Gasteizko Udalak OkupaTourreko trenaren ibilbidea debekatu arren, gune okupatuetan zehar egingo den larunbateko bisita gidatua mantenduko da. Txirringaz joateko deia egin dute, baina beste garraio bat ere bermatuta egongo da.

Hala Klik

Gasteizko Udalak OkupaTourreko trenaren baimena ukatu du, baimen tekniko guztiak bermatuta egon arren. Hilabeteetako lana, bilerak… “erabaki politiko” batekin debekatzeko, tourreko kideek azaldu duten moduan.

“Irratietako uhinak okupatu ditugu, Gaztetxeak altxatu genituen orain dela 30 urte, gazteontzako blokeak berreskuratu ditugu, auzoetan ere gazte espazioak sortu ditugu… Eta tour baten debekuak kikilduko gaituela uste duzue?”, galdetu diote Gasteizko Udalari. 

“Erabaki politiko baten aurrean gaude”. Argi eta garbi, horrela adierazi dute antolatzaileek. “Ezin dugu ulertu debekua erabaki politiko bat ez bada”.

Hiri debekaturako bidaia izango zela adierazi zuten antolatzaileek. Eta, hara paradoxa: hiri debekaturako bidaia debekatu dute. “Ezin dira horrelako debekuak onartu Gasteizen”, salatu dute.

“Debekatzen diguten hiri hori” erakutsi nahi dutela azaldu dute. “Debekuen gainetik, posible delako, eta hala erakutsi dute Gaztetxeak, Hala Bedik, GES-ek, Sumendik, Arkillos 10ek, Errekaleorrek, Santo Domingok, Auzolanak… Eta hiri honetako dozenaka eragilek urteetan zehar”. Deitzaileen hiri eredua hau dela aldarrikatu dute, “urteetan zehar burubelarri aritu zareten guztiak zarete eredu guretzako”.

Hiriaren erabilera bera ere jopuntuan dagoela uste dute. “Nahi dutena kontrolatzen dute. Egunero, uneoro…”.

“Guk gure hiri eredua eraikitzen dugu. Eta hala jarraituko dugu. Eta biharko eguna, urriaren 6ko OkupaTU Gasteiz eguna, urteurren guztiak… Horren emaitza txiki bat baino ez dira izango”, esan dute.

“Tour bat egingo dugu, turismo gidetan agertzen ez den bisita gidatua, gure guneak eta gure egunerokotasuna bertatik bertara bizitzeko”. Informazio eskubidea ere ukatua izan dela gaitzetsi dute. 

OkupaTour mantentzen da

OkupaTourra mantentzen da. Hasiera batean iragarri bezala, bizikletaz egiteko aukera egongo da eta txirringaz joateko deia egin dute: aurreikusita zegoen moduan egingo da ibilbidea.

Trenean izena eman dutenek ere tourra egingo dute. Garraioa egongo da guztientzako eta garraioa erabiliko da. Hala ere, ze garraio mota izango den ez dute zehaztu.

Hala ere, Autogestioaren Astea ez da tourrera mugatu. Aste guztian zehar ekimen ezberdinak antolatu dituzte Gaztetxearen urteurrenaren baitan. Bisita amaitzerakoan, luntxa, kontzertuak etab. egongo dira muinoko etxean.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies