Auzokide gogaikarriak etorri zaizkigu atarira. Bizilagun berriek txakurkume bat daukate eta nik gorrotatu egiten ditut txakurrak. Ezin ditut eraman haien zaunkak ezorduetan, espaloi gaineko kaka mokordoak, elkarri hankartea miazkatze lizun hori, hankari heldu eta aldaka-mugimendu espasmodikoak egiten dizkizutenean… Ezin ditut jasan. Horregatik, sinadura bilketa jarri dut abian azokoen artean, txakurraren jabea komunitatetik botatzeko. Gehiegizkoa dela pentsatuko duzue, agian. Baina esango banizue jende gehiago bildu dudala nire aldarrikapenera, eta astebururo manifestazioa egiten dugula hiriko erdigunean auzotik maskotak eta euren jabeak kanporatzeko? Nire obsesioa urrunegi eraman dudala esango zenukete, seguraski. Eta areago, esango banizue auzo-patruilak antolatu ditugula eta makilez armatuta guardia egiten gabiltzala txakurrak auzunean sar ez daitezen? Txakurfoboa eta maskotazida naizela leporatuko zenidakete, seguruenik. Eta ez hori bakarrik, esango banizue gauaren babesean patruilakide sutsuenekin txakurkumea duen bizilagunaren etxean sartu eta goitik behera txikitu egin diogula? Psikopata arriskutsu kupidagabea naizela iritziko zenukete, zalantzarik gabe.

Bada, hori guztia eta gehiago gertatzen ari da azken asteotan Gasteizen, Aztegieta auzoan, hain zuzen. Baina ez kezkatu, auzotarren gorrotoaren jomugan ez dago maskotadun hiritar bat, ijito familia bat baizik. Manzanares-Cortestarrak, Abetxuko auzunean pairatutako jazarpenetik ihesian, Aztegietara joatekoak ziren, Alokabidek esleitu zien etxebizitzaz jabetzera. Auzuneko biztanle talde batek, baina, familiaren aurkako sinadura bilketa jarri zuen abian; baina inor gutxiri iruditu zitzaion gehiegizkoa. Astebururo manifestazioak antolatzen hasi ziren hiriko erdigunean, baina gutxi izan ziren euren obsesioan urrunegi joan zirela esan zietenak. Auzo patruilak antolatu zituzten makilez armatuta ijitoak zegokien etxean sar zitezen ekiditeko; eta apenas gutxi batzuk ausartu ziren haien jarrera arrazista zela esatera. Azkenik, gauez Alokabideren etxebizitzan sartu eta birrindu egin zuten; eta apenas ez da psikopata arriskutsu kupidagabeak direla esatera ausartu denik. Ez dut uste Mazanares-Cortestarrei leporatzen dizkieten gaiztakeria guztiak egia direnik. El Correo Español egunkariak arduragabekeriaz zurrumurru horiek elikatu eta zabaldu baditu ere, ez ditut sinesten. Baina egia balira ere, berdin dit. Ijitoek ezorduetan zaunka, espaloi gainean kaka, elkarri hankartea lizunkeriaz miazkatu eta hankari helduta aldaka-mugimendu espasmodikoak egingo balituzte ere, ez da motibo arrazoizkoa familia baten aurka sorgin-ehiza bat burutzeko.

Halakoxeak dira gauzak, zenbaitek errazago sentitzen du errukia txakurkume batekin hainbat pertsonarekin baino. Dei iezadazue zoroa, dei iezadazue erromantikoa, baina nik gizatasun handiagoa onartzen diet gizakiei maskotei baino, gizaki horiek ijitoak badira ere.

Koldo Alzola

Entzun

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies