Gasteizko Udalaren debekuei eta goizeko lehen orduko eguraldi txarrari aurre eginez, dozenaka lagun bildu dira OkupaTour-en. Arabako hiriburuan loratutako espazio autogestionatuak ezagutzeko aukera eskaini dute, bizikletaz zein autobusez, goiz osoan zehar luzatu den ibilbidean.

Udalaren azken orduko erabaki politikoak arriskuan jarri zuen azken hilabetetotan Gasteizko kolektibo ezberdinek prestatzen ibili diren OkupaTour-a. Hala ere, gogoari eutsi eta goizeko 11.00etan 150 lagun bildu dira Andra Mari Zuriaren plazan. Bertan, bizikletaz hurbildutako lagunei, hasierako trena ordezkatu duen autobus bat batu zaie bertan, tourra gidatu duen furgoneta jarraitzeko asmoarekin. Furgonetaren gainean, gune bakoitzaren inguruko azalpenak zabaltzeko megafonia.

Lehenengo geltokia SUmendin egin dut, 2016an Judimendi auzoan berreskuratutako lokala. Honen ostean, eta Amparo Lasherasek 60-70. hamarkadetako herri mugimenduaren errealitatea azaldu ostean, Errekaleor auzora hurbildu da OkupaTour. 2013. urtean berreskuratutako auzo hau, gaur egun 150 bizilagunen etxebizitza bermatzeaz gain, kulturaren zein burujabetza energetikoaren sinboloa bihurtu da, eta bertako mural ezberdinak edo azken hilabeteotan instalatutako eguzki-panelak lehen eskutik ikusteko aukera izan dute hurbildu diren lagunek.

Jarraian, Gasteizko erdialdera itzuli da OkupaTour, eta bertan, Gasteizko herriaren historia ezagutzeko aukera paregabea izan da: Adurtza auzoan barrena, gaur egungo autogestio mugimenduaren hazia bilakatutako 80. hamarkadako mugimendu autonomoen eztandaren inguruan aritu da Juan Ibarrondo. Ondoren, erdialdetik, hiri ereduaren inguruko hausnarketarako tartea izan da, ADI ustelkeriaren aurkako elkartearen eskutik: Operación Centro, San Antonioko kasua edo Ensanche 21en ustelkeriaren inguruko hainbat datu mahaigaineratuz.

13.30ak aldera, Alde Zaharrera iritsi da ibilbidea. Bertan, auzoko gentrifikazio prozesua eta, konkretuki, Santo Domingo kalearen kasua ezagutu dute. Ibilbidearen azken txanpan, Alde Zaharreko beste espazio batzuetara hurbildu da OkupaTour: 1983an sortutako Hala Bedi irratia, 2008an berreskuratutako Auzolana Pilotalekua, Gazte Emantzipaziorako Sareak (GES) Alde Zaharrean gazteentzat berreskuratutako etxebizitzak edo 2010ean okupatutako Arkillos 10 -udal jabegoko eraikina-.

Azkenik, Gasteizko Gaztetxean antolatutako luntx batekin amaiera eman diote OkupaTour-ari. Antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute: “Kriminalizazio eta debeku saiakeren gainetik, gaurkoan, bestelako Gasteiz bat egunez egun eraikitzen ari diren proiektuen errealitatea jendarteratzea lortu dugu”, adierazi dute.

Gaurko ekimenari jarraipena emango ote dioten argitu ez badute ere, “Gasteizko autogestio mugimenduaren loraldia” azpimarratu dute, OkupaTU Gasteiz dinamikaren baitan Hala Bediren, Gaztetxearen, Auzolana Pilotalekuaren eta Errekaleor Bizirik-en urteurren borobilak ospatzen diren honetan. Urriaren 6an, OkupaTU Gasteiz Eguna antolatuko dute kolektibo hauek, eta adierazi dutenaren arabera, “Gasteiz berri bat sortzen ari dela argi geratuko da” egun horretan.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies