Zurrumurru Askea | Eta zu, noiz hasi zinen pornoa ikusten?

Zurrumurru Askea | Eta zu, noiz hasi zinen pornoa ikusten?

Noiz  ikuskatu  zenuen pornoa lehen aldiz? Klandestinitatean izan zen? Lagunen artean? Gogoratzen al duzu? Gogoratuko al zenukeen zerk bultzatu zintuen hartara? 

Pasaden urtean “Annual Convention of the American Psycological Association” (Amerikako Psikologia Elkartearen Urteko Batzarra)-ren 125. edizioa aurrera eraman zen, bertan pornografiaren ikusketak izan zezakeen ondorioen inguruko ikerketa bat aurkeztu egin zen.

Azterketak aipatzen duen bezala, pornografia ikusten hasteko adinak zenbait jarrera sexisten sorrera baldintzatu dezake, hots, analisi honen arabera, subjektuetan garatzen diren jarrera sexistak pornoa ikuskatzearen ondorio izan daitezke. 

Ikerketa gauzatzeko 17 eta 54 urte bitartean kokatzen ziren 330 gizon heterosexual aztertu ziren, aipatutako testigantzak kontuan hartuta, pornoaren lehendabiziko esposizioaren bataz bestekoa 13,37 urtekoa izan zen. Laginaren %43,5 ikusketa ustekabekoa izan zela dio; %33,4ak aldiz, haiena berariazkoa izan zela aipatzen du eta %17,2ak behartua izan zela azaleratzen du (%6 ez zuen inolako ikuskatzearen arrazoirik informaziorik aitatu).

Honekin bat eginez, Chrissy Richardsonek, ikerketaren egileetako batek, aipatzen duenaren arabera, eskuratutako emaitzek, pornografiak gizon heterosexualetan inpaktu erreala sortzen duela baieztatzen dute. Hori gutxi balitz, emakume honen esanetan, ikusketaren ondorioak gizon hauek genero-rolekin duten ikuspuntuan eragina dauka, hori justifikatu ahal izateko, bertan lortutako datu batzuk azaleratzen ditu: ikuskatze adina geroz eta txikiagoa izatekotan, orduan eta handiagoa izango da, emakume batetiko botere harreman bat garatzeko nahia. 

Egia da, ikerketa honen emaitzak ezin direla orokortu, eta bai, egia da, porno tipologia ugari daudela, eta urteak aurrera joan ahala pos-pornoa edota porno alternatiben teoriak indarra hartzen ari direla. Hala eta guztiz ere, badakigu porno hegemonikoa (heterosexuala, matxista, misoginoa eta arrazista dena) gehien kontsumitzen dena dela. 

Ikusitakoaren arabera, porno kontsumoa nerabezaroan hasten da, gehienetan jakin-mina bultzatua, gehienetan ez-jakintasunaz motibatuta. Baina ez al da arriskutsua nerabe batek sexuarekin duen “lehendabiziko” esperientzia pornoaren eredu hegemoniko hura izatea? Ez al da beharrezkoa hauei beste aukera batzuk eskaintzea? 

Gogoan dut orain, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azkeneko urteetan, sexualitatearen inguruko zenbait hizketaldi jaso izan genituela, hauek eskolaz kanpoko zenbait erakunde bideratzen zituzten, eta orokorrean sexuarekin loturiko zenbait kontu azaltzen zituzten (kondoiak nola jarri, noiz erabili, zer diren transmisio sexualeko gaixotasunak…). Seguruena da, honako tailertxoak edota hitzaldiak nerabeen artean zenbait duda suspertu zituztela, baina nire iritzi pertsonalean ez dira nahikoak eta orokorrean hanka motz geratzen dira.

Duela hilabete pare bat, Sumendi (Judimendi auzoan, Gasteizen, kokatzen den Gazte Espazioa), Porno Eskola deituriko tresna aurkezteaz gain, porno feministaren inguruko zenbait hausnarketa aurrera eraman zituzten. Porno Eskolaren funtsa, pornografiari buruzko gida didaktiko bat zabaltzea da, honela, heziketa sexualean hondeatuz sakonduz. 

Hortaz, kontua ez da pornoa debekatzea edo gazteei hura mugatzea, baizik eta, eskoletan, gizartetxetan, edota gazte espazioetan, honen inguruko heziketak zein hausnarketak eskaintzea.

Iturria: (03/08/2017). La edad de exposición a la pornografía podría condicionar ciertas actitudes sexistas hacia las mujeres. Europa Press. Berreskuratuta:  http://www.europapress.es/sociedad/noticia-edad-exposicion-pornografia-podria-condicionar-ciertas-actitudes-sexistas-mujeres-estudio-20170803174541.html 

Zurrumurru Askea | Eskubideak ala mendekua?

Zurrumurru Askea | Eskubideak ala mendekua?

Batxilergoan ikusi edota ikasi genuenaren arabera, Hobbes, Locke edota Rousseau bezalako autoreek kontratu sozialaren inguruan teorizatu egin zuten,  hauek azaleratutako ideia edo behintzat nire buruan ezarritakoa, honakoa da: jendartearen sorreran bi egoera daude, egoera naturala eta kontratua, gizakiek egoera naturalean bizitza, askatasuna edota berdintasuna bezalako eskubideak izango lukete, baina kontua da egoera naturalean eskubide horien urraketa eman daitekeela, hortaz, hori ekiditeko asmoz kontratu soziala eraiki zuten, honen bitartez jendartean bizi ziren gizaki “ororen” babesa lortu omen zitekeelako. 

Beraz, kontratu sozial honen arabera gizakiok gure askatasunaren zati bat hitzarmena deritzonari eskaintzen diogu, honakoak babesa bermatuko digula pentsatuz. Baina honakoa ez al da botere politiko ororen justifikazioa? Eta eskubideen defentsa irreala bada?  Eta botere banaketa hau xantaia bilakatzen bada?

Jakin badakit, agian, teoria filosofiko hauen ebazpena zuetako batzuei txineraren modukoa irudituko zaizuela edota beste batzuei, agian, funtzio gabekoa. Baina, nik urtarrilaren 20an  emailera Juan Carlos Quer-en Change.org-eko eskaera iritsi zitzaidanean, institutuan ikasitako hitzarmen hura gogoratu nuen.

Irakurriko zenuketenez,  kartzelaldi iraunkor berrikustagarria Espainiako Zigor Kodean aurkitzen zen neurririk pribatiboena zen. Honakoa, 2015eko martxoaren 26an Diputatuen Kongresuan onartu zen, Alderdi Popularraren bozka nahikoak izan baitziren momentu horretan hura aurrera atera ahal izateko.

 Aldaketa juridiko hau aldarrikatzen zutenen arabera, neurriaren helburua, gizartatzerako “prest” ez zeuden “delitugile arriskutsuenak” kartzelan mantentzea zen. Hau horrela izanik, zigorra bete ostean, espetxeratuek, Tribunaletik pasatu beharko lukete  berriro ere, honek gizarteratzea onesten zuen edo ez ebazteko.  

Hala eta guztiz ere, bi urte geroago, 2017ko urrian Kongresuak honen deuseztapena ontzat eman zuen, honela Alderdi Popularrak aurreko urteetan izandako botere instituzionala kolokan jarriz.

Gauzak horrela, penintsula iberikoan izandako erailketa mediatikoenen senideak batu egin dira (Martaren Del Castillonerak, Diana Quer-enak, Ruth eta José Bretonenak…), Change.org-en bitartez diputatuen Kongresuari berriro ere honako zigorra berrezartzeko eskatuz. Hilabete bakarrean, plataformak 2 miloi baino gehiagoko sinadura kopurua eskuratu egin du eta kanpainak izugarrizko babes soziala izan du.

Nik hasieratik, lege proposamena zenetik,  eskubide zibilen kontrako neurria ez ezik, kartzela sistemaren printzipioa ere urratzen zuela pentsatzen nuen. Batzuei harrigarria iruditu ahal zaizuen arren, kartzelaren helburua ez da mendekua ezartzea eta presoek zein haien senideek eskubideak dituzte.

Angela Davisek oso ondo azaltzen duen moduan “Askatasuna etengabeko borroka bat” deituriko liburuan, “kartzelaren abolizioa ideia utopikotzat jo ohi dugu, hain zuzen ere kartzela eta hura babesten duten ideologiak guztiz sustraituta daudelako gure mundu garaikidean”. Liburu honetan kartzelatze sistemaren inguruko kritika interesgarriak egiten ditu afroamerrikarrak, bertan oso ondo azaltzen baitu preso guztiek ez dutela tratu berdina jasotzen eta justiziaren izenean ezarritako arauak ez direla, gizarteko kide ororentzat berdinak, hauetan ere pribilegiatuak eta pribilegio gabekoak daudelako.

Dena den, esan beharra dago, ez garela oso urruti joan behar espetxeratze sistema desorekatua dela jakiteko, Euskal Herriak pairatzen duen salbuespen egoera jarraitua, horren adibide garbia baita.

Hori gutxi balitz, guztion jakinaren gainean dago kartzelaren funtzioa beste bat izanik ere, ez dela gizarteratzea baizik eta bertan sartzen dituzten pertsonak suntsitzea. 

Horrenbestez, zenbait ondorio atera nahiko nituzke, ez kartzelaldi iraunkor berrikustagarria ez dela gizarte eskubidetan oinarritzen, mendekuan baizik, ez honelako neurriek ez dutela justizia ekarriko jendartera, baizik eta, gorrotoa, hortaz, honelako neurriek ez dituzte arazoak konpontzen baizik eta, gaizkitu.

Hori horrela bada, eta trama honen atzetik diskurtso politiko bat dagoela ulertzen badugu, nork sinatuko zukeen Locke, Hobbes eta Rousseauk goraipatutako hitzarmen polit hori? 

 

Zurrumurru Askea | Gazte perspektiba

Zurrumurru Askea | Gazte perspektiba

“Mirari, idatz ezazu gazte perspektiba kontuan izanik, gaurkotasuna duen gai baten inguruan.”

Eta hara non,  nahigabean, nire barnean, hainbat galdera suertatu ziren esaldi hura entzutean; zer da gazte perspektiba? Gazteon berezko gaitasuna al da? Zer da gazte izatea eta noiz bukatzen da gaztaroa? 

Gure errebolta zale miretsienak askotan goretsi izan dute gaztealdiaren esentzia, horrekin dakarren zilegizko kontzientzia. Behin ere, gure Ernesto “Che” Guevara maiteak, honakoa esan zuen “la arcilla fundamental de nuestra obra revolucionaria es la juventud”.

Beraz, dirudienez gaztaroak iraultzarekin zuzeneko harremana du, dirudienez ere, gazteok iraultzaren abangoardia izan behar gara. Baina hori ez al da trikimailu bat? Hori ez al da zama handiko lan bat?

Sistema  patriarkal eta kapitalistaren gorpuzkeran kokatzen garen heinean, jendartean finkatzen den gizaki ororen bizitza lineala (jaio, ikasi, lan egin, erreproduzitu, hil), edo izan beharko litzateke, behintzat. Hala eta guztiz ere, forma geometrikoetatik ateratzen den garai bat omen dago, ez-ohiko egoera deitu genezakeena eta hura askorentzat gaztaroa da. Zenbatetan entzun izan dugu, kalean, etxean edota eskolan “horiek gazte kontuak dira”, “urteak aurrera joan ahala aldatu egingo zara” edo zenbatetan irakurri izan dugu “gazteak baleki, zaharrak baleza” esaera zaharra?

Orduan, ideiei zenbait buelta eman ostean, hau guztia izugarrizko kontraesana  dela deritzot; batetik, gazteoi errebeldeak, borrokazaleak eta ameslariak izateko eskatzen zaigu, eta bestetik, gure diskurtso guztia esaldi pare batekin deslegitimatu egiten dute, ezjakintasunaren izenean. Ez al da ironikoa  hainbeste eskakizun egitea eta ondoren, ume mokoak garela argudiatzea? 

Eta barkaidazue baina matxinadaren betebeharra gazteoi egokitzea ez al da zama guztia gure bizkarretan uztea? Ez al da esaera zaharrak aipatzen duen bezala, lan errazena agintzearen parekoa?

Jarrai dezagun adibide batekin,  zure alaba zure herriko kolektibo feministaren barne zenbait ekintza egikaritzen ditu, urteak baitaramatza bertan murgildurik. Zuk begi onez ikusten duzu, gaztetan zu ere kolektibo anitzetan egon baitzinen, hala ere, gaur egun “ez duzu denborarik” edo hori esaten diozu egunero zure buruari. Duela pare bat aste zure lankide baten ahotik komentario sexista bat jaso zenuen, eta hara non, ezer gutxi egiteko gai izan zinen, gaur ere, berdina gertatu zaizu eta isilik geratu zara honakoa pentsatzen “zer egingo  nuke nik gaztetan?”, “zer egingo zukeen nire alabak?”. 

Honekin guztiarekin, esan nahi dudana zera da: guztion artean lortzen da aldaketa, guztion artean mozten dugu diskriminazioa eta guztion beharra daukagu “Che” Guevarak aipatzen duen “obra revolucionaria” pausoz pauso eratzeko, belaunaldien artean jendarte berria gauzatzeko. Hortaz, aitzakiak ez dira baliozkoak, gazte-heldu dikotomian murgiltzea, gizarte kapitalistaren egi dogmatikoak onartzea da eta hura ameslari zein borrokazaleen antonimoa bilakatzen da. 

Beraz, gazteak ez dira iraultzaile bakarrak, eta horren adibide garbiena Periko Solabarriak bizitza guztian zehar eraiki zuen bidea dugu.

 

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies