Araba Unibertsitate Ospitaleko Barne Mediku Egoiliarrek sinadura bilketa bati ekin diote, hainbat eskakizun zehatzen bidez euskaraz ikasi eta lan egin ahal izatea eskatuz, eta gaur egun horretarako dituzten traben aurrean kexa agertuz. Sinaduren bidez babesturiko idatzia Araba Unibertsitate Ospitaleko Dozentzia eta Gerentzia sailei helarazi diete.

Bidali duten gutuna osorik:

Arabako Unibertsitate Ospitaleko Barne Mediku Egoiliarra naiz. 

Gutako zenbaitek Medikuntzako ikasketak euskaraz burutu ahal izan ditugu, eta beste zenbaitek ez dute horretarako aukerarik eduki. Hala ere, denoi errealitate desorekatu bera tokatu zaigu.

Unibertsitate Ospitale honen harrera ekitaldi ia osoa gaztelaniaz izan zen.

Aipamenik ez dugu jaso ez Dozentzia zerbitzutik ezta gure zerbitzu-unitateetatik euskara planak esleitzen zizkigun eskubide eta betebeharren inguruan.

Jaso dugun formakuntza tailer oro gaztelaniaz izan da, guk geuk sortutako euskarazko sesioak salbu. 

Gure lan-tresna oro defektuz gaztelaniaz esleitu zaigu, eta gehienek oraindik gaztelaniaz diraute.

Egoiliarrok euskarazko materiala sortu nahi izan dugunean, ez zaigu inongo baliabiderik eskaini. Aldiz, dena gaztelaniara itzultzea exijitu zaigu.

Egoera honi aurre egin nahi izan diogun bakoitzean, Euskara Planaren dinamizatzaile den Euskara Zerbitzua Osakidetzako egituratik nola mugatu den eta bertako iniziatibak minimizatu, zokoratu eta ezkutatu diren ikusi besterik ez dugu egin, euskalduntze prozesuari baliabideak eta aktiboak egunez egun gutxituz.

Eskatzen du:

Euskaraz dakien Egoiliar orori euskaraz formakuntza osoa jasotzeko aukera ematea. Horretarako, euskaraz dakiten profesionalei formakuntza hori ematea erraztuz.

Euskaraz ez dakitenei berau ikasteko baliabideak jartzea eta beronek bere formakuntzan gehiegizko gainkarga ez suposatzea.

Euskaraz dakiten horiek hizkuntza berean lan egiteko trabarik ez izatea. Txostenak, interkontsultak, eboluzio-orriak, etab. euskaraz egitearren baztertuak ez izatea.

Osakidetzaren 2. Euskararen Normalizazio Plana abiapuntu hartuta, berau betetzea:

  • Egoiliar berrientzako ate irekietan euskarazko harrera ekitaldiak sortzea, haiek lehenetsitako hizkuntzan izan daitezen.
  • Egoiliar berriei euskarazko harrera eskuliburua iritsaraztea, non hizkuntza-irizpideen berri emango zaien.
  • Etengabeko prestakuntza-eskaintza euskaraz bideratzea.
  • Zerbitzu-erakunde bakoitzeko harrera hautatutako hizkuntzan bideratzeko baliabideak jartzea.
  • Zerbitzu-erakundeek antolatutako prestakuntza espezifikoan (tailerrak, ikastaroak, saio klinikoak…), euskarazko prestakuntza-saioen kopuruak zerbitzu erakundeko langile gutxienez elebidunen portzentajearen parera iristea.
  • Tutore esleipenean hizkuntza irizpideak erabiltzea

Gutun honek erantzun bat jasotzea nahi dut, eta Dozentzia taldeak / Gerentzia taldeak eskaera guzti hauei buruz duen informazio, aurreikuspen eta asmoak jakin nahi nituzke.

Euskalduna naizen heinean nire lankideen eta nire eskubidea delako Euskal Herriko Osasun Zerbitzua deritzonean euskaraz ikasi eta lan egitea.

Egoiliarrek hainbat pankarta jarri dituzte azken egunetan, eskakizunak azalduz.

 

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies