eta  letrek —batez ere bokalek— ahoskera aldatzen dutela hitz batetik bestera. Halere, ingelesdunek tradizioari atxikita jarraitzea nahiago izan dute, honek hizkuntzaren irakaskuntzan daukan eragina gorabehera. Gai polemikoa dute, noski, baina askorentzat grafia ustez “desegoki” hori ingeles grafia da, eta ezin da bestela izan euren ustez.

Beraz, Beñi estimatua, Aguirre eta Çubiri antzinako grafia horiek, nahi bezain desegokiak izanik ere, oraingoak bezain euskal grafiak dira: euskal grafia zaharrak, nahi bada, baina euskal grafia, dudarik gabe. Azken batean, ikasleei esan ohi diedanez, euskal grafia da euskaraz idazteko euskaldunok, noiznahi dela eta nolanahi ere dela, euskara idazteko erabili duguna edo erabiltzen duguna.

Tertulia | “Martxoak 8. Orainaldia eta etorkizuna” Negeak eta Guet eragile feministekin

Martxoak 8. Orain dela 160 urte, 1857ko martxoaren 8an, ehungintzan ziharduten emakume langile ugari New Yorkeko kalera atera ziren, zeuzkaten lan baldintza negargarriak salatzeko. Mugimendu ugari sortu ziren data horren izenarekin, dataren eguna modu sinbolikoan zabaldu eta XX. hamarkadan Emakume Langileen Nazioarteko Eguna izendatu zen Martxoaren 8a. Baina ez dugu hainbeste atzera egingo eta ez gara hain urrutira joango. Etxean geratuko gara ARABA HIZPIDE magazinean, gasteizen, eta egungo egoera aztertuko dugu. Horretarako, aste honetan lanean dauden eta gazte feministon Astea antolatu duten bi eragile gonbidatu ditugu gurerara: Negeak-eko Irati León eta Guet-eko Irati Zubizarreta, orainaz baina batez ere etorkizunaz hausnartzeko.

Entzun

[Iritzia] “Pertsonen egia” -Jaione Agirre-

Gaur martxoaren 8a izanda, ezin nuen beste ezertaz hitz egin pertsonei buruz baino. Bai, ez naiz erratu, pertsonez ari naiz, emakumeak pertsonen erdia baikara.

Joan den azaroan “Zer da egia?” iritzi artikulua irakurri nion Anjel Lertxundiri eta zirrara eragin zidan. Natalia Gizburgen liburu baten hasieran oinarritzen da, zeinetan egia jakin nahi duen emakume bati gizon batek “zer da egia?” galdetzen dion eta, Lertxundik dioen moduan, galdera horrekin egia “konkistatzeko aukerak zirtzildu zizkiona”. Lertxundik labur eta zuzen argitzen du, mespretxua daukala galdera horrek bere barruan, emakumearen sentimendu, sufrimendu eta beharrek ez dutela “begirunerik” gizonaren bizitzan. Biktimak biktimagilearen egia baino ez duela, berea ukatu egiten baitzaio.

Nire iritziz hor dago pertsonen egia. Pertsonen erdiek, emakumeek, beti beren burua justifikatu behar dutela: (etxean nahiz kalean) lan egiteko edo ez egiteko, guraso izateko ala ez izateko, horrela edo beste honela janzteko, jokaera hau ala beste hau izateko, horra iristeko ala ez iritsi nahi izateko… Eta justifikatu behar dute pertsona guztien aurrean.

Urtean behin “lagatzen” digute hori aldarrikatzen emakumeoi, niri iritzi apalean… Urtearen beste egun guztietan (364 edo lau urtetik behin 365ean), geure buruari buruzko azalpenak ematen aritu behar izaten dugu emakumeok, pertsonen erdiok, gizateriaren erdiak… Nekagarria da, baina ezin dugu etsi, zeren gizateria ez da nekatzen esplikazio horiek eskatzen, gure egia ukatzen…

Entzun

Oier Araiz (Brindiseko 3ak): “Topa 30 urtez egin da Tafallan; herritarrek ez dute epaiketa ulertzen”

Tafallan, euskal presoen eta iheslarien aldeko topa egin zuten uda partean. Orain, aurreikuspenak gainditu eta topa bat egiteagatik hiru pertsona epaitegira joan beharko dira. Baina eskaerak, topa batengatik, ez dira batere txikiak: 2 urteko espetxe zigorra eskatzen diete, besteak beste. Asteazkenean epaituko dituzten hiru pertsonetako bat da Oier Araiz eta harekin hitz egin dugu HIZPIDEAn.

Entzun
47 orrietatik 4 orria« Lehena...23456...Azkena »

Zalantzak, ekarpenak,..

8 + 9 =

Hizpidea

Hala Bedi Bi 09.00etan

  • HIZPIDEA: Herri unibertsitatean Nekane Jurado ekonomialariak aurkeztutako txostena aztergai
    HerriUNik, zenbait erakunde sozial eta politikorekin batera, EAEko eta Nafarroako aurrekontuei buruzko azterlan sakona egin du, 100 orrialdeetan biltzen dena.Gaurko saioan Jon Bernat Zubiri ekonomialariak txostenaren laburpena egin digu.  Bertan azken hamarkadako datuak jasotzen dira, krisi garaia izan dugun honetan. Lanean ikusten denez, aurrekontu hauekin, EAEn gehiago, beheranzko joera sozial ... Irakurri gehiago
    Iturria: HizpideaData 2017-03-23
  • PIPERPOLIS: Biluzteari buruzko lau begirada “Strip Tease” antzezlanean
    “Strip Tease” gaitik abiatuta antzezlan bana sortu dute, Mireia Gabilondok, Jokin Oregil, Garbi Losadak eta Fernando Bernuesek. “Strip Tease “gaia sormen iturri antzezlan bana sortzea eskatu die Loraldiak ostiralean estreinatuko da Arriaga Antzokian. Jokin Oregi eta Mireia Gabilondo izan dira saioan.  Jokin Oregi “ Orduan, ez naiz biluztuko?” piezaz mintzatu ... Irakurri gehiago
    Iturria: HizpideaData 2017-03-22
  • EREMUZ KANPO 5X15: ZOPNAK ZUMERE
    Alderantziz gatoz gaur. Gaur gatoz alderantziz. Atzekoz aurrera. Buruz behera eta hankaz gora. Zopnak zumere gatoz gaur. Eremuz Kanpoz. Goia zein den eta behean nor datzan kanpotik ezartzen diguten garaiotan, grazia zerk duen, publiko zer egin daitekeen, hitz zertaz egin daitekeen amorruz eta asalduraz, bultzaka, irainka eta oihuka markatzen diguten ... Irakurri gehiago
    Iturria: HizpideaData 2017-03-22
  • BEHIALAKO EGUN BATEZ: Udaberriarekin batera, loraldia
    Udaberrian sartu gara, bedatsa edo primadera, Mikel Laboaren ahotsa entzun bitartean, udaberriari egindako aipamen batzuk gogoratu ditugu, loreak, maitasuna, kukua. Udaberriari lotutako irudiak dira, bizitza ernatzen den sasoia baita. Larrosaren koloreetatik abiatu gara Joseba Sarrionandiaren Sorterriko koplak entzunez, baina beste euskal autore batzuk aipatu ditugu halaber: Xabier Lete, Xalbador, Kirmen Uribe, ... Irakurri gehiago
    Iturria: HizpideaData 2017-03-22
  • HIZPIDEA: “Lan baldintzak hobetu, Hezkuntzan eraiki” lelopean greba hezkuntza publikoan
    Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetan greba dute gaur ELA, LAB eta Steilas-ek, ‘Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki’ lelopean. Steilas sindikatuko Ana Perez izan da gurean. Manifestazioak eguerdian hasiko dira hiriburuetan. Gehiengo sindikala 2008-2009ko ikasturtea jarri du erreferentzia gisa hezkuntza publikoaren kalitatearen gainbehera islatzeko. Ordutik, administrazioek bi ardatzetan egin dituzte ... Irakurri gehiago
    Iturria: HizpideaData 2017-03-22
  • SOINUGELA: Balerdi Balerdi, arima sobera eta soul apur bat
    Gaurko urrezko kanta Balerdi Balerdi nafar taldearen Arima sobera izan dugu. Laster diskoa aterako dute, taldeak berak aurreratu duenez, baina guk Ez gara galdu disko zaharragoko abestiari erreparatu diogu, baita kanta horretan agertzen diren aipamen batzuei ere. Soul esparruko erreferentziak dira, lehena Smokey Robinson eta bere The Miracles taldearena, eta ... Irakurri gehiago
    Iturria: HizpideaData 2017-03-21
  • HIZPIDEA: ETAren armagabetzea lurralde oso baten alde bakarreko prozesu gisa aurkeztu du Anaiz Funosasek
    Apirilaren 8an ETA erakundearen armagabetzea beteta egongo zela jakin genuen. Larunbatean, aldiz, armagabetzearen inguruko foroa izan zen Biarritzen. Antolakuntzan Bake Bidea eta Bake bideako kide den Anaiz Funosasekin hitz egin dugu gaurko saioan. Interes berezia hartu zuen Biarritzen antolatutako foroak. Bigarren saioan, joan den abenduan Luhuson izaniko operazioak sortutako egoera ... Irakurri gehiago
    Iturria: HizpideaData 2017-03-21

telefono_92452 945 12 88 55

 telegram-vs-whatsapp 640 073 613

e-mail-icono-6785-96 araba.hizpide@halabedi.eus

Kantoia

Hala Bedi Bat 18.00etan

13 orrietatik 4 orria« Lehena...23456...Azkena »

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR