Alfredo  Remirez:  “Ez  daukat  esperantza  askorik”

Alfredo Remirez: “Ez daukat esperantza askorik”

Sokak ez du etenik. Urtebeteko kartzelaratze eskaera jaso du Alfredo Remirezek: 2009ko auzi batengatik sartu nahi dut orain espetxean. Duela hilabete batzuk, terrorismoa goratzea leporatuta zigortu zuten. Aldiz, 2009an epaileek urtebetez kondenatu zuten delitu bera egotzita, Amurrioko txupinazoan preso baten irudia erakustea leporatuta. Beraz, ez da lehenengo aldia errepresio kasu bat izan behar dugula hizpide Remirezekin hitz egiterako orduan.

Espetxealdia bertan behera geratu zen eta 5 urtez utzi zuten baldintzapeko askatasunean. 2017ko epaiketaren ostean, Audientzia Nazionalaren arabera, hautsi egin dira 2009ko zigorra bertan behera uzteko baldintzak.

Remirezekin hitz egin dugu ARABA HIZPIDEn eta bizitzen ari duen jazarpena salatu du.

Entzun
Luis  Casado  (Berriztu):  “Espainiako  Minsiterioaren  ebazpenak,  Eusko  jaurlaritzaren  jarreraren  aurrean,  arrazoia  ematen  digu”

Luis Casado (Berriztu): “Espainiako Minsiterioaren ebazpenak, Eusko jaurlaritzaren jarreraren aurrean, arrazoia ematen digu”

Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioaka amaiera eman dio Armentia 2 putzuaren Ingurumen inpaktuko ebaluazio txostenari: Eusko Jaurlaritzak putzuak ingurumenean izango duen inpaktuaren txosten arrunta egin behar duela ebatzi du honek. Alegia, Eusko Jaurlaritza momentuz geldirik egoteko,  Madrilek “stop” esan dio Gasteizi.

Berriztu! Arabako kideek adirazi dutenez, Subilla Gasteizko putzua onartua izan dadin, proiektuak esposizio publiko eta alegazio faseak bete beharko ditu. Mugimenduko kidea den Luis Casado gonbidatu dugu ARABA HIZPIDEra, mugimenduaren balorazioa jakiteko eta hurrengo pausoen berri izateko.

Entzun
Karla  Berrojalbiz  (Errekaleor):  “Egunerokotasunari  normal  egingo  dio  aurre  auzoan”

Karla Berrojalbiz (Errekaleor): “Egunerokotasunari normal egingo dio aurre auzoan”

Haserre baina indarrarekin esnatu dira Errekaleorren ostiralean, Ertzaintzaren eta Iberdorlaren argi mozketaren hurrengo egunean. Ostegun arratsaldeko indar erakustaldiaren ostean, Urtarani erantzukizuna eskatu diote auzo asketik, Iberdrolaren jarrera ere salatuz. Ertzaintzaren presentzia eta jarrera oso bortitza izan zela gaineratu dute.

Karla Berrojalbiz, atzoko gertaerak barrutik bizi izan zituen Errekaleorreko kideetako bat da eta berarekin hitz egin dugu ARABA HIZPIDEn.

Entzun
“Astiro”  -Blanca  Urgell-

“Astiro” -Blanca Urgell-

Jatekoak jasotzen dituzten euskal testurik zaharrenak errefrauak dira. Aza, artoa, opilak eta dilistak behintzat baziren XV-XVI. mendeko menuan: Azak bano lehen zopak jan ditu errefraua dakar Zalgize zuberotarrak; Itxian —hau da, etxean ogia ezin jan, eta Arangurenen artoa dio Isasti lezotarrak bildutako atsotitzak. Nork bere opilari ikatza errefrau ezagunagoa bildu zuen Garibai arrasatearrak lehenengoz. Eta 1596ko Refranes y Sentencias-ek Tilista aroan amabost urte det ulergaitza. Gure Lazarragak, berriz, babak jaten zituen, nola ez!; honela dio poema batean: Maira datorrenean, barriz, / baba zigorrez saldea.

            XVIII.  mendearen lehen zatitik edo heltzen zaigu txakolin usaina sudurretara, Barrutia aramaioarrari eskerrak: Txakolin orrek turbadu deutsu begietako bistea diotsa Graziosoak Gabriel artzainari, honek kontatutakoak sinistu ezinik.

            Agian harrituko zarete esaten badut XIX. mendera arte ez dagoela ez patata, ez txorizo ezta talo-rik ere euskal letretan, baina agian berdin harrituko zarete, alderantzizko arrazoiengatik baina, garai berean —hain goiz— makarroiak jadanik agertzen direlako. Ni behintzat harritu egin naiz.  Non agertuko, eta mende hartan euskaraz idatzi ziren sukalde liburu bietan: bata Escualdun cocinera ceinarekin nornahic cocina ona errechki eguin baitaçake deitzen da, eta Baionan argitaratu zen, 1864an; bestea Cocinan icasteco liburua, chit bearra famili gucietan deritzana, Tolosan inprimatua, 1889an.

            Bilatu dudan jatekorik modernoena arroza da, ez baita XIX. mendearen azken urteak arte euskal testu batean jaso. Euskal-Erria aldizkarian agertu zen beherakoa eteteko aholku hau, badaezpada erabiliko ez nukeena: Txit onak dira ere berakoa gelditzeko eta gogotik izerdierazitzeko arroz, almidoi eta lau edo sei láudano edo loerazkiñ tantorekin emantako garbigarri edo labatiba erdiyak (EE 1885a, 134).

            Argia aldizkarian Joxerra Aizpuruak azaldu zuen (2011-06-19): “AEBetako hainbat unibertsitatetako ikerlariek arrozaren historia aztertu berri dute eta emaitza garbia izan da: arroza, gaur egun ezagutzen dugun eran, Txinan sortu zen orain dela 9.000 urte, Yangtse ibaiaren haranean”. Zalantza omen zegoen, ea Txinan sortua zen, ala Indian, eta horra hor amerikarren erantzuna.

            Txinan sortua, baina, nondik nora joan da arroza Euskal Herrira etortzerako? Lehenik jakin daigun arroz hitza gaztelaniatik datorrela euskaraz, eta gaztelaniazkoa arabieratik dator. Ekialdean, aldiz, irris diote, frantses riz-tik. Txikitan arroz oilaskoarekin jaten genuen (erran nahi baita, oilaskoaren hankak, lepoa eta buruarekin, gangar eta guzti; “arroz barrukiekin” deitzen genion horri); geroago Valentziako paella eta haren hamaika bertsio sasiko, eta jatetxe txinatarretako “hiru gozameneko arroza” edo dena delakoa, eta Italiako risottoa etorri ziren hurrenez hurren, etxean egin ditugun arroz nahasketa ugariez gainera. Nahi duzue azken honen errezeta? Erraza da, ba: “Arroza uretan egosi bitartean, har bitez hozkailuan gelditu diren hondakinak eta frijitu”. Bazkaria di-da prestatzeko ohiko moduetako bat gurean.

            Txina, India, Italia, Valentzia eta, arrozari dagokionez heterodoxo samarra bada ere, Euskal Herria. Hauek dira boteprontoan arroza munduan kokatzeko bururatu zaizkidan lurrak. Baina azkenotan Afrikako arroza ere jan dut, Gineakoa, adibidez. Gure auzokide ginearrek ur gutxirekin eta astiro egiten dute arroza, ura lurrundu eta arroza kazolaren zolan itsatsi eta erretzeari utzi gabe. Maisuak dira horretan.

            Ikasi behar dut horrela egiten. Astiro, esan nahi dut.

Entzun
“Grebalari  palestinarren  bozgorailua”  -Koldo  Alzola-

“Grebalari palestinarren bozgorailua” -Koldo Alzola-

Astelehenean, maiatzaren 15ean, 69 urte bete ziren mugimendu sionistak Israelgo estatua alde bakarrez aldarrikatu eta herri palestinarraren garbiketa etnikoari ekin zionetik. Arabiarrek Al Nakba izenez izendatzen dute zorigaiztoko efemeride hori: Al Nakba, hondamendiaren eguna. Izan ere, orduantxe abiatu zen ia zazpi hamarkada geroago gordintasun osoz dirauen genozidioa. Data hori zizelkatuta daramate palestinarrek euren kode genetikoan, eta urtez urte oroimenerako eta protestarako eguna dute maiatzaren 15a, sei milioi errefuxiatuen jaioterrira bueltatzeko eskubidea aldarrikatzeko eguna.

Aurtengo Al Nakba egunak, baina, ezohiko karakterizazio berezia izan du. Izan ere, iragan apirilaren 17an, Preso Palestinarrekiko Elkartasun Egunarekin batera, espetxeratu palestinarrek mugagabeko gose greba masiboari ekin zioten. Kolektiboa osatzen duten 6500 gatibuetatik 1500ek egin dute bat deialdiarekin. “Askatasuna eta Duintasuna” leloa duen protestaldiak gutxieneko aldaketa batzuk aldarrikatzen ditu espetxe-baldintzetan:

  • Liburuak eta egunkariak eskuratu, eta unibertsitate ikasketak burutu ahal izatea
  • Hilean ordubeteko bi bisitaldiko erregimenera bueltatzea; eta senitartekoen bisitak baimentzea.
  • Arreta mediko duina jaso ahal izatea.
  • Halaber, protestariek bidegabeko atxiloketen politikak salatzen dituzte; eta aldarrikatzen dute bertan behera gera daitezela isolamendu erregimena, atxiloketa “administratiboak” (kargurik eta epaiketarik gabeak, eta mugagabeak), eta presoak Israelera mugiarazte politikak. 

Baraualdiari hasiera eman ziotenetik, Palestinako alderdi politiko guztietako 1600 presotik gorara iritsi da grebalarien koporua, eta dagoeneko somatzen hasiak dira osasun ondorioak haiengan. Haiekiko elkartasunean Palestinako hirietan ere grebalari solidarioentzako karpak ezarri dituzte. Horietako batean preso ohi bat hil da barauaren ondorioz, Mazan al Maghrebi, 30 urtekoa. Protestaldia isilarazi nahian Israelgo espetxe-administrazioa grebako antolatzaileetako batzuk Negeveko basamortuko espetxera mugiarazi, eta beste zenbait isolamendu erregimenean sartzen ari da. Gainera, mehatxatu dute bortzaz elikatuko dituztela grebalariak. Eta gauza jakina da gose grebalari bat bortzaz elikatzea torturatzat daukala nazioarteko legediak.

Presoen afera garrantzi handikoa da Palestinako gizartean; izan ere, azken 50 urteotan 850.000 palestinar pasatu dira Israelgo ziegetatik, populazioaren %20 eta gizonezkoen %40; eta ondorioz, gizarte osoa zuzenean edo zeharka ukitzen duen gatazka eta elementu bateragarria da herri palestinarrarentzat.

Baina Palestinako gizarte osoa astindu duen muturreko ekintza honek ez du apenas oihartzunik izan prentsako hedabide hegemonikoetan, akaso 1600 preso politikoren bizitzak hutsaren hurrengoa balio duelako, are gutxiago palestinarrak direnean. Bost axola, Ysrael Katz Israelgo Inteligentzia Ministroak proposatu duen bezala, grebalari guztiak akatzen badituzte, palestinarren okela oso merke ordaintzen baita nazioarteko merkatuetan.

Beraz, Israelgo estatuaren sorreratik eta palestinarren hondamendiaren hasieratik 69 urte betetzen diren Al Nakba egun honetan, nazioarteko gobernuen eta prentsa hegemonikoko hedabideen axolagabekeriaren aurrean, gure ardura da, gizarte zibil solidarioarena, eta komunikabide libre eta konprometituena, grebalari palestinarren eta, oro har, herri palestinarraren bozgorailu izatea. Hala Bedin ere eman diezaiegun beste hedabideetan ukatzen dieten ahotsa. Izan gaitezen haien duintasunaren lekuko.

 

Entzun
Samuel  Pasandin  (Ikasle  Abertzaleak):  “Eusko  Jaurlaritzaz  gain,  ikastetxe  asko  ere  ari  dira  tranpetan  errebalidetako  azterketekin”

Samuel Pasandin (Ikasle Abertzaleak): “Eusko Jaurlaritzaz gain, ikastetxe asko ere ari dira tranpetan errebalidetako azterketekin”

Hezkuntza Plataformen Topaguneak joan zen astean berretsi zuen LOMCEren azterketei “planto” egiteko deia eta hala gertatu zen atzo. Euskal Herriko ikastetxe ezberdinetan, planto egin zuten ehundaka ikaslek. Gasteizen, adibidez, Koldo Mitxelena, Jesus Obrero eta Mendebaldea institutuetan egin zuten planto. Gurasoen babesarekin kasu batzuetan, zuzendaritzaren trabekin beste batzuetan … baina plantoaren erabakia irmoa dela dirudi.

Planto egiteko dei horren baitan, Ikasle Abertzaleak eragilea zegoen eta sindikatu honetako kide den Samuel Pasandin gonbidatu dugu gaur ARABA HIZPIDEra.

Entzun
“KREAtibitate  kontua”  -Jon  Nogales-

“KREAtibitate kontua” -Jon Nogales-

2006. urtean hasi zen Gasteizeko Karmelita oinutsen Komentua zenaren eraberritzerako proiektua, KREA Expresión Contemporánea izeneko  sormena artistikoari eta garapen kulturalari zuzendutako esparrua: kulturak, sortzaileek, artistek,  behar duten espazioa, azpiegitura, ematera zetorrena.

18 milioi eurotako inbetsioa zuzendu ditu urteetan zehar Caja Vital Kutxak eraikinaren eraberritzeari. Martxan jarri zenetik,  KREA-k ekintzaren bat burutu ahal izan zuen  lehenengo urteetan, interneten bidez mantendutako gestio kulturalerako laguntza eskaintza edo direktorio modukoa barne.

Krisia gora eta behera, Vital Kutxaren berregituratzea eta bere Obra Sozialaren izaeraren birkokapena medio, proiektua gasteiztarron kezken zerrendaren azkeneko tokietara pasatu zen.

Marotoren gobernuarekin, 2014. urtean proiektu berria iragarri zen: goi-mailako hezkuntza zentru baten interesa esnatu omen zuen Betoñoko eraikinak, eta orduko gobernuak Hirigintza Planean egin behar zen aldaketari ekin zion, edukin kulturala eta publikoa ez bazen,  komentuari bestelako edukinen bat emateko ahaleginean. Egun hauetan goi-mailako hezkuntza pribatuko  proiektu hori bertan behera geratzen dela jakin dugu.

KREA-ren gainbeheraren kronologia honetan zehar, liskar politikoa pizteko erabili izan da maiz esparru honi edukina emateko tokiko erakundeen ezgaitasuna.

Azken hilabeteetan,  Foru Aldundia  Arabako Kultura Plan Estratregikoa lantzen ari da. Era berean, Gasteizko Udala ere, hiruburuaren Plan Estrategikoa definitzeko lehenengo fasean dago.

Gure sortzaileek industria kulturala sendoa behar dute. Bere sormena garatzeko baldintzak bermatuko dituen ekosistema; bere denbora  guztia prozesu kreatiboari dedikatzeko aukera.

Administrazioak baldintza horiek ahalbidetzeko gai izan behar dira, eta horretan ari dira lan egiten. Epe ertain eta luzerako estrategia eta planen beharra da kultura elkarte guztiek adierazten duten aldarrikapen nagusienetarikoa. Arabako eta Gasteizeko kultura azalak, administrazioaren zentzuzko kudeaketa eskatzen du. Helburuak finkatu, helburuak bete ote diren aztertzeko indikadoreak adostu eta ezarri. Baliabideen erabilera sostengarria eta zentzuduna kudeatu.

Urtetan, aurreko agintariek egin ez zuten lana burutzen ari dira orain Arabako erakundeek, MAHAIA plataformarekin eta bestelako erakunde kulturalekin batera. Estrategiak martxan jarriko diren heinean, ikusiko dugu zeintzuk diren Gasteizen eta Araban sormena eta adierazpen kulturala eragiteko aproposenak diren esparruak -Gasteizen, portzierto, baditugu eraikin dexente orain libre-.

Krisi ekonomikoaren ondoren, krisiaren aurretik egituratutako proiektuei edukina ematea ez dirudi politikarik aproposena. Ziur nago erabaki hobeak adosteko gai garela.  Kreatibitate kontua baino ez da.

Entzun
Ainhoa  Bilbao  (Setem  Hego  Haizea):  “Bidezko  merkataritza  benetako  alternatiba  bat  da”.

Ainhoa Bilbao (Setem Hego Haizea): “Bidezko merkataritza benetako alternatiba bat da”.

Setem Hego Haizeako Ainhoa Bilbaok Bidezko Merkataritzaz hitz egin digu: “Ohiko merkataritzan soilik diru irabaziak hartzen dira kontutan, horri aurre egiteko Bidezko Merkataritzak hainbat arau ipintzen ditu ekoizleen baldintzak hobetzeko”. Bidezko Merkataritza bultzatzeko asmoz larunbat honetan Gasteizko Florida parkean hainbat ekintza antolatu dituzte eta ondorengo asteetan Arabako hainbat lekutan.

Entzun
50 orrietatik 1 orria12345...Azkena »

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies