Otsailaren 24 eta 25ean egingo da “kontsumitzen duguna gara, bizitzeko alternatibak” lelopean. Aiaraldea Ekintzen Faktoriak antolatuko du egitasmoa, Gardea industriaguneko 4-8 pabilioian. Faktoriako lehen ekintza publikoa izango da, eta bizitza zein kontsumo alternatibak plazaratzea izango du helburu, eskualdean mota horretako proiektuak elkarlanean garatzeko topagune bihurtzea azoka.

Aiaraldea.eus bidez

“Aiaraldeko l. Azoka Soziala” aurkeztu du Ekintzen Faktoriak, bizitzeko alternatibak plazaratzeko

Indartsu hasiko Aiaraldea Ekintzen Faktoriak bere ibilbidea. Aurkeztu du dagoeneko bere lehen ekintza publikoa: Aiaraldeko I. Azoka Soziala. Otsailaren 24 eta 25ean egingo da zita, eta bizitza zein kontsumo alternatibak izango ditu hizpide, mota horretako proiektuak garatuko baititu Faktoriak aurrerantzean.

Egitarau oparoa

Egitarau anitz eta oparoa prestatu dute otsaileko azken astebururako. Larunbatean tokiko ekoizleen eta proiektu eraldatzaileen azoka egingo dute. Aurkezpen maratoia ere prestatu dute, bizitzako hainbat esparrutan eragiten duten egitasmoak ezagutzera emateko: moneta sozialak, etxebizitza komunitarioak, energia berriztagarriak, eskola jantokiak, banku eta kreditu entitate etikoak… Makina bat ekimenen berri izateko parada egongo da, eskualdean antzeko proiektuak garatzeko inspirazio iturri izan daitezen.

Umeen espazio propioa

Gainera, umeek euren espazio propioa izango dute, hainbat ekintzekin. “Txef” txikien topaketa izango da horietako bat: haurrek osagaiak bilatu beharko dituzte azokan, gerora bazkaria prestatzeko. Halaber, ogia ekoizteko tailerra  edukiko dute, besteak beste. alabaina, jarduera horietan parte hartzeko aurretik izena eman beharra dago.

Moneta propioa
Tokiko eta garaiko produktuak ekoizleen eskuetatik zuzenean eskuratzeko dira larunbateko azokan. Salerosketak, baina, ez dira euroen bidez gauzatuko. Txanpon propioa izango du azokak: “Aikoa”. Moneta sozial berezia izango da, euroarekin trukatzean, pertsona bakoitzak “aiko” kopuru ezberdina jasoko duelako: errenta baxuena duten herritarrek jasoko dute txanpon gehien, egunerokoan ematen diren ezberdintasun ekonomikoak arintzeko.

Bazkalostean dokumental proiekzioak eta mahai-ingurua izango dira nagusi. Iluntzean amaituko da jardunaldia, eskualdeko hainbat musikariren saio inprobisatuarekin.

Truke azoka, igandean
Igandean, aldiz, truke azoka atonduko dute Faktorian. “Kontsumo eta truke eredu ezberdinak probatzea izango da egitasmoaren xedea”, azaldu du azokaren antolakuntzan murgildua dagoen Garrastatxu Landaluzek. Parte hartu nahi duen orok aurretik eman beharko du izena, “eramaten diren objektuak egoera onean egotea izango da baldintza bakarra”.

Landaluzeren hitzetan, hiru modu egongo dira trukerako. “Truke-zuzena” izango da horietako bat: bi pertsonek gauzak elkarren artean partekatzea, alegia. Eskaintza “monetarizatzea” izango da bigarren aurkera, “aiko” txanpona baliatuta. Horrez gain, “truke-librerako” gunea eratuko dute: “Objektu bat utzita beste bat hartzeko aukera egongo da txoko horretan”.

Umeek ere parte hartu ahal izango dute ekimenean, beste haur batzuekin edota helduekin eurena konpartituta. “Haurrak guztiz libreki jardutea da helburua, euren irizpide propioen arabera jokatzen utziz”, erantsi du Landaluzek. Dinamika batzuk egingo dituzte horri begira, “euren menpekotasuna txikiagotzeko”.

Antolatzaileek nabarmendu dute gauza “ez-materialak” ere aldatu daitezkeela azokan. “Zerbitzuak eskaini ahalko dira, beste zerbitzu edo objektu baten truke”.

Ekimenak harrera ona izango duelakoan dago Landaluze: “Herrik herri gabiltza eragile eta norbanakoei azokaren nondik norakoak aurkezten, eta nabari da horrelako egitasmoekiko interesa dagoela eskualdean”.

EGITARAU OSOA

OTSAILAK 24, LARUNBATA

10:30 // Azokaren irekiera ekitaldia
Aikoaren, azokako moneta sozialaren aurkezpena

HAURRENTZAKO JARDUERAK 
10:30-14:00 Tailer eta jolasak haurren espazioan

10:45-14:00 // Txef txikien topaketa azokako ekoizleen lehengai ekologikoekin, 4-12 urte bitarteko haurrei zuzendua

11:30 // Ogi tailerra labe mugikorrean eta hamaiketakoa

PROIEKTU ERALDATZAILEEN AURKEZPENAK
11:00 // Moneta sozialak

11:15 // KOOP57 -Finantza etiko eta solidarioa eskaintzen duen erakundea-

11:30 // FIARE -Banku etikoa-

11:45 // Koop Fabrika -Ekonomia sozial berria eta ekintzailetasun soziala sustatzeko programa-

12:00 // Azokako ekoizleak

12:15 // Goiener -Energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatiba-

12:30 // Izarkom -Euskal Herriko Telekomunikazio Operadore Kooperatiboa-

12:45 // La Borda -Sants auzoko (BCN) etxebizitza kooperatiba-

13:00 // Oreretako gazteentzako etxebizitza komunitarioak

13:15 // Olgeta -Haur zein helduentzako jolaserako baliabide zerbitzua-

 13:30 // Ekoizleen aurkezpenak

13:45 // Bertakoa indartuz -Larrabetzuko elikadura burujabetzaren aldeko ekimena

14:00 // Eskola jantokiak: Jangurie

14:15 // Dame veneno kanpainaren aurkezpena

14:30 // Azokako Clowndorioak, Badut konpainiaren eskutik

15:00 // BAZKARIA -Haurrak eta helduak- eta produktuen azalpena

HAURRENTZAKO JARDUERAK
16:00 // Tailer eta jolasak haurrentzako espazioan 
17:00 // Askaria 
17:30 // Ipuin kontalaria

16:30 // Urduña, etorkizunera bueltan II. partea dokumentalaren estreinaldia 
-Urdunako Trantsizio agroekologikoa eta herriak elikadura burujabetzarantz egiten ari den bidea, jasotzen dituen dokumentala (22min)-

17:00 // Mahai-inguru irekia: “Eskualde baten autoeraketa ekonomia sozial eraldatzailearen eta elikadura burujabetzaren norabidean”

Beñat Irasuegi -Olatukoop sareko kidea, ekonomia sozial eraldatzailea-
Miren Prieto -Lakari kooperatibako kidea, agroekologia-
Amaia Oleaga -Talaios kooperatibako kidea, feminismoa-

19:00 // Kontzertu inprobisatua eskualdeko hainbat musikariekin

OTSAILAK 25, IGANDEA

09:30-10:30 // Truke postuen antolaketa (parte hartzeko izena eman beharra dago).

10:30-15:00 // Truke merkatuaren irekiera, espazioen eta denbora trukerako dinamikaren azalpena

10:00 // Haurren jolasgunearen irekiera (15:00ak arte egongo da irekita)

10:00 // Garagardo tailerra:
“Aiaraldea” garagardoaren lehen ekoizpen txikia egingo da. Tailerrak 6 ordu inguruko iraupena izango du 
eta parte hartzeko izena eman beharko da.

10:30 // Truke oparien jolasa

11:30 // Arropa birziklapen tailerra

12:30 // Egurrezko jostailuen tailerra haurrentzat, Felix Pikatzarekin

13:30 // Energia berriztagarriak sortzeko tailerra

15:00 // Truke Egunaren amaiera

Ondorengo eragile eta ekoizleek parte hartuko dute azokan:

  1. REAS EUSKADI
  2. OLATUKOOP + TALAIOS
  3. KOOP FABRIKA
  4. BATURA
  5. KOOP57
  6. FIARE
  7. IZARKOM
  8. GOIENER
  9. BERRIZTU
  10. EKHIA
  11. LA BORDA KOOP (Bideo-konferentziaz)
  12. HIRITIK AT
  13. TRUCAREC
  14. FELIX PIKATZA 
  15. OLGETA
  16. BERTAKOA INDARTUZ
  17. JANGURIE
  18. VSF-JUSTIZIA ALIMENTARIA

EKOLOGIKOAN LAN EGITEN DUTEN TOKIKO EKOIZLEAK

  1. LAUDIONEGIN
  2. ARRAULTZAK, SALDA: OILOBIDE
  3. OILASKOAK: OLETA
  4. OGIA: MONIKA ETA EDORTA
  5. MERMELADAK ETA ZUKUAK: TOLOGORRI
  6. KONTSERBAK: ALBERTO CAMPO
  7. EZTIA: IÑIGO MACIAS
  8. PASTA: LAU HAIZE
  9. GAZTA + TXAKOLINA: IKER ULIBARRI
  10. TALO EKOLOGIKOAK: JULEN HERNANDEZ
  11. IZA OKINDEGIA
  12. JON LEKANDA
  13. TXEMI ATXA
  14. ZAIRA NEGUTEGIA

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies