“Espazioaren transformazioa aitzakia besterik ez da jolastokiko dinamikak aztertu eta aldatzeko”. Filosofia horrek gidatuta, 2014tik hainbat ikastetxe laguntzen aritu da Elkartoki ekimena, jolastokiak birpentsatu eta eraldatzeko prozesuan. Bidean ikasitakoa eta sortutako zalantzak liburu batean bildu dituzte orain: Patioa denona da.

Argia.eus bidez

Tipi diseinatzaileek bultzatutako ekimena da Elkartoki, eta ikastetxe bakoitzean eskola komunitate guztia inplikatzea izan dute abiapuntu, ikastetxeko espazio bat gehiago den jolastokia modu parte-hartzailean eraldatu dezaten, ikasleak ardatz. “Behetik gorako sormen prozesu kolektiboa” izan da, jolaserako eta harremanetarako espazio anitzak eta aberatsak lortzea helburu. Hain juxtu, komunitatea sendotzeko eta gurasoak ikastetxera gerturatu eta harreman sareak sortzeko ere balio izan die, ikastetxe bateko zuzendariak liburuan kontatu duenez.

“Eraldaketa, bere horretan ere, bada zer”, dio Anartz Ormaza arkitektoak liburuan. Martxan jarritako prozesuetan, bi premisa izan dituzte kontuan: “Alde batetik, genero berdintasuna, partaidetza eta esperimentazio artistikoa babestu eta lantzea; eta bestetik, esparru malgua eskaintzea proiektua ikastetxe bakoitzaren aukera eta premietara ahalik eta gehien egokitzeko, era horretan, proiektua ikastetxearen nortasunaren atal bihurtu dadin”.

Euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu dute lana eta hainbat artikulu eta elkarrizketa bidez, bai aholkuak bai galderak planteatu dituzte egileek. Ondorioa garbia da: inoiz bukatzen ez den zeregina da balore jakinen araberako espazioak mantentzea, ikasturtez ikasturte eta belaunaldiz belaunaldi patiora hurbilduko direnekin landu beharrekoa, egiturak aldatzea ez baita nahikoa.

2014tik Elkartokiren egitasmoan parte hartu duten ikastetxeak ondorengoak dira: Zabala eskola (Getxo), Karmelo Ikastola (Bilbo), San Nikolas Ikastola (Getxo), Karmelo Etxegarai Ikastola (Azpeitia), Lekeitioko Eskola Publikoa (Lekeitio), Geroa Ikastola (Getxo), Abendaño Ikastola (Gasteiz) eta Kueto Eskola (Sestao).

Deskargatu liburua helbide honetan.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies