Txinaurrien Hozkadak | “Borrokarako dei eginaz irrintzi bat dabil”

Txinaurrien Hozkadak | “Borrokarako dei eginaz irrintzi bat dabil”

Borrokarako dei eginaz zebilen irrintzia. Jatorria, auskalo. Zugarramurdi, Anboto, Sara, Mairulegorreta… Erre nahi izan gintuztenen oihuen gainetik entzun zitezkeen sorginen algarak. Euskal Herriko gazteriari zuzendutako mezua zen. Mezu subertsiboa. Helburua, bakoitzaren suaz mundo osoa lehertarazteko indarra izango zuen sutea osatzea. Su txikiz, sute erraldoia. 

Eta horrela abiatu ginen ehundaka gazte Oiartzunera. Prozesio erlijiosoak protagonista izan ziren egun horiek gure prozesio propioa egiteko erabiltzea genuen buruan, gurutzeak eta dolu jantziak trecking zapatilak eta Quechua kanpin- dendengatik ordezkatuz, noski. Errutinaren zama atzean utzi eta gazte topaguneari atxikitutako ilusioak betetzera gindoazen: hitzaldi edo mahainguru interesgarriren batean parte hartu, kontzertu eskaintzaz gozatu, juerga itzela bota, Euskal Herriko beste txokoren bateko norbaitekin ligatu… Aurretik sumatu ezin daitezkeen zenbat gertaera ezkutatzen dituzten topaguneek!

Aipatutako errutinaren zamak forma berezia hartzen du gazteontzat, baina are bereziagoa egiten du egoera Euskal herriko gazteontzat. Txoko bakoitzean, gazte bakoitzak pospolo bat pizten du bere egunerokoari aurre egiten lagunduko dion berotasuna eskuratzeko. Baina, jakina da suak ezinezkoa duela erregairik gabe bizirautea. Batzuen helburua erregairik ez dela existitzen sinestaraztea izan da betidanik, eta hori argi izanik, berebizikoa bilakatzen da erregaiak soberan ditugula gogorarazten diguten horiekin topatzea noizean behin, hartuemanek eta sinergia berriek erakusten baitigute non aurki ditzakegun hain preziatuak diren erregaiak. 

Erregaia dugu lan militante nekaezina. Astebetez lo- orduei uko egin eta gazteon topagunea aurrera ateratzen ahalegin amaitezinak egiten dituen horri ea zer moduz dagoen galdetzen diozu, eta hark, begi- zuloek aurpegia konkistatzen dioten bitartean, primeran dagoela erantzuten dizu, konplizidate keinu bat eginez. Auzokideari segurtasun txanda egokitu zaigula esaten diozu, larunbatean, kontzertuen bitartean. Erantzuna, amorrua disimulatuz, ezezkoa esaten ez dakienarena izango da, konpromisoa ukaezina baita. 

Erregaia dugu osatzen gaituen kontraesan bakoitza. Barrenak astindu zizkigun kontraesanak garela zioen mezuak, zalantzek zeharkatzen gaituztela jakiteak, baina hauek gaindituz egiten dugula aurrera. Elkarlanean gainditzen dira kontraesanak, gazteon problematika ezberdinak elkarbanatzeko guneak sortuz, norbanakoaren kezkak kolektibo bilakatuz, ehundaka pertsonek osatutako asanbladetan haserre oihuak lau haizeetara zabalduz, sufritzen dugun mina politizatuz, horrela konturatzen baitgara hau ez dela koherentzia kontua, kapitalismo heteropatriarkala baizik.

Erregaia dugu dagokigun erantzukizuna. Inork ez ezarria, baina zalantzarik gabe bereganatua. Diruak mundua mugitzen duela dioten horiei guk sortutako txanponak mugituko duela argi uzteko erantzukizuna. Merkantzien aldaketarako bitarteko gisa makusoak erabili genituen bitartean, bagenekien erabili beharreko txanponak bi aurpegi zituela, batetik, borroka nazionalarena, eta bestetik, klase borrokarena. Urte luzez txertatua izandako kontzeptua eraldatu, eta moneta hori aleazio bilakatzeko beharrean ikusi gara, independentzia, sozialismoa eta feminismoak osatuko duten aleazioa. 

Eta, nola ez, erregaia ditugu gure aurretik borrokan aritu zirenek piztutako su txiki guztiak. Gazte antolakuntzak 40 urte beteko dituen horretan, mundua astintzen ibili ziren horien hitzen oihartzuna entzun genuen. Aurrez aurre hitz egin zigutenek zein euren burua ezkutatzeko beharra ikusi zutenek, aurreko garaien idealizazioan ez gaitezen erori, haiek ere kontraesan izan baitziren, eta tinko jarraitzeko eskatu ziguten. Sorginkeriak nahi duena lor dezakeen heinean, harriek ere hitz egin ziguten, hautatutako bidea egokia dela zioen eta borrokan berresten gintuen mezua helaraziz. Ezinezkoa zaigu gure jatorriari uko egitea.

Oiartzun sorginduta dagoenaren zalantza geratuko zaigu. Su txikiek sute erraldoia sortu zuten, bakoitzak bere herri zein auzotik ikus dezakeen sutea. Igande goizaldean, lagun bati esan nion begira ziezaion egunsentiari, paisai liluragarri batekin topagunea agurtuko genuela. Erantzuna, ezinhobea: <<merezi izan du ernai egoteak ordu hauetan!>>. Merezi du, noski. Merezi du gazte izanik antolatua egoteak. Merezi du su txikiek sortzen duten berotasuna mantentzeko borrokatzeak. Bulkada berriek hamaika egunsenti eraikiko dituztelako, merezi du. 

Txinaurrien Hozkadak | “Jakintsuaren atzamarra”

Txinaurrien Hozkadak | “Jakintsuaren atzamarra”

Martxoak 3. Egunaren edozein irakurketak antzeko eskema jarraitzen du: lehenik, ariketa matematiko bat, irakurketa egiten den urteari 1976 kendu eta sarraski hartatik zenbat urte pasa diren adierazten da. Ondoren, erahildak olangileen izenak aipatze ndira, banan-banan, oroitzen eta goraipatzen ditugunaren seinale. Jarraitzeko, orduko eta egungo egoeren arteko pararelismoak aipatzen dira, idazlearen edo honek ordezkatzen duen kolektiboak izan dezakeen subjetibotasuna txertatuz. Azkenik, borrokarako deia. Aktibatua dagoenarentzat, aktibotasun hori mantentzeko deia. Aktibatua ezdagoenarentzat, aktibatzeko deia.

Martxoaren 3ko irakurketen analisi sinplista eta iraingarria litzateke azken hau. Eskema soil bat, barren guztiak ezkutatzen dituena. Esaera batek dio jakintsuak ilargia seinalatzen duenean, inozoak atzamarra begiratzen duela. Atzamarra aztertzera garamatza atariko sasi-analisi horrek, eta bada garaia ilargiraino salto egiteko.

Lehenik, ariketa matematiko horrek urteetan zehar pilatutako ekipajearen pisua du emaitza gisa. Badira 1976tik atsekabez eta amorruz urteak zenbatzen dituztenak, garaiko enpresetan borrokatu zuten langileak, patronalaren txantaiak jasan zituztenak, egun garai hartako zauriak miazkatzen jarraitzen dutenak, noizbait itxiko direnaren esperantzaz. Badira garai hura bizi ez zutenak, baina egun hartan gertatutakoaren kontakizunetan oinarritzen direnak indarrean dirauen erregimen berdina identifikatu eta inposatutako kateak birrinduko dituen borroka aktibatzeko.

Ondoren, erahildako langileen izenak ez dira inoiz alferrik aipatuko. Baziren euren bizitza jokoan jarri zutenak langile klasea abangoardia izan zedin, borrokan eginiko urrats bakoitza Euskal Herria askatzera bideratu zutenak. Badira izen horien atzean zeudenen erahilketen ondorioz errotik aldatu izan diren bizitzak, 15, 33 edo 40 urteren ostean justizia eskatzen jarraitzen dutenak eta kare biziaren gainean eraikitako beldurrezko museoei aurre egin behar dietenak, memoriaren izenean.

Jarraitzeko, paralelismo bakoitzak borrokan berresten gaitu. Badira garai hartan zapaltzailea bere espresio guztietan seinalatu zutenak, klase, nazio eta genero zapalkuntzak identifikatu eta horien erruduna ahultzeari ekin ziotenak. Badira borroka hauei ekin ziotenek arrazoia zeukatela dakitenak, eta oraindik ere arrazoia daukatela diotenak, 42 urteetan jasandako zartada bakoitzetik ikasi eta makurtu gabe dihardutenak.

Azkenik, egunaren edozein irakurketak jarraituko lukeen eskema berdinarekin amaitzea litzateke egokiena, borrokarako hamaikagarren deia eginez. Aktibatua dagoen jendeari mezua bidaltzen diotenek jakin dezaten azken hauek euren ondoan jarraituko dutela, ez dezaten etsi euren saiakeran. Aktibatua ez dagoen horri dei egiten diotenek jakin dezaten esfortsu horrek merezi duela, nahiz eta emaitzak agerikoak ez izan, arrakastarik gabeko deialdi bakoitzak garaipen kutsu txikia ere baduela, eta pelikula batean agertzeko antolatutako asanbladatik kaleak astintzeko asanbladara igaroko garela. Finean, borrokak bizirik iraun dezan ezinbestekoak direla.

Baziren ilargia erakutsi zigutenak, eta badira hau erakusten dihardutenak. Martxoaren 3ko sarraskia burutu zuten berdinek atzamarra erakutsiko digute, ilargia jabetza pribatu bilakatuz eta bandera arrotz baten atzean ezkutatuz. Kasualitatea ala ez, Martxoaren 2ko gaua ilargi beteak argituko du aurten. Zaila izango zaie, hortaz, gure arreta desbideratuko duen atzamarrik topatzea.

Bazirelako, badirelako, eta zorionez, izangodirelako, Gora Martxoaren 3a!

 

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies