Iritsi da eguna. Martxoaren 8an, emakumeek* Arabako kaleak hartuko dituzte Euskal Herrian aurrekaririk ez duen Greba Feminista babestuz. Euskal Herriko Mugimendu Feministak antolatu du greba hau, baina herri eta hiri bakoitzak hartu du eguna eta antolakuntza kudeatzeko ardura. Artikulu honetan, Arabako deialdiak, grebaren xehetasunak eta gizonezkoentzako irizpideak bildu ditugu.

Abendutik ari dira eguna bera prestatzen asanblada ezberdinetan: Gasteiz, Aiaraldea, Mendialdea, Lautada… Gasteizen, adibidez, bi astetik behin bildu dira asanblada ezberdinetan, lanerako talde ezberdinak sortuz. ‘Feministok Prest!’ mobilizazioa burura datorkigu askori, baina askoz handiagoa den zerbaiten aurrean gaude. Greba Feminista egingo dute Euskal Herriko emakumeek* Martxoaren 8an.

Esan bezala, mugimendu feministak kudeatu du greba hau. Honek, nahiz eta bizitzaren arlo guztietan greba egiteko deialdia luzatu, lan eremuak eman du zeresana; zalantza asko egon dira sindikatuen jarrerarekin, ea greba legeztatuta dagoen edo ez, paroak deitu ote dituzten… Bai, sindikatuak ere greba parte izango dira. Greba eguna legeztatuta dago eta, beraz, ezin dute inolako trabarik jarri lan eremuetan. Lan eremuetan, enpresetan, hedabideetan, tabernetan, dendetan… Ez ohiko eguna izango da osteguna: greba egun bat da. Emakumeek* planto egitea erabaki dute, “gu  gelditzen bagara, mundua gelditzen delako”.

Lau ildotik haratago

Zaintza, hezkuntza, kontsumoa eta lana. Horiek dira osteguneko greban landuko diren lau ildo nagusiak:

  • Zaintza. Inguruan edo familian bertan begiratzerik baino ez dago. Nork zaintzen gaitu? Gaur egungo sistema ekonomikoak ez ditu zaintza lanak kontutan hartzen ikustezinak bihurtuz. Eremu honetako emakumeek* planto egingo dute, baloratu gabeko lan horren garrantziaz ohartarazteko.
  • Hezkuntza. Genero rolak eta estereotipoak birproduzitzen dituen sistema baten aurrean gauden heinean, irakasleek ez ezik, ikasleek ere greba egingo dute Martxoaren 8an.
  • Kontsumoa. “Kontsumoak kontsumitzen gaitu”, hori da mugimendu feministak behin eta berriz errepikatu duen leloa. Horren erakusle, Gasteizko Boulevard merkatal-zentroan egin zuen ekimena. Gune horretan, erdialdean, interneten, kanpoaldean, iragarkietan… Kultura patriarkalal emakumeen* gorputzak publizitate gisa erabiltzen dituztela salatzeko eguna ere izango da greba; baita ze motatako kontsumoa nahi dugun birplanteatzeko.
  • Lana. “Ez gaitezen horretan sartu”, horrela erantzun zion Mariano Rajoy Espiniako presidenteak kazetariak emakume* eta gizonen arteko soldata ezberdintasunaren inguruan galdetu zionean. Datu ezberdinen arabera, emakumeek* gizonek baino %32 gutxiago kobratzen dute lanordu bakoitzeko. Sexuaren araberako lan banaketa ere, egungo errealitate gordinaren parte izaten jarraitzen du. Mahairen gainean jarriko duten beste kontu bat da hau.

Baina ez da ildo horietako emakumeei* bideratutako greba bakarrik. Bai, greba bat da nahiz eta greba orokorren formatu klasikoa ez izan. Euskal Herriko gehiengo sindikalak deituta, bi lan uzte nagusi egongo dira: 11:00etatik 15:00ak arte eta 18:00etatik 22:00ak arte. Mugimendu feministak egun osoko planteamendua luzatu du, goizetik gauera bitartean egitarau osatua iragarriz. Egun osoan zehar euren komertzioa irekiko ez duten hautua hartu dute askok; horren erakusle, Gasteizko Alde Zaharreko taberna ugari.

Instituzioetara ere iritsi da greba

Greba Feministaren zabalpen handia dela eta, alderdi politiko ezberdinek ere grebarekiko jarrera azaldu behar izan dute. Gasteizko Udalari dagokionez, grebara batuko dira EH Bildu, PSE, Ahal Dugu eta Irabazi taldeetako emakumeak*. Ez dute deialdiarekin bat egingo EAJ eta PP alderdietako emakumeek*. Hala ere, jeltzaleek manifestazio nagusiarekin bat egingo dutela adierazi dute.

EAJ eta PP alderdietako emakumeek ez dute grebarekin bat egingo; EH Bildu, PSE, Ahal Dugu eta Irabazikoek, bai

Zer egin gizonezkoa bazara eta greba babestu nahi baduzu?

Mugimendu Feministak ere osteguneko greba babestu nahi duten gizonei irizpide batzuk eman dizkie. Aita bazara, adibidez, zure seme-alabetaz arduratu zaitezke eta eztabaida ezberdinetan edota ikasle greba posible egiten laguntzeko deia luzatu dute. Eta laguna bazara, zure lagunen umeak zaindu ditzakezu.

Irakaslea bazara, aldiz, zerrendarik ez pasatzea gomendatzen dute. Eta klasekidea bazara, eskolara joan behar ez duten emakume* ikaskideak eta ikasleen lanuztea babestu ditzakezu.

Kontsumo greba baten aurrean gaude. Beraz, greba babestu duten gizonezkoei ez kontsumitzeko deia luzatu diete. 

Greba egunaren aurretik eta ondoren beste gizonezkoekin bildu zaitezke, maskulinitateen inguruan hausnartzeko, lan pertsonala eta kolektiboa eginez

Egunean bertan, mobilizazioren batean parte hartu nahi baduzu, atzeko partean jartzeko deia luzatu dute, agindurik eman gabe eta laguntzeko jarrerarekin.  

Hala ere, dena ez da Greba Feministara mugatuko. Greba egunaren aurretik eta ondoren beste gizonezkoekin bildu zaitezke, maskulinitateen inguruan hausnartzeko, lan pertsonala eta kolektiboa eginez. Pribilegioetaz kontzientzia hartzeko aukera ona izan daitezke greba osteko egunak. 

Arabako deialdiak, eskualdez eskualde

Ekimen nagusiak Gasteizen zentratuko diren areen, Arabako eskualde guztietako deialdiak bildu ditugu gurea eta egunaren berri emango dugu webgunean, sare sozialetan eta kale irratsaio berezietan. Egunak, batez ere, bi bloke ezberdinetan banatuko dira: eguerdian elkarretaratzeak edo ekimen ezberdinak egongo dira eta arratsaldean, manifestazio nagusiak. Arratsaldeko hauek, mixtoak izango dira.

Gasteizko Kanpuseko emakumeek* egitarau propioa antolatu dute goizean unibertsitatean eta, beraz, ez dute mugimendu feministaren goizeko deialdiekin bat egingo. Arratsaldeko manifestaziora batzeko deia luzatu dute hala ere.

Eta greba berotzen joateko, abestia ere publikatu du Mugimendu Feministak, ‘Zutik emakumeak’ letra bertsionatuta.

 

Hala Bediko emakumeak* Martxoaren 8ko Greba Feministaren aurrean

Hala Bedik, hedabide libre eta autogestionatu gisa, martxoaren 8ko grebarekin bat egingo du, grebako jardunaren berri emateko kalera ateraz. Martxoaren 8an, Hala Bediko emakumeok* kalera irtengo gara eta gurekin batera aterako dugu irratia, egunez egun bertan egiten dugun lana bistaratuz.

Ezin dugu ahaztu hedabideetan gizonezkoen presentzia gehiengoa dela oraindik ere, bereziki lokuzioa bezalako jendaurreko lanetan. Hedabideetan parte hartzen dugun emakume* gehienok erredakzioa bezalako ezkutuko lanetan aritzen gara. Hori dela eta, Martxoaren 8an, gure gizonezko kideak izango dira erredakzioan geratuko direnak eta emakumeak kalera irtengo gara gure ahots eta irratiarekin batera.

Honetaz gain, greba egunaren informazioa guk geuk kudeatu eta analizatzeak duen garrantzia mahaigaineratu nahi dugu.

Feminismoa trasbertsalizatzeari uko egin gabe, garrantzi berezia emango diogu grebaren jarraipen komunikatiboa guk, emakumeok*, egiteari. Eguneko analisi eta irakurketak egitea guri dagokigula ulertzen dugu, hedabide andozentrista eta matxista jakin batzuek euren edukietan aurreiritzi eta estereotipo sexistak zabaltzea ekidinez. Gu izango gara, beraz, martxoaren 8an, kalera irten eta jardunaren emaitzak baloratu eta azalizatuko ditugunak.

Gauzak honela, kalean egoteak greban eta eguneko ekimenetan parte hartuko duten emakumeen lekukotzak jasotzeko aukera emango digu. Matxoaren 8an Hala Bedi Mugimendu Feministaren eta Gasteizko emakume guztien zerbitzura egongo den tresna izango da.

Sare sozialetan eta webgunean jarraipena egiteaz gain, 09:00etatik aurrera kale irratsaio bereziak egongo dira.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies