Magazinak

Araba Hizpide

Araba eta Gasteizko aktualitatea jorratzen duen magazina gara. 2015 urtean sortu ginen, Hala Bedi Bi irratiko goizeko tartea indartzeko. Edukien aldetik, tokiko berriak, kuadrillaz kuadrillako kolaboratzaileak, hedabide ezberdinetako kazetariak eta elkarrizketak izaten ditugu astelehenetik ostiralera, goizeko 10:00etatik 11:00etara, Hizpidea magazin nazionalaren ondoren. Hizpidea magazinarekin batera, Hala Bedi Biko goizetako tartea osatzen dugu.

Azken Artikuluak

[Iritzia] “Hau ez da poema bat” -Mikel Ayllon-

Batzuetan, ez dakit, dei nazazue zoro nahi baduzue, baina irudipena dut idazten dugun guztiak zerikusi handia duela bizi dugun egoeraren larrian eta munduaren hondamendian. Eta guztia esaten dudanean, guztia esan nahi dut, baita hitz txatxu hauek ere.

Batzuetan, begiak oraindik itxita ditudala esnatzen naiz, eta Telmo eta Labrit pisukideez hizketan hasten natzaizue, pixka bat gogogabe, Telmo eta Labrit, gainera, benetazkoak balira bezala. Kontatzen dizuet zer gosaltzen dugun zoroetxe honetan. Kontatzen dizuet zein haserretzen den zeinekin, edo nola egiten diogun errieta elkarri.

Batzuetan, benetan diotsuet, gerra kazetaria naizela sentitzen dut, bi bandoen arteko tiro artean ernai. Edo kultur kazetaria, edo kiroletakoa ere ez gutxitan. Batzuetan iruditzen zait ikusi uste dudana kontatu besterik ez dudala egiten, zapatillak erantzi edo pijama janzten duenaren asmo antzekoarekin.

Ursula K. Le Guin idazleak esana da: “bizi behar dugun garai beltz honetan, biziki behar duguna kazetaritza gutxiago eta poesia eta fikzio esanguratsu gehiago da”. Eta ni larrituta bizi naiz, ez dakidalako kabituko ote zaidan hain esaldi luze eta pisua kamiseta batean, eta irudipena dudalako, poesia eta fikzioa idazten dugunean ere, kazetaritza gehiegi egiten dugula, eta poesia eta fikzio esanguratsu gutxiegi. Eta gero, hori gutxi ez eta kexu agertzen gara, literaturak prestigioa galdu duelako, ia inork ez duelako libururik erosten, eta irakurri, despistaturen batek soilik, eta noizbehinka. Ez galde niri horren arrazoirik. Auskalo. Baina irudipena dut, aukeran, jendeak nahiago duela periodiko originala irakurri eta ez liburu batean argitaratutakoa.

Batzuetan, zaku bete irudipen esantzen naiz, eta begiak irekita. Eta orduan ohartzen naiz non nagoen. Eta gure zoroetxean ez dago sukalderik, ez egongelarik, ez gosaririk, ez Telmorik, ez Labritik. Orduan pizten zait kazetaritza egiteari utzi eta poesia idazteko gogoa. Baina, lasai, laster joaten da, erizaina gelan sartu eta pilulak irentsarazten dizkidan bezain pronto. Orduantxe zoratzen bainaiz, hemen egoteko, zoratuta egon beharra dagoelako.

Batzuetan, pilulek eztarria laztantzen didaten bitartean, poetaren esanek betetzen didate burua trumilka. Hark esana da: “poesiak, begien bistakoa da, ez du mundua aldatuko, baina mundua aldatuko duten pertsonak aldatuko ditu”.

Eta gero, gelatik ateratzen naiz, egunero bezala, Telmo eta Labritekin gosaltzera.

Entzun

[Iritzia] “Ai gureak! eta agureak” -Patxi Goenaga-

Hitzak dena ematen du. Déna eta dená, horrela esan badaiteke. Esan nahi dut hitza eskuzabala dela: ez du ezer eskatzen, errespetu apur bat ez bada, baina eman, den guztia ematen du. Hitzak hizkuntzari ematen dio eta hizkuntzak hiztunari. Hitza hiztunaren esku gelditzen da, eta hiztunek, premien arabera, edo apetaren arabera ere bai batzuetan, hitz berriak sortzen dituzte, erabiliak direnak. Batzuetan, albora utziak ere gerta daitezke. Hiltzat edo galdutzat eman daitezke. Batzuetan berriz, hiztunaren eskutik atzera berrerabiltzen has gaitezke, adiera berriak hartzen ahal ditu edo erabat alda daitezke. Holako hitzak ere izaten dira hizkuntzetan. Euskaraz ere bai. Horregatik, nik hitzak maite ditut, hizkuntzak, neure ditudanak eta beste guztiak ere bai, maite ditudan bezala. Eta maitasun horretatik sortzen da errespetoa.

Hizkuntza eskubideez hitz egiten dugu baina hizkuntzek ez dute berez eskubiderik. Hiztunek dituzte eskubideak. Alegia, hizkuntza eskubideak aipatzen direnean ez gara hizkuntzaren eskubideez ari, hiztun bakoitzak hizkuntzari buruz dituen eskubideez baizik. Egia da bestalde, hizkuntza bat maite dutela dioten askok aho txikiarekin hitz egiten dutela, zeren hizkuntza maite dela esatea erraza da, hizkuntza horretan mintzo direnek beren hizkuntzan eroso bizi ahal izateko eskubideaz ahanzten bagara. Eta hori maiz gertatzen da.

Eta zertara dator perorata hau? Neure barrua hustu beharretik. Zer nahi duzue esatea? Izan ere, duela pare bat egun, nire gaurko iruzkina zertaz egingo ote nuen gogoetan ari nintzela, paseotxo bat ematera atera nintzen eta, aspaldiko partez Salburuko baso-iztingetarantz abiatu nintzelarik, Gasteiz berriko eraikin handien artean gindoazela, arreta  eman zidan eraikin horietako batean esegita zegoen errotulo handi batek: AGURE residencia 3ª edad edo holako zerbait. Agure hitza nabarmentzen zen  behintzat kartelean, egoitzaren izen gisa. Harriturik, gogoetari eman nion. Egia esan, kanpotik egoitzaren kokaguneak ez zidan zirrara onik sortu: Salburuko parkea hurbil eduki arren, hormigoi artean kokatutako lehen solairu bat ez zitzaidan, neuretzat behintzat, oso kilikagarri egiten. Aitortu behar dut, urteetan aurrera joan ahala, zenbat eta hurbilago hainbat eta  errukarriagoak egiten zaizkidala naturarekin bat egiten ez duten espazio horiek.  Arrazoi horregatik edo, atentzioa eman zidan ditxosozko Agure izen horrek. Eta neure artean, kontuan hartzekoak iruditu zitzaizkidan izen hori aukeratu izanaren alde on eta  ez hain onak liratekeenez gogoeta egitea.

Lehenbizi, erakunde bati, enpresa bati, haur jaioberri bati… euskal izena jartzeak poz ematen dit.

Deituraz gainera, erakunde edo enpresaren deskripzioa eskaintzen duen izen osoa euskaraz egonez gero, hori ere puntu positiboa litzateke, nire ustez. Kasu honetan ez zen horrelakorik nabaritzen: euskaraz ageri zen bakarra delako Agure hitz hori baitzen.

Eta erakundearen barruan euskaraz bizitzeko edo lan egiteko aukera eskaintzen bada, bikain.

Lehenbizikoa erraza da, azkena zaila, denok ezinean bezala baikabiltza erabilera sustatzeko kontu horretan.

Baina goazen berriro nire begiek ikusi zuten lehenbiziko izen horretara: AGURE. Euskal hitz bat. Baina desegokia, esango nuke, begiratzen zaion puntutik begiratzen zaiola. Gaztelaniazko testuinguru batean kokaturiko euskal hitz bat denez gero, ez da oso ongi ulertzen nolatan, vascos y vascas, todos y todas eta holako bitxikerietan denbora joaten zaigun honetan, agure bezalako hitz bat hautatzea, genero gramatikalik ez duen hizkuntza batetik hain zuzen, generorako markatua dagoen hitz bat. Are gehiago: egoitza horietan, nik dakidala, emakume gehiago egon ohi da gizon baino, bizi iraupenagatik besterik ez bada ere. Ez dut uste gizonei bakarrik eskainia egongo denik zerbitzu hori.

Baina izen honek beronek ere badu beste akats bat. Hitza akats gabea da, noski, baina erabilera bera izan daiteke akatsa. Berez, ‘adineko gizona’ edo esan nahi du, baina lekuaren arabera, bestelako konotazioak ere baditu: seme-alabarik gabeko gizonezko ezkondua, adibidez. Eta bestelako konnotazio peioratibo batzuk ere baditu. Hiztegi Batuak honako ohar hau ezartzen du: “hitz markatua da, gutxiespen balioa du eskuarki, eta ezin erabil daiteke adineko-ren sinonimo oso balitz bezala”. Hitzak ez du errurik, baina hiztunok erantsi dizkiogu halako ezaugarri negatiboak, atso hitzak dituenak bezala. Holako gauzak euskaraz ere gertatzen dira. Nire herrian, esaterako, gizajo hitza ezin da nolanahi erabili, batzuen arabera: “Azpeitiar bati ez deitu gizajo, gero”. Agure-k ere bereganatu ditu konnotazio negatiboak. Gaztelaniazko ‘viejo’-k bezalaxe. Eta hau da nire gogoetaren azken pausoa: onartuko al lukete  delako egoitza horretako arduradunek, ‘anciano’ residencia 3ª edad, edo, areago, ‘viejo’ izena erabiltzea: residencia de viejos? Eufemismoetara jotzen da gaztelaniaz, eta euskaraz ere bai, dirudienez. Baina gaztelaniaz onartuko ez luketena nolatan onartzen dute euskarazko hitz hain markatua erabiltzea? Erantzuna erraza da: euskara ez delako esistitzen batzuentzat, heraldika gisa edo ez bada. Nik barkatuko nieke izen hori jarri izana, baldin eta adineko euskaldunak behar bezala artatzeko eta tratatzeko protokoloak balituzte. Baina beldur naiz ez dela hala gertatzen. Euskaraz dakien norbait izan balitz beren artean ez zuketen deitura hori hautatuko. Ziur naiz.

Eta Agure-tik abiatutako neure paseotxoa amaitzeko Atarira sartu nintzen. Han, erakusketa bat, poesiaz eta iradokizunez gainezka aurkitu nuen: Belfoseko Orakulua Josean Morlesín artistak eta Vicente Javier Fernández idazleak jositako gogoeta-bilduma interesgarria. Zahartzaroaz ere mintzatu zitzaidan orakulua, baina horrela idatzita ez bazegoen ere, nik irakurri  ahal izan nuen: “ai, gureak ez dik egin oraindik, euskarak bai baitu bizi indarrik”.  Eta espero dut ni bezalakoen errieta eta petralaldiek ere zerbait egin dezaketela euskararen iraupenerako. Hala biz! Ala hala bedi? Honetaz, beste batean.

 

Entzun

Hibai Ollora (ELA): “Etxez etxeko laguntzen zerbitzu txarrak bezeroak eta langileak kaltetzen ditu”

Etxez etxeko laguntzen zerbitzuko langileek sei urte daramatzate lan baldintza duinak aldarrikatuz. Hibai Ollora ELA sindikatuko kidea da eta zerbitzuak sufritzen ari dituen murrizketak salatu ditu ARABA HIZPIDEn. Topiko batekin ere amaitu nahi izan du Ollorak: etxez etxeko zerbitzua eskatzen duten guztiak ez dira pertsona nagusiak.

Gainera, murrizketa hauek, alde batetik, bezeroek jaso behar duten tratua txarra izatea ahalbidetzen dute; bestetik, langileen egoerak ere txarrera egin du azken urteetan. Kontutan hartu behar da langile gehienak emakumeak direla.

Entzun

Ainhoa Garagalza (CEAR): “Kazetariek titular bat botatzen dutenean, honek izan dezakeen eragina pentsatu behar dute”

CEARek, arrazakeriaren aurkako kanpaina abiatu du, besteak beste, sarean dagoen bideo batekin.  Komunikabideen jardunaren garrantzia azpimarratu dute ere. Gaian sakondu dugu HIZPIDEAn egon den eta CEAReko kide den Ainhoa Garagalzarekin.

Arrazakeriaren aurka, hedabideok dugun paperaren garrantzia azpimarratu du Garagalzak; hori dela eta, kazetarien iritziak biltzen dituzten bideoak dituzte esku artean. Besteak beste, zurrumurru asko deslegitimatu nahi dituzte kanpaina honekin.

Entzun

Zalantzak, ekarpenak,..

10 + 6 =

Hizpidea

Hala Bedi Bi 09.00etan

No Results Found

The page you requested could not be found. Try refining your search, or use the navigation above to locate the post.

telefono_92452 945 12 88 55

 telegram-vs-whatsapp 640 073 613

e-mail-icono-6785-96 araba.hizpide@halabedi.eus

Kantoia

Hala Bedi Bat 18.00etan

Mendi buelta Batxikabora

Mendi buelta Batxikabora

Iñaki eta Inaxiorekin mendi buelta bat egitera atera gara Añanako kuadrillara. Batxikabo mendira (1200m) hain zuzen ere, Gesaltzatik aurrera dagoen Artzena mendilerroan. Osteratxo hau egiteko hainbat kontu zehaztuko dizkigute: kotxez nola iritsi eta non aparkatu, eta...

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies