Magazinak

Araba Hizpide

Araba eta Gasteizko aktualitatea jorratzen duen magazina gara. 2015 urtean sortu ginen, Hala Bedi Bi irratiko goizeko tartea indartzeko. Edukien aldetik, tokiko berriak, kuadrillaz kuadrillako kolaboratzaileak, hedabide ezberdinetako kazetariak eta elkarrizketak izaten ditugu astelehenetik ostiralera, goizeko 10:00etatik 11:00etara, Hizpidea magazin nazionalaren ondoren. Hizpidea magazinarekin batera, Hala Bedi Biko goizetako tartea osatzen dugu.

Azken Artikuluak

Jai eredua aztergai Malen Aldalur eta Oier Azkarragarekin

Azkena Rocken kartelak polemika piztu du. Hiru eszenatoki, bi egun, 20 talde baino gehiago eta soilik emakumeen talde bat. Gizonezkoen taldeak karteletik kentzen baditugu, ia hutsik geratuko litzateke kartela. Gasteizko Udalak neurriak hartu nahi ditu 2018ra begira, EHBilduk eskatuta; baina hau, baliteke nahikoa ez izatea. Honek, hala ere, beste eztabaida bat piztu du kalean: jai eredua, herri mugimenduko eragileek erabiltzen duten eredua barne. 

HIZPIDEA magazineko kolaboratzaileen tartean Oier Azkarraga eta Malen Aldalur batu dira gurera, jai ereduaz orokorrean hausnartzeko. Izan ere, ez da soilik emakumeen presentzia: euskararen erabilera eskasa, talde txikien presentzia eza … Makrofestibal hauek bultzatzen duten eredua hau izan da.

 

Entzun

Erraietatik | ‘Bechdel Testa’, zirrikitu bat kultura sexistan

San Valentin eguna dela aprobetxatuz eta Azkena Rock Festivalean emakumearen presentzia negargarria ezagutu ostean, ‘Bechdel Testa’ izan dute hizpide ERRAIETATIKeko lagunek, bi astetik behin ARABA HIZPIDEN izaten duten kolaborazioan. Fikziozko kultur lanetan genero desoreka neurtzeko test sinple hau zertan datzan azaldu digu Mikel Sanez de Buruagak.

Gainera, gaia aprobetxatuz, dokumental baten gomendapena ere izan dugu gurean: ‘EMAROCK. Iragana, oraina eta geroa’. Eta amaitzeko, LA BASU eta ANE GURIAk ekoitzitako ‘Trakamatrak’ abestiaz gozatu ahal izan dugu, gaurko egunerako zeharo gomendagarria.

Entzun

[Iritzia] ‘Zilegitasun dema’ – Koldo Alzola –

 Lehia bizia dago jokoan azken hilabeteotan Europan Israelgo Apartheid erregimenaren aurkako boikotaren zilegitasunaren kontura. Norgehiagokaren alde batean BDZ mugimendua eta palestinarren oinarrizko Giza Eskubideei lotutako aldarrikapenak; eta bestean Israelen aldeko lobbya, eta estatu sionistaren botere jarrera kolokan jartzen duen ororen aurkako haren erasoak. Batekoek 2005ean Palestinako gizarte zibileko 200 eregile zibiletik gorak zabaldutako eskakizunak dituzte xede; alegia; okupazioaren amaiera, Apartheid harresia bertan behera uztea, errefuxiatu palestinarrei jaioterrira bueltatzeko eskubidea bermatzea, eta Palestina historikoaren eremuan bizi diren persona guztien hiritartasun eskubide berberak onartzea; eta aldarri horiek bete artean boikota, desinbertsioak eta zigorrak baliatzen dituzte presio tresna gisa. Bestekoek, nazioarteko boikot kanpainaren eraginez Israelgo irudi publikoa eta interes ekonomioak gero eta kaltetuago daudela ikusirik, krimalizazio kanpainia abiatu dute Palestinarekiko elkartasun mugimenduaren kontra. Gauzak horrela, Israelen aldeko lobby horiek presioa egiten dihardute Europako hainbat erakundetan BDZ mugimendua ilegalizatu dezaten, eta zenbaitetan lortu ere lortu dute, izan ere, Frantzian, kasu, mugimendua legez kanpo uzteko lege promosamena martxan dago.

Eta, gauzak zer diren, Arabara ere iritsi dira tirabira horren zipriztinak. Iragan ekainaren 10ean Kanpezuko Udalbatzak, aho batez, BDZ kanpainiari atxikitzeko mozioa onartu eta Araban Israelekiko balizko edozein harremana hausten zuen lehenengo Udala bilakatu zen. Handik aste gutxitara auzitegietako jakinarazpena jaso zuten, ACOM izeneko erakunde baten salaketa zela medio, Udalaren aurkako auzi-prozesua abian zela. Accion y Comunicación Oriente Medio delako erakunde hori Estatuan Palestinarekiko elkartasun mozioak onartu dituzten Udalen aurka jarritako salaketa guztien atzean dago, eta goraka egiten badugu, Aznarren gorbernuko ekonomia ministerioan goi karguak izan zituzten pertsonaiak topatuko ditugu, ustez, irabazi-asmorik gabeko mamu-elkarte horren zuzendaritzan. Panorama horren aurrean kanpezukoek, aferak Udaleren ekonomiari ekar ziezaiokeen kaleari beldur, atzera egin zuten aho batez hartutako erabakian.

Baina lehia horren azken atala idazteke dago oraindik. Aste honetan Valentzia aldetik datorkigu albistea. 2015ean Rototom Sunsplash sona handiko musika jaialdian Matisyahu musiari juduaren kontzertua programatu zuten. Estatu batuarra izanagatik, abeslariak sostengu publikoa eman die sarri kolonoen mugimenduari eta Israelgo armadak burututako zenbait sarraskiri; hori dela eta, Valentziako BDZ taldeak boikot protokoloa abiarazi zuen artista sionistaren aurka. Aferak hautsak harrotu zituen hango hedabideetan. Azkenean kontzertua burutu bai, burutu zuten, baina publikoaren protestaldien artean. Urtebete eta erdi geroago salaketa iritsi zaie Palestinarekiko elkartasun 9 ekintzaileri. Gorroto delituak leporatzen dizkiete mozal legea medio. Aste honetan da abiatzekoa epaiketa. Auzibide horren atzean ere lobby sionistaren itzal luzea dago. Herrialde Katalanetako elkartasun mugimenduak sustengu kanpaina jarri du abian: Defensem Drets Humans -Giza Eskubideak Defenda Ditzagun- (https://defensemddhh.wordpress.com/). Sartu eta sinatu. Gure esku dago zilegitasun borroka honek batera edo bestera egitea. Palestinako herritarren Giza Eskubideen aldera; ala Israelgo Apartheid erregimenaren presio aparatu ekonomiko, juridiko eta mediatikoenera.

Entzun

Sandra Barrenetxea: ‘Torturan, bortxaketaren mehatxua emakumeak sozialki kontrolatzeko beste tresna bat da’

Otsailak 13. Euskal Herrian gorriz markatuta eguna; gorriz, eta beltzez. Izan ere, 1981ean Joxe Arregi erahil zuen poliziak bortizki torturatu ostean. Torturaren aurkako eguna ospatzen da ordutik Euskal Herrian eta ordutik ere, milaka herritar izan dira torturatuak, tartean, Sandra Barrenetxea.

Hala ere, ez gara 1981. urtera joan behar tortura jasandako euskaldunak topatzeko. Eta atzera baino, aurrera begira jarri gara ARABA HIZPIDEn. Asteburuan zehar irakurri dugun albistea zian dugulako mintzagai: Sandra Barrenetxea torturatu zuten Guardia Zibilak epituko dituzte martxoan eta Barrenetxea berarekin hitz egin dugu gurean. Martxoaren 11n, mobilizaziorako deia egin dute, izan ere, martxoaren 14an hasiko dira torturatzaileak epaitzen.

Entzun

[Iritzia] “Otegiren esaldia” – Jon Nogales –

“Hiltzea gaizki egon zela esaterik ez dago, ETAk berak hiltzea egokia dela inoiz esan ez duelako”. Arnaldo Otegiren hitzak dira, Parlamentuak martxan jarri behar duen Bakearen Ponentziari begira.

Otegiren esaldi borobilak Joseba Sarrionaindiak gartzelan zegoela idatzitako pasarte bat ekarri dit gogora. Ni ez naiz hemengoa liburuan jasotako atal hartan, tautologiaz aritzen da.

Tautologia  edozein gauza, gauza beraren bidez definitzeko figura retorikoa omen da. Ronald Barthes pentsalari frantsaren gogoetak ekarriz, “azalpenik ez dugunean, tautologian ezkutatzen gara, bildurrean, haserrean edo tristuran ezkutatzen garen bezala”.  Gogoetari garapena emanez, tautologia ardugiatzeko modua ez ezik, munduan egoteko modua dela dio Sarrionaindiak.

Haurtzaroan azalpen gutxi genituenean, errealitatea territorio ezezaguna zenean, erabili ohi genuen erraminta, hain zuzen: -Hau horrela da. -Zergatik? -Hagatik!

Gure herriaren historia hurbila nola idatziko dugun, datozen belaunaldiek eskolan jasoko duten relatua dago jokoan, eta historia horretan protagonista izan direnak, izan garenok, interes handia daukagu, gure herriaren duintasuna honi lotuta doalako.

Gabeziaren eta erdirakoitasunaren gordelekua da tautologia. Gainditu beharreko modua da tautologia, haurrak haserrea eta tristura gainditu behar dituen bezalaxe. Ezagumenerantza, libertaterantza, edo betiere ezagumen edo beti ere libertarearen esperantzerantza, zioen Sarrionaindiak.

Otegik joko maltzur honetan, hainbat eta hainbat euskal hiritar iraintzeaz gain, ehundaka familien duintasuna erasotzeaz harago, antzematen du zein den bere asmoa: ezker abertzalea haurtzaroan geldiaraztea.

EH-BILDU-k azken urteetan aldarrikatutako “denbora berriari”, aldarrikatutako barne aniztasunari eta lidergo konpartituari, hortzak erakutsi dizkio; bere erantzunkizunari ihes egiteko, ezker abertzalea bere osotasunean desohorean, erdeinagarritasunean mantentzeko prest dagoela adierazi du. Ez du bere kideen artean erantzunik aurkitu.

Errealitatea ukatu, logika logikaren kontra erabili. Intentzio handiz, ganora osoz, euskal gizartea ganoragabekerian urperatu, ezagumenetik aldendu. Hau izango omen da, momentuz,  ezker abertzale ofizialaren ekarpena eztabaidara.

Entzun

Hodei eta Rafa (SuMendi Gazte Espazioa): “Diagnostikoen ostean, gazteontzako espazio eza ikusi genuen; orduan hasi zen SuMendi”

Orain dela hiru hilabete baino gehiago, 2016ko urriaren 26an, gazte lokal bat ireki eta auzolanereko deia egin zuten Gasteizko Judimendi auzoan. Sumendi espazioaz ari gara; ordutik, mahainguruak, tailerrak eta lana . Lan asko auzoan egin dutena gazte lokalaren garrantzia zabaltzeko eta honen erabilera auzokideen artean elkarbanatzeko. Hodei eta Rafa gurean egon dira dira eta balorazioa eta etorkizuneko planak elkarbanatu dituzte ARABA HIZPIDEn.

Otsailean zehar, besteak beste, asteazkenero lan egunak antolatu dituzte: 16:00etan batuko dira Gazte Espazioan, auzolanean sakontzeko. Hala ere, igandero biltzen dira eta norbanako zein eragileak bertatik pasa daitezke, ekimenak planteatzeko edota proiektura batzeko.

Entzun

[Iritzia] “Antenaz” – Blanca Urgell –

Antena hitza gaztelaniazko antena-tik dator zuzenean, hainbat hitz tekniko moderno bezala. Bestaldean dugu frantsesezko antenne, eta ez hain urruti ingelesezko antenna ere. Hitz guztiok azken batean latinezko antemna-tik datoz, erromantzeak jaio baino lehen antenna bihurtu omen zena. Horrela diote Alfred Ernoutek eta Antoine Meilletek beren latinaren hiztegi etimologiko ederrean.

            Latinez ‘itsasontzietan haize-oihalari eusten dion haga’ zen, hau da, euskaraz edo zurruna, edo berga deritzana. Gaztelaniaz ez dator zuzenean latinetik, horixe espero bagenuke ere, Joan Coromines espainolaren hiztegi etimologiko erraldoiaren egileak azaltzen duenez, katalanetik edo galegoportugesetik baizik. Bai, bai, ze orduan, orain gezurra badirudi ere, 1406an antena lehenengoz lekukotzen denean, eta lehenagotik ere bai, gaztelaniak katalanetik eta galegoportugesetik mailegatzen zituen hitzak, eta ez alderantziz, nabigazio eta komertzioarekin lotutakoak, besteak beste.

            Lehendabiziko adibide horietan ‘zurruna’ edo ‘berga’ esanahi hori baino ez du. Neuri behintzat ezagunagoa egiten zaidan beste adiera, intsektuen antena alegia, XIX. mendeko kontua omen da: ematen du, beraz, biologoen edo entomologoen hizkuntzatik sartua dela gaztelaniara adiera honetan, eta ez nekazarienetik.

  1. mendean sortu zen —gailuarekin batera, jakina— gaur azpimarratu nahi nukeen adiera, uhin elektromagnetikoak bidaltzeko eta hartzeko erabiltzen dena, gure mendien tontorrak eta gure etxeen gainak betetzen dituen baso metalezko horren tantaietako bakoitza.

            Euskaraz tradizio laburra eta urria duen hitza da antena. Orotariko Euskal Hiztegia-k  hiru adibide baino ez ditu jasotzen, hirurak gailuarenak, eta zaharrena Uztapide bertsolariarena, Sasoia joan da gero liburukoa (Auspoa, 1976). Pentsa! Atzo goizekoa! Ni euskaraz ikasten hasi nintzen urtekoa, hain zuzen. Dena dela, zera… gure bertsolaria etxean bakarrik zegoela, tximistak jo eta berak honela kontatzen du: Telebixtaren antenatikan / egin zuan etorrera, / etxe-kantoia puskatu eta / andikan ere aurrera; / da sukaldeko leio batetik / gure etxera sarrera, / tiro aundi artan lertu zan eta / antxe sartu zan lurrera (Uzt Sas 266).

            Tximistak agorrilaren hamalauan jo omen zuen Uztapideren etxea. Eta haizeak otsailaren 3tik 4rako igarobidean bota zuen Hala Bedi gure irrati honen antena, Arabako uhinetan bi kanal isilik utzirik bat-batean. Badakizue nora heldu nahi dudan: antena berriro zutitu da, eta badabiltza berriz uhinetan Hala Bedi Bat eta Hala Bedi Bi, gaitzerdi! Hala eta guztiz ere, inoiz baino denon laguntzaren behar gehiagoan gelditu dira.

            Izan bedi gure laguntza Hala Bedi itsasontzi pirataren oihalaren zurruna!

Entzun

Zalantzak, ekarpenak,..

8 + 8 =

Hizpidea

Hala Bedi Bi 09.00etan

No feed items found.

telefono_92452 945 12 88 55

 telegram-vs-whatsapp 640 073 613

e-mail-icono-6785-96 araba.hizpide@halabedi.eus

Kantoia

Hala Bedi Bat 18.00etan

Una mica d’enveja als catalans

Una mica d’enveja als catalans

Bai, inbidia puntutxo bat badiegu katalanei, aitor dezagun. Azken denboretan nola doazen aurrera ikusita, gainera, normala! Horrexegatik, tertuliarako gai ezin hobea iruditu zaigu. 3 puntuz aritu gara solasean: Katalunian bertan nola bizitzen ari den Espainiako...

read more

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies