Gorbeialdeko herrietan hileroko saioak egingo dituzte, Bego Etayorekin; lehenengoa, otsailaren 16an. Aurkezpena egitearekin batera aurreneko irakurgaia banatuko dute. Gazteleraz izango da, baina aurrerago euskarazko taldea sortzeko asmoa ere badute.

goiena.eus bidez

Laia eskolak –Arabako emakumeen jabekuntzarako eta berdintasunerako eskola– antolatuta eta Ordu bioleta goiburuarekin, irakurle feministen kluba jarriko dute martxan Gorbeialdean hilaren amaieran. Zuiako udaletxean izango da lehen saioa, eta handik aurrerakoak izena ematen dutenen bizilekuen arabera egingo dira, herri batean edo bestean.

Emakumeentzako saioak izango dira. Saioak gidatuko dituen Bego Etayok badu eskarmentua horrelako langintzetan, urteak daramatza-eta Gasteizen halako klub bat gidatzen. Hango ereduarekin zabaldu zuten iaz ekimena herrialdean barrena. Gorbeialdeko Kuadrillako Berdintasun teknikari Araitz Palaciosen arabera, ekimen hau “berdintasun arloan estrategikoa” da Arabarako.

Arrakastaz jarri zuten martxan beste hainbat kuadrillatan, eta Gorbeialdera iritsi da orain: “Emakume asko apuntatu dira besteetan, eta nahi genuke hemen ere ahalik eta emakume gehien erakartzea”, dio. Irakurgaiak askotarikoak izango dira: “Gehienbat, eleberriak izango dira, baina saiakerak-eta ere izango dira; hain justu, aurrenekoa saiakera izango da”. Genero bateko edo bestekoak izan, feminismoaren ikuspuntutik aztertuko dituzte liburu guztiak.

Kluba ez da bakarrik irakurketarako izango, baizik eta, baita ere, “emakumeak biltzeko, eta berdintasunaren inguruko hausnarketa eta eztabaida sustatzeko”; feminismoaren esparruan emakumeak formatzea ere bada helburua, finean: “Emakumeen kontzientzia kolektiboan sakontzeko aukera emango diguten nobelak, saiakerak, iritziak… deskubrituko ditugu. Kontua da testu hauek modu pertsonalean eta intimoan irakurriz ikastea, baina baita gure hasierako inpresioa besteen ekarpenekin osatzea ere. Halaber, feminismoaren gaineko prestakuntza ere jasoko dugu, eta feminismoak gure bizitzak aberasteko moduak ikusiko ditugu”.

Maiatzera arte Hasiera batean, maiatzera arte dago antolatuta ekimena –hileko laugarren astelehenetan izango da–, baina asmoa bada urte amaierara arte ere jarraitzea, uda ostean berriz heltzea. Hizkuntzari dagokionez, gazteleraz hasiko dira –bai irakurgaiak eta bai saioak–, baina nahi dute aurrerago euskarazko taldea ere sortzea Gorbeialdean –Gasteizen, adibidez, badago–. Lehenengo saioa Zuiako udaletxean izango da, hurrengo barikuan 18:00etatik 20:00etara. Izena emateko: berdintasuna@ gorbeialdea.eus eta 945-43 01 67. Hogei lagunez osatutako taldea izango da gehienez.

Laia eskola, urtebete lanean

Berdintasunaren alorrean Araban erakundeetatik antolatzen diren ekimenak gauzatzeaz arduratzen da Laia eskola. 2017 hasieran jarri zuen martxan Aldundiak, eta 300dik gora ekintza egin zituzten iaz: “Gorbeialdeko kasuan, Irantzu Varela etorri zen Zuiara; edo Aramaion autodefentsa ikastaroa egin zen azaroan”, dio Kuadrillako Berdintasun teknikari Araitz Palaciosek. Aldundiaren ildo estrategikoa da berdintasunarena: “2016an adostu zen Arabako IV. Berdintasun Planaren inguruan herrialderako jabekuntza eskola sortzea; Gasteizkoa bazegoen, baina Kuadrilletan ere behar zen”.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies