Hala Bedik, hedabide libre eta autogestionatu gisa, martxoaren 8ko grebarekin bat egingo du, grebako jardunaren berri emateko kalera ateraz.

Martxoaren 8an, Hala Bediko emakumeok kalera irtengo gara eta gurekin batera aterako dugu irratia, egunez egun bertan egiten dugun lana bistaratuz.

Ezin dugu ahaztu hedabideetan gizonezkoen presentzia gehiengoa dela oraindik ere, bereziki lokuzioa bezalako jendaurreko lanetan. Hedabideetan parte hartzen dugun emakume gehienok erredakzioa bezalako ezkutuko lanetan aritzen gara. Hori dela eta, martxoaren 8an, gure gizonezko kideak izango dira erredakzioan geratuko direnak eta emakumeak kalera irtengo gara gure ahots eta irratiarekin batera.

Honetaz gain, greba egunaren informazioa guk geuk kudeatu eta analizatzeak duen garrantzia mahaigaineratu nahi dugu.

Feminismoa trasbertsalizatzeari uko egin gabe, garrantzi berezia emango diogu grebaren jarraipen komunikatiboa guk, emakumeok, egiteari. Eguneko analisi eta irakurketak egitea guri dagokigula ulertzen dugu, hedabide andozentrista eta matxista jakin batzuek euren edukietan aurreiritzi eta estereotipo sexistak zabaltzea ekidinez. Gu izango gara, beraz, martxoaren 8an, kalera irten eta jardunaren emaitzak baloratu eta azalizatuko ditugunak.

Gauzak honela, kalean egoteak greban eta eguneko ekimenetan parte hartuko duten emakumeen lekukotzak jasotzeko aukera emango digu.

Matxoaren 8an Hala Bedi mugimendu feministaren eta Gasteizko emakume guztien zerbitzura egongo den tresna izango da!

Sare sozialetan eta webgunean jarraipena egiteaz gain, 09:00etatik aurrera kale irratsaio bereziak egongo dira.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies