Julen Ibarrolari (Amurrio, 1993) urtebeteko kartzela zigorra ezarri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak, errotulki batekin pintaketa bat egiteagatik. Terrorismoa goratzea leporatzen diote. 

Aiaraldea.eus bidez

Errotulki batekin egindako margoketa bat dela-eta espetxeratuko zaituzte. Zelan zaude?

Ba beno, zer esango dizuet! Egia da egoera askotan handi geratzen zaidala, baina orain garrantzitsuena familia, lagun eta ingurukoekin egotea da; indartsu eta batuta egotea. Urtebete eman beharko dut kartzelan, espetxean hamarkadak daramatzaten euskal herritar ezberdinekin alderatuta, gaitzerdi.

Terrorismoa goratzea leporatzen dizute…

Bai, terrorismoa Euskal Herrian gazte mugimenduan parte hartzea da, ikastetxean hezkuntza herrikoi eta euskaldun baten alde lan egitea, greba orokorretan piketeetan parte hartzea… Ezin da gutxiago espero Audientzia Nazionala bezalako salbuespenezko auzitegi batengandik. Herrien askatasunaren aurka lanean egoteko sortua izan zen 1977an, Franko hilda zegoela, baina oso ondo lotua utzi zuen.

“Urtebete eman beharko dut kartzelan, espetxean hamarkadak daramatzaten euskal herritar ezberdinekin alderatuta, gaitzerdi”

Negargarria da 2018an oraindik ere frankismoaren ADNa duen auzitegi batek euskal herritarrak epaitzen eta zigortzen jarraitzea… Hemendik Auzitegi Nazionalari esan nahiko nioke aski dela, garaia dela disolbatu eta armak entregatzeko.

Zein izan da epaia atera arteko kasuaren ibilbidea?

Duela 3 urte edo hasi zen prozedura: errotulki batekin margoketak egiteagatik auziperatu nindutenean. Auzitegi Nazionalean deklaratu eta epaitu ostean, urtebeteko kartzela zigorrarekin kondenatu naute.

Aurretik ere Auzitegi Nazionalean egona naiz Amurrioko beste gazte batekin, margoketak egiteagatik inputatu gintuzten orduan ere, baina absolbitu egin gintuzten. Gure aurkako froga bakarra Laudioko komisaldegian ezagunak ginela izan zen.

“Landazuriko okupazioan parte hartzeagatik jada kondenatua egotea hartu dute nire zigorra ez suspenditzeko aitzakia moduan”

Gaztetxearen okupazioagatik ere kondenatu zintuzten, ezta?

Bai. Horren aurretik Amurrioko Gazte Asanbladako hainbat kide zigortu gintuzten “Landazuri” gaztetxearen okupazioagatik; hori hartu dute gainera nire zigorra ez suspenditzeko aitzakia modura… Tamalez ohituak gaude Euskal Herriko gazteok holako egoerak egunerokotasunean jasatera.

“Julen Libre!” plataformaren arabera, herri mugimenduetan aritzeagatik kartzelaratu nahi zaituzte. 

Bai, argi eta garbi dago erabaki judizial honen atzean erabaki politiko bat dagoela eta erabaki politiko hori militantzia politikoa zigortzea dela. Zenbat ustelkeri kasu ikusten ditugu egunero telebistan? Zenbat eraso sexista jasaten dituzte emakumeek egunero? Zenbat lan erailketa daude urtero Euskal Herrian? Zenbat jende bizi da kalean eta errekurtsorik gabe gure herrietan? Zenbat lagun utzi dituzte banketxeek etxerik gabe eta kalegorrian? Zenbat gazte daude muturreko egoeretan bizitzen, edo modu oso prekario batean lan egiten soldata miserable baten truke? Non daude honen erantzuleak? Kartzelan? Ez, jakina. Guzti horiek kartzelan egotetik urrun daude, eta saritu egiten dituzte gainera.

Nik badakit zergatik noan kartzelara, eta oso harro nago egindako lanaz; ez nintzateke hain harro egongo kalean egon eta aurreko galdera guztien erantzulea izango banintz…

Zein da, zure ustez, atxiloaldiarekin bilatzen duten helburua?

Helburuak argiak dira: alde batetik, datozen gazte belaunaldiei beldurra zainetaraino sartzea; ez konprometitzea, indibidualistak eta sumisoak izatea. Eta, bestetik, urteetan zehar herriko gazte mugimenduan egindako lana zigortzea. Inozoa izan behar da ni kartzelan sartzeagatik hau lortuko dutela pentsatzeko…

“Nik badakit zergatik noan kartzelara, eta oso harro nago egindako lanaz”

Elkartasun keinu ugari jaso dituzu herritar eta eragileen aldetik…

Bai. Egia esan, sekulako indarra ematen dit elkartasun uholde honek, momentu baxuenetan egindako lanaren berrespenera narama. Lasai eta indartsu noa kartzelara, badakit herri osoa dudala atzean, horrek emango die min gehien. Eskerrak eman nahi dizkiet niri elkartasuna helarazi didaten guztiei, plataforman egunero lanean daudenei eta lagunei; lan handia egiten ari dira eta oso eskertzekoa da.

Igandean bukatuko zaizu ziegan aurkezteko epea. Zein mezu nahiko zenuke zabaldu?

Lanean jarraitzea. Badakigu Espainian jarraitzen dugun bitartean holakoak gertatuko zaizkigula behin eta berriz. Nirea ez da kasualitatea ezta kasu isolatu bat, guzti hau estatu faxista baten katearen katebegi bat soilik da. Presoen egoera larria, pentsioen erreformak, hezkuntzaren pribatizazioa, gazteriaren prekarizazioa, 155. artikulua… hori da Espainiar estatua, ez gaitezen engaina. Guzti honi buelta emateko dugun tresna bakarra prozesu independentista bururaino eraman eta Euskal Herriaren bakea eta askatasuna eskuratzea izango da, horretarako edukiko ditugun zailtasun eta oztopo guztiekin, jakina.

 

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies