“OkupaTU Gasteiz bezalako dinamika bat sortzeko giroa aproposa da”

“OkupaTU Gasteiz bezalako dinamika bat sortzeko giroa aproposa da”

2018.urtearen hasierarekin batera, Gasteizko Herri Mugimenduko eragile ezberdinen urteurrenak ospatuko dira: Gasteizko Gaztetxea, Errekaleor Bizirik!, Hala Bedi eta Auzolana Pilotalekua.

Urteurren puntualez aparte, dinamika abteratu bat jarri dute martxan: “OkupaTU Gasteiz”. Autogestioa oinarri izango duen dinamika hau izan dugu mintzagai Araba Hizpiden Mikel Saenz de Buruaga eta Aitziber Ramirez de la Piscinarekin, data bat gogoratuz: 2018ko urriaren 6a. Egun horretan “OkupaTU Gasteiz” eguna ospatuko dugu.

Entzun
“Arabako anbulantzietako langileen egoera eutsiezina da, eta Eusko Jaurlaritza da erantzulea”

“Arabako anbulantzietako langileen egoera eutsiezina da, eta Eusko Jaurlaritza da erantzulea”

Arabako anbulantzietako azpi-kontratako langileek lau urte daramate greban, lan-baldintza kaxkarrak salatzeko. Euren egoeraren eta anbulantzia-zerbitzuaren kalitatearen murrizketa Eusko Jaurlaritzaren ardura dela argi du Jonathan Resurreccion anbulantzietako langile eta LABeko ordezkariak. Gutxieneko zerbitzuak % 100ekoak izateak euren aldarrikapenak gizarteratzea zaildu egiten badu ere, euren egoeraren berri emango dute datozen egunetan, zenbait ekintzaren bitartez.

Entzun
“Baserriak gazteen beharrean” -Maider Martinez-

“Baserriak gazteen beharrean” -Maider Martinez-

Gaur egun baserritik bizi nahi duten gazteetaz hitzegin nahi nuke. Arrazoi asko daude lehen sektoretik ogibidea egiteko: bokazioa, lan irtenbide soil bat, kalean eta lan errutinariotik kanpoko aktibitatea, animaliekiko zaletasuna, etabar, azken finean danok ez daukagu zortzi orduko lan bat jorratzeko gaitasuna.

Baserri mundua jendearentzat erabat arrotza izan da eta berarekiko urruntasuna sentitu izan da; baserriak familiak kudeatutako inguruneak izan dira eta gaur egun ere horrala izaten jarraitzen du.

Azken urteetan, aldiz, aldaketak daudela sumatzen da.

Alde batetik, baserriak familietatik haratago doaz eta koperatibak eta elkarteak sortzen ari dira eta bestalde, sektorea zahartzen ari da oso azkar eta honek kaleko jendea erakarri du sektorera erreleboa hartzeko gogoekin.

Baina kanpotik datorren jende honek, oraindik ere, oztopo garrantzitsuak aurkitzen ditu.

Inbertsio handien beharra alde batetik. Nahiz eta diru laguntzak dauden, hauek baldintzatuak daude jarduera urte batzuk egotera, bestela, diru laguntza hauek bueltatu behar dira.

Inbertsioen %100 norberak aurreratu beharra beste alde batetik, honek duposatzen duen arazoarekin. Azken finean norberak arrisku ekonomiko handia asumitzen du gero etekin nahiko eskasa duen jarduera batetan.

Lur eskasia ere arazo larria da. Lur oso gutxi dago libre eta hauengatik errenta handiak eskatzen dituzte. Araban eta Nafarroan oraindik lur publiko asko dago baina Bizkaian eta Gipuzkoan ez dago ia ezer. Lur banku eraginkor baten beharra dago arazo hau gainditu ahal izateko.

Lurra lortzeko ere, gazteek beste arazo bat daukate, batez ere sektoretik kanpo datozenean. Jubilatzen direnak nahiago dute beraien lurrak ezagutzen dituzten baserritarrei uztea, jende berria aukera hauetatik kanpora geldituz. Honetan baserritarrok hausnarketa sakona egin beharko genuke. Orokorrean jubilatzera doan jendeak ez dauka ordezkorik eta daukanean, konfidantza falta nagusitzen da, kanpotik datorren horrek ideia berriekin etortzen bait da eta honek beldurra sortzen du.

Badago ere erakundeentzat gazteak ez diren berritzaileak ere. 40 urtetik gorako pertsonak dira eta hauek are eta laguntza gutxiago jasotzen dute. Gaur egungo lan egoeraren ondorioz edo aldaketa baten bila baserrira bueltatu direnak dira eta hauek ere laguntza berezia behar dute erakundeen partetik, azken finean bizitzan behin jasoko duten laguntza izango dena behar dute.

Jende eta gazte berritzailea behar du baserriak, berrikuntza horretatik etorkizun oparoagoa etorriko bait da.

Administrazioak eta baserritarrok baliabideak eta konfidantza eman behar diegu jende guzti horri beraiek dauzkaten ideiak aurrera eraman ditzaten. Pizka bat emanda guztiok asko irabaziko dugu danok.

Maider Martinez

Entzun
“Haizeak Olentzerori” -Oier Azkarraga-

“Haizeak Olentzerori” -Oier Azkarraga-

Kaixo, Olentzero maitea:

Berriro ere gabonak iristear daude, eta urtero bezala, zuri idazteko garaia heldu zaigu. Badakizu beti bezala ondo portatu naizela, etxerako lanak egin ditut, beste umeekin nire gauzak konpartitu ditut, goiz oheratu naiz eta ez dut aita gehiegi haserretu.

Azkenaldian aita pozik dago, baina ez dut ulertzen zergatik. Amonarekin gauza arraroetaz hitz egiten du, ulertzen ez ditudan gauzetaz hitz egiten du. Lagun asko bueltatu direla etxera, urte asko kanpoan egondakoak, eta ardoa edan dute elkarrekin. Bakegile batzuen inguruan ere hitz egiten dute, edo ez dakit zer, izen arraro bat, Luhuso, edo horrelako zerbait.

Badakizu zer? Parisera joan ginen! A ze polita, Paris! Dorre Eifela ikusi genuen, izugarri handia da, noizbait joan beharko zinateke! Eta kontzertu bat ikusi genuen, kamioi baten barruan, jendea dantzan, kantan… oso polita izan zen! Ez nekien Parisen hainbeste euskara hitz egiten zenik!

Larunbatean Ama ikusten egon nintzen, Valladoliden, kostatu zait izena ikastea: Va – lla – do – lid. ikastolan ikasten ari gara lurraldeen izenak eta Valladolid Castilla Leon deituriko herrialde baten erdi erdian dago, han ez dago itsasorik. Lehen, Valencian, bazegoen, hori bai gogoratzen dut ongi, han jaio nintzen ni. Eta Valencian itsasoa zegoen eta aitak eramaten ninduen udan itsasora, hondartzara eta gero ama ikustera joaten ginen.

Ama ikusteko bidaia oso luzea egiten zait, eta batzutan mareatzen naiz, beste batzutan lotan noa, baina aita ezin du lorik egin ze gidatu behar du, behin lo gelditu zen gidatzen ari zen bitartean eta istripu bat izan genuen, ez genuen izan zauririk. Baina asteburu horretan ez genuen ama ikusi eta pena asko eman zidan.

Ez dut askotan ikusten ama, batzutan baino ez, hilabetean behin ikusten dut eta egun horretan pastelak jaten ditugu, jolasten dugu eta oso ondo pasatzen dugu. baina joaten garenean ama ez dakit zergatik negar egiten du, ni ere negar egiten dut batzuetan, ze amarekin oso ondo pasatzen dut baina oso gutxitan ikusten dut.

Mikel ere, anaia, denbora asko daramat ikusi gabe. Egun batetan gizon batzuk sartu ziren gure etxera bere bila baina ez zegoen, eta ordutik ez dut ikusi, Aitari galdetu nion eta negarrez esan zidan Mikel ere ama bezala lanera joan behar izan zela, eta laster ikusiko genuela berriro, baina ez dakit, ze negar asko egiten zuen!

Ba hori da dena Olentzero, aitari entzuten diot jende asko dagoela lanik gabe eta oso gaizki pasatzen ari direla, baina gustatuko litzaidake, Mikel eta Ama lanik gabe egotea eta laster egotea hemen gurekin, hori da eskatu nahi dizudan guztia. Laster amarekin eta Mikelekin jolasten egotea etxean, Gaztainak jaten egotea. Eta gabonetako afari hauetan gurekin egotea, baita nire urtebetetzean ere, ez ahaztu Urtarrilaren 13an dela! Eta aitak esan dit opari bezala Bilbora joango garela, han jende ugari ikusiko dugula, pres dagoen jende ugari, baina egia esan ez dakit zertarako prest, hori ez baitit oso argi utzi…

Muxu handi bat Olentzero, espero dut nire oparia ekartzea.

Ah! Ahaztu aurretik! Baloi bat ere ekarri ahal baldin badidazu eskertuko nizuke, baina badakit igual asko eskatzea dela.

 

Oier Azkarraga

 

Entzun
Kataluniako hauteskundeetako tertulia: Asier Etxenike, Txema Ramirez de la Piscina eta Maria Colera

Kataluniako hauteskundeetako tertulia: Asier Etxenike, Txema Ramirez de la Piscina eta Maria Colera

Kataluniako hauteskundeen biharamunean, emaitzak eta kanpaina aztertzeko tertulian izan dira Maria Colera Herrialde Katalanetan bizi den itzultzailea, Asier Etxenike soziologoa eta Txema Ramirez de la Piscina EHUko komunikazio irakaslea. 155 artikuluaren menpeko hauteskundeak izan dira, Espainiak mekanismo guztiak aktibatuta zituen eta, hala ere, bloke independentistak lortu du gehiengoa Kataluniako Parlamentean. Emaitzez, kanpainaz eta etorkizunaz mintzatu gara adituekin.

Entzun
“Ate aurreko begiradak” -Mikel Ayllon-

“Ate aurreko begiradak” -Mikel Ayllon-

Labrit ez da etxera itzuli. Etxeko txirrina jo zuen azkena ez zen bera izan. Egun hartan, atearen beste aldean, goiko bizilaguna zegoen, gatz pixka bat ote geneukan galdezka. Bai, bai, gatz pixka bat. Ni ere sinetsita nengoen horiek filmetako gauzak zirela, baina ez, han zegoen bera, amantala bat jantzita, kristalezko pote txiki bat niregana luzatuta, prestatzen ariko zen dilistak sutan abandonatuta, emaztearen zain, beharbada, lanetik noiz etxeratuko, harekin bazkaldu eta eguneko miseriak elkarri kontatzeko.

Edo, agian, hura guztia nire imajinazioaren fruitu besterik ez zen izan. Akaso, ateko txirrina jo ziguna eta oin-zatarraren gainean zutik zegoena, Abdul zen, guretzat jolasleku den itsaso zabal bat txalupa narras batean igaro ondoren, atez ate eskean ibiltzen dena, hortzez betetako irribarre zabal batekin.

Edo ez. Ateko txirrina zapaldu zuena, igual, Amazonen erositako liburu bat zekarren mezularia izango zen, solairuz ekibokatuta, beheko bizilaguna izaten baita Durangoko azokara behin ere joaten ez dena, baina ehunka liburu erosten dituena multinazional zakar horretan, eta denak irakurtzeko, gainera.

Edo, beharbada, ni naiz ekibokatuta dagoena, eta txirrina jo eta jo zebilena Telmoren lagun astun hori zen, izena ere akorduan ez dudana, baina lau urtean behin etxean agertzen zaiguna, beti aitzakia berarekin, ez duela bertso txapelketako finala ikusteko sarrerarik lortu eta ea ahal duen gurekin eseri sofan, finala telebistan ikusi eta olatua egiteko, berak ere sentitu nahi duela hitzez esplikatu ezin den zera hori, hitzez esplika ezin daitezkeen gauzak baleude bezala, eta euskal olatuaren parte izan nahi duela berak ere bai.

Baina, igual, uste nuena baino zoroago nago eta dena izan zen nire imajinazioaren eragin huts. Izan zitekeen inork ez jotzea etxeko txirrinik. Beharbada, nire buruak asmatu zuen gure goiko bizilaguna eta haren sukaldean erretzen ari ziren dilista gatzgabeak, nire imajinazioan soilik lekua zeukan emazte baten esperoan. Abdul ere, akaso, nik asmatuko nuen, igual sekula ez zelako kostalderaino bizirik iritsi, eta itsasoko olatuetan jostari zeuden ume batzuk aurkituko zutelako haren gorpu puztua, noragabe eta hotz. Amazonen mezularia ere nire asmazioen fruitu izango zen, gure beheko bizilaguna hutsik egin gabe autoa hartu eta urtero joaten baita Durangora, erromesaldian, eta besapeak bete liburu itzultzen baita, handiak, txikiak, gorriak, urdinak, horiak, orri asko eta gutxikoak, baina denak eder-ederrak apalategian. Eta Telmoren lagun jasanezina ere, baliteke, nire buruak irudikatutakoa izatea, ez baita sekula etorri gure atera, beti lortzen baitu, lau urtean behin, bertso txapelketako finala ikusteko sarrera, are bera delako beti lehenengo olatua abiarazten duena, bidaiarik luzeenak ere beti hasten direlako pauso txiki batekin, eta behin honaino etorrita, bidaiak ezin duelako izan txikia eta itsusia, eta beti izan behar duelako handia eta zoragarria.

-Labrit ez da inoiz itzuliko -bota dit Telmok, nire buru barruan filmatzen ari nintzen pelikula ikusi ahal izango balu bezala. -Eta nik ere alde egingo dut halako batean, zure irudimenak ipuinak asmatzeari uzten dionean behingoz.

 

Mikel Ayllon

 

Entzun
Koldo Alzola: “AEB da munduko herrialde bakarra, Jerusalem Israeleko hiriburutzat duena”

Koldo Alzola: “AEB da munduko herrialde bakarra, Jerusalem Israeleko hiriburutzat duena”

Trumpek esana da: “Jerusalem Israelgo hiriburu ofizialtzat aitortzeko garaia heldu da”. Joan den abenduaren 7an egin zituen adierazpenak eta AEBetako enbaxada Tel Avivetik Jerusalemera aldatzeko erabakiaren berri ere eman zuen. Koldo Alzola Uhintifada saioko lankidea izan da gaur HIZPIDEAn, Ameriketako Estatu Batuek hartutako erabakiak dagoeneko izan dituen ondorioak eta etorkizunean izango dituenak azaltzeko. Palestinako herritarren apartheid egoeran sakontzeko beste modu bat dela esan zuen Alzolak, besteak beste.

Entzun
Agora elkartea: “Beharrezkoa da hezkuntza-sisteman filosofiari eta galdera irekiei lekua egitea”

Agora elkartea: “Beharrezkoa da hezkuntza-sisteman filosofiari eta galdera irekiei lekua egitea”

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak diseinatutako hezkuntza planek Filosofia geletatik kanpo uzten dute. Heziberri 2020k eta LOMCEk Filosofia ikasgaia zokoratzen dute. Zergatik ote? Zergatik murriztu galderak egiteko eta pentsamendua garatzeko tartea? Filosofia hezkuntza planetara itzultzeko sortui zen orain dela bi urte Agora elkartea, eta jardunaldiak antolatu dituzte abenduaren 19 eta 20rako, “Filosofia plazara!” lelopean.

Hona jardunaldien egitaraua, Arabako Aleako artikuluan.

Entzun
Maider Likona: “Teknologiaren sarbiderako aukera berdintasuna behar da, eta Interneten neutraltasuna behar-beharrezkoa da horretarako”

Maider Likona: “Teknologiaren sarbiderako aukera berdintasuna behar da, eta Interneten neutraltasuna behar-beharrezkoa da horretarako”

Joan den astean Interneten neutraltasunarekin amai dezakeen legea onartu zen Estatu Batuetan: ordaintzen denaren arabera, webgune batzuetarako sarbidea izango dugu eta beste batzuetarako ez, abiadura ezberdintasuna ezarriz eta, de facto maila sozial ezberdinen arteko arrakalan sakonduz. Legea behin betikoa ez bada ere (oraindik AEBetako senatuan onartzea falta da), agerikoa da gurean ere ondorioak izango dituela. Joan den asteburuan artikulu interesgarriak argitaratu zituzten Edu Lartzangurenek Berriabn eta Joxe Rojasek bere blogean, eta gaiaren inguruko azalpen eta xehetasun gehiago eman dizkigu gaur HIZPIDEAn Maider Likona GISA elkarteko kideak.

Entzun
“Ustezko elurra” -Alaitz Andreu-

“Ustezko elurra” -Alaitz Andreu-

Aurrekoan, elurra egin zuen. Bai, ikusi egin nuen, eta azalean zein hezurretan sentitu. Txirristatu ere egin nintzen, izotz bihurtutako elurraren ondorioz. Eta min hartu nuen. Sinetsi didazue? Baiezkoan nago. Baina  “elurra egin zuen” esaldiaren ordez ustezko elurra egin zuela esango banizue, zer? Edo ustez ikusi eta sentitu nuela eta ustez elurraren ondorioz txirristatu nintzela, zer? Zalantza egingo zenukete. Zalantzan jarriko zenukete elurra egin izana; zalantzan, egin zuen hura elurra izan ote zen. Eta, nola ez, zalantzan jarriko zenukete elurra sentitu eta elurraren ondorioz txirristatu nintzela ere. Are, elurra bera ere jarriko zenukete zalantzan. Elurraren existentzia, zalantzan.

EITBk estilo-liburu berria atera du Durangoko azokarako, eta, Teleberrin ikusi ahal izan nuenez, ez baitut liburua irakurri, irizpideen artean dago errugabetasun-presuntzioa beti errespetatu beharra. Berez, ez dut arazorik horrekin: atxilotutakoak errugabeak dira, epaileak aurkakoa adierazi ezean. Konforme. Susmoa dut, ordea, eta susmoa baino egiaztapena da, presuntzio edo ustekizun hori ez dutela batere ondo erabiltzen hedabideetan oro har, eta EITBn zehazki.

Batetik, pertsona bat lapurreta egiteagatik atxilotzen dutenean, hedabideen esanetan ez dute ustezko lapurra atxilotzen, lapurra baizik. Yihadistak ere ez dira ustezko yihadistak izaten: yihadistak dira. Emakume bat hiltzeagatik atxilotzen duten gizona, ordea, ustezko hiltzailea izaten da. Eta gauza bera gertatzen da ustezko bortxatzaileekin ere. Emakumeak hiltzen eta bortxatzen dituzten gizonak bakarrik izaten dira ustezko delitugileak, ez besteak. Baita delitua aitortzen dutenean ere. Hortxe delitu motaren edo delitugilearen arabera, beren interesak tarteko, egiten duten lehenengo bereizketa.

Eta, bestetik, ustekizun edo presuntzio hori non erabiltzen duten begiratu behar dugu. Izan ere, egileez gain, ustezko bihurtzen dituzte indarkeria matxistaren biktima eta delitua bera. Lapurreta baten biktimaz ari direnean, adibidez, bururatu ere ez zaie egiten “ustezko lapurretaren ustezko biktima” esatea; bortxaketen edo hilketa matxisten kasuan, ordea, guztia bihurtzen dute ustezko, guztia zalantzagarri. Besteak beste, labainkadaz josita hil zuten emakume bati ustezko biktima esan zioten duela gutxi, eta La Manadaren kasuan ustezkoak dira bortxaketa eta biktima. Are, emakume batek ustezko bortxaketa bat salatu zuela entzun nuen duela hilabete batzuk, emakume horrek “ustezko bortxaketa bat salatzera nator” esan izan balu bezala.

Argitu ditzagun gauzak: atxilotuak ustezko delitugileak dira, eta, epaileak epaia eman artean, kazetariek presuntzio hori babestu behar dute, ados, baina ez dagokie hedabideei delitua eta biktima-izaera bera zalantzan jartzea. Presuntzioarekin egiten duten joko horrek sekulako mina ematen digu emakumeoi: labankadaz josita hildako emakumea ere ustezko biktima bada, azalduko dit norbaitek zertarako salatuko ditugun sexu-abusuak, etxeko tratu txarrak (psikologikoak batez ere), sexu-erasoak, sexuagatiko diskriminazioak eta sexuagatiko bazterketak?

Alabaina, salaketa jartzeko esaten digute agintariek eta gizarteak oro har; hori bai, moral bikoitza ezartzeaz ahaztu gabe: salatzen baduzu, erruduna zu zeu izan zaitezke, gizon gixajoak, eta biktima zarela frogatu beharko duzu; salatzen ez baduzu, ordea, gaizki ari zara, eta zurea da errua.

Nik elurra ikusi eta sentitu nuen, eta bai, elurraren ondorioz erori nintzen. Ustezko elurra ez da existitzen, ustezko erorikoa eta ustezko sentsazioa ere existitzen ez diren bezalaxe. Emakumeen aurkako indarkeriaren inguruan presuntzioarekin egiten den joko horrek emakumeen aurka berariazko indarkeria ezartzen delako ideia desagerrarazten du, eta indarkeria mota hori areagotzen, emakumeen hitza zalantzan jarri eta, ondorioz, emakumeak isilaraztearekin batera.

Alaitz Andreu Eizagirre

Entzun

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies