Hilabeteetako lana egun batean kontzentratu dute milaka eta milaka emakumek*, aurrekaririk gabeko egun batean, mugimendu feministarentzako historikoa izan den greba feministan. Eta Araba, ez da albo batera geratu; milaka emakumek* babestu dute greba bera eta eguneko mobilizazioak, goizeko ordu txikitatik hasita eta gauera arte. Horren erakusle izan dira Gasteizko Lautadako, Arabar Errioxako, Mendialdeako, Aiaraldeako edo Gorbeialdeako mobilizazio ezberdinak.

Aurreikuspen guztiak gainditu zituen greba

Gasteizko Mugimendu Feministak Martxoaren 8an parte hartu zuten emakume* guztiak zoriondu ditu: “Aitortu behar dugu greba egunak gure aurreikuspen guztiak gainditu zituela; goizean goizetik gauera arte belaunaldi eta sektore anitzetako emakumeak* bildu ginelako”.

Aliantzak ehunduz eta elkartuz kolektiboki “ahaldundu” direla nabarmendu dute: “Gaur indartsuagoak gara. Gaurtik aurrera  Gasteiz eraldatu egingo dugu”.

Zenbaketekin egon diren gora beherak medio, Mugimendu Feministak arratsaldeko manifestazioaren jende kopurua neurtu du: 35.000 lagun inguru bildu direla nabarmendu dute, azalera eta dentsitatea kontuan hartuz ditugu datu horiek lortzeko.

“Poliziak ez du inoiz pertsona bakar bat gehiago ere kontatzen mobilizazioetan, baina emakumeok* eta emakumeontzat* antolatutako ekimen batean sineztezinak diren zifra batzuk zabaldu izanak zer pentsa eman digu. Aurrerago horren inguruan ere hausnartuko dugu”, hausnartu dute.



07:00etan, puntual, dozenaka emakume* bildu dira Gasteizko auzo ezberdinetan, hiriburua dekoratzeko. Zaramaga, Zabalgana, Txagorritxun… Lehen ordutik, Ertzaintzaren trabak izan dituzte, besteak beste, El Pilarren hainbat emakume* identifikatuz. Zentzu honetan, Ertzaintzaren “jarrera paternalista” salatu nahi izan dute.

Lanean eta kontsumoan ere eragina izan du grebak; horren erakusle, goizeko lehen orduetatik Mercedeseko enpresan egon diren pankartak edo Gasteizko Alde Zaharren itxita egon diren tabernak.

INSS-ean itxialdia

13:00ak inguru, eta kalejira masibo baten ostean -12.000 pertsona @M8Gasteiz kontuaren arabera-, 30 emakume* Dato kaleko INSS-ean itxialdia hasi dute, kanpoan, eserita, milaka emakumek* ekintza babesten zuten bitartean. “Zuzendaria etorri arte ez gara hemendik mugituko”, adierazi dute.

“Emakume* nagusien eta alrgunen pobrezia gero eta handiagoa da. Haien existentzia guztian zehar bizitara dedikatu ostean, miseriara kodenatzen dituzte”, salatu dute. “Kontrol erreala eskatu dute eta, aldi berean, aseguratu gabeko etxeko langileak dituztenak penalizatzea”.

Horren aurretik, eguneko pasarte kuriosoetako bat. Manifestariek Gorka Urtaran Gasteizko alkatearekin egin dute topo eta “urtaran, karapan” oihukatu diote.

Bazkaltzeko orduan, Gaztetxean bazkaria eta tertulia egon da, eta nahiz eta goizeko jende kopurua jaitsi, modu batean edo bestean, aldarrikapenek kalean presente egoten jarraitu dute. Arratsaldeko manifestazio nagusiaren aurretik, neska gazteen blokeak irudi itzelak utzi ditu Gasteizko Alde Zaharrean.

Eguneko mobilizazio nagusiena arratsaldekoa izan da. San Anton plaza eta Frantzia kalea beteta zeuden manifestazioa hasi baino minutu batzuk lehenago; bildutako askok, 20 minutu itxoin behar izan dituzte ibiltzen hasteko. Traktoreek eta kamioiek ireki dute bidea, preso dauden emakumeen* argazkiekin batera.Gasteizen ikusi den manifestazio jendetsuenetako izan da 2018ko Martxoaren 8koa.

Mixtoa izan den manifestazio honek txiki utzi ditu erdialdeko kaleak, etengabe entzun zitezkeen oihuekin: “Gora Borroka Feminista” edo “La doble jornada nos tiene explotadas”. Mugimendu feministak hala eskatuta, gizonek irizpideak errespetatu dituzte, eta nahiz eta manifestazio mixtoa izan, lehenengo lerroak eta protagonismoa emakumeenak* izan dira.

Sistema heteropatriarkal eta kapitalista hau pertsonak erail eta ezerezten dituen egituretan eusten da

Manifestazioaren amaieran, gaurko eguna “bide luze baten abiapuntua” baino ez dela nabarmendu nahi izan dute. Bide horretan, “emakumeon* liberazioa segurtatuko duen errealitate bat” nahi dutela adierazi dute, “dagozkigun eskubideak aitortuko eta beteko dituen egitura batekin”.

“Sistema heteropatriarkal eta kapitalista hau pertsonak erail eta ezerezten dituen egituretan eusten da. Espetxe eta zigor sistema hau edota errefuxiatuak giltzaperatzen dituzten guneak honen adierazlerik esanguratsuenetakoak dira: feminismoak borrokatzen duen gizarte ereduaren antitesia dira”. Egitura hauek, “emakumeekin era bortitzagoan” tematzen direla nabarmendu nahi izan dute. 

Arabako eskualdeetan ere zabalpen handia

Baina mobilizazioak ez dira Gasteizera mugatu. Azken asteetako lana ere Arabako eskualde ezberdinetan nabaritu da, Lautadan eta Aiaraldean batez ere. Baina herrialdeko gainontzeko puntuetan ere, emakumeak* mobilizatu dira.

Gorbeialdeako emakumeek*, adibidez, Gasteizera etortzeko hautua egin dute, baina eskualdean ere ekimen ezberdinak egin dituzte: bazkaria Izarran edo elkarretaratzea Gopegin. Azken honetan, ertzainek bi lagun identifikatu dituzte 

Arabar Errioxan, Biasteriraino martxa egin dute eskualdeko emakumeek*. Eskualdeko ikastoletako emakume* guztiek greba egin dutela aipatzekoa da, ikasleekin batera. Guztiek, Biasteriko ekimen zentralean egin dute bat. Bertakoek Hala Bediri adierazi diotenez, ospitaleetan eragin handia izan du greba egunak, ia emakume* gehienek babestu dutelako paroa.

Lautadan, Agurainen, eskualde guztiko 500 bat emakume* bildu dira eguerdian herriko plazan. Komertzio askok ateak itxi dituzte eta ikastolan mosaiko handia egin dute. Arratsaldean, berriz, 1.000 pertsonek babestu dute manifestazioa, irrintziez lagunduta (Bideoa).

Aiaraldean, eguneko mobilizazio nagusia arratsaldean Laudion egindakoa izan da. Egun osoan zehar, herri bakoitzak bere egitaraua izan du, baina arratsalderako, eskualdeko emakume* guztiak bildu dira. Goizean zehar, Urduñan, Amurrion, Laudion bertan… mobilizatu dira.

Eta azken orduan izan bada ere, Añanan ere emakumeek* greba babestu dute. Ribabellosako eskolan, adibidez, elkarretaratzea egin dute goizean.

Gasteizko Kanpusan, nahiz eta goizean Gasteizko Mugimendu Feministak egindako deialdiarekin bat ez egin, manifestazioa egin dute kanpusetik barrena. Horren aurretik, goizak irudi bitxiak utzi ditu kanpusean:

Historiarako irudiak

Egun guztian zehar bildutako ehunka argazki jaso ditu Hala Bedik. Hauetako batzuk aukeratu ditugu eguneko galeria kronologiko hau egiteko.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies