Gasteizko BDZ taldeak deituta, elkarretaratzea egin dute Gasteizen, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko, Israelen jarrera suntsitzailea salatzeko eta boikoterako deia egiteko.

Iragan martxoaren 30ean; Palestinako Lurraren Egunarekin batera; palestinarrek “Itzulerako Martxa Erraldoia” izeneko kanpainia jarri zuten abian. Protesta ibilaldi hori ekimen herrikoi asanbleario batek bultzatu zuen eta helburua jaioterrira bueltatzeko eskubidea aldarrikatzea zen, halaxe onartzen baitie NBEaren 194. ebazpenak. Gazan hamarnaka mila lagunek egin zuten bat protestaldiekin, eta lurralde okupatuekiko mugako marra berdera iritsitakoan, armada okupatzailearen frakotiratzaileen eraso indiskriminatua pairatu zuten.

Palestinarrei elkartasuna adierazteko, elkarretaratzea egin dute Gasteizen, BDZ taldeak deituta. Gainera, erasotzaileek ordura arte erabili gabeko munizio mota suntsitzaile berria baliatu izana salatu dute. Izan ere, emaitza zeharo lazgarria da: 20 hildako inguru eta 1000 zauritutik gora.

Handik astebetera, armada sionistak beste triskantza bat burutu zuen armarik gabeko manifestarien kontra, eta 32ra iritsi zen hildakoen kopurua eta 2.500ra zaurituena. Okupazio ejerzitoa, inpunitate osoz jokatzen duela dakienez, kazetarien aurka ere oldartu zen. Tiroketan Yaser Murtaja kazetari gazatarra erail zuten, prentsako identifikazioa agerian eraman arren. “Itzulerako Martxa Erraldoiaren” bultzatzaileek maiatzaren 15 arte luzatuko dituzte protestaldiak, orduan oroitzen baitute palestinarrek Al Nakba eguna, mugimendu sionistak Palestinako lurretan Israelgo estatua alde bakarrez aldarrikatu zueneko 70. urteurrena.

Zentzu honetan, konpromisoen beharra azpimarratu dute: “Historiak erakutsi digu, Hego Afrikako apartheid erregimenaren aurkako kanpainian bezala, boikot ekimen global batek bere xedea lortuko badu, eragile guztien konpromezua behar duela, nazioarteko erakundeena eta azken udalarena, baina baita gizarte zibil solidarioarena ere”.

“Israel eta haren ordezkarien aurkako boikota, beraz, ez da soilik legala eta zilegia; beharrezkoa ere bada; egunen batean armarik gabeko manifestariak eta kazetariak inongo kupidarik gabe tirokatu eta erailtzen dituen apartheid erregimen ankerra bertan behera erortzen ikus dezagun”, amaitu dute.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies